Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.
Kapela: 6 cm-tik 10erako diametrokoa, baina 12 cm-ra irits daitekeena. Haragitsua, hasieran kanpai-antzekoa, gero ganbila eta azkenean laua. Lehorrean matea da eta hezetasunean distiratsua. Hori-okrea edo larru kolorea du, eta hasieran erdian errezel irintsu zuri batez estalia dago, errezel orokor irintsuaren hondarrak dira; zahartzean, ertzak zimurtu egiten dira, eta hortik dator caperatus izena, zimurtua dela esan nahi du.
Orriak: itsatsiak-eskotatuak, ertz dentikulatu samarrarekin. Horixkak eta zahartzean okre kolorera bihurtzen joaten direnak.
Orri dekurrenteak: Hanka ukitzeaz gain, beherantz jarraitzen duten orriak.
Hanka: Zilindrikoa, sendoa eta betea, erraboildun samarra oinarrian eta gainazala ildaskatua luzetara. Nahiko goian, zuri-horixka koloreko, mintzezko ildaskatua den eraztun bat darama.
Haragia: Mehea, kolore zuri-horixkakoa, batzuetan orban biolazeoekin. Usain nabarmenik gabe eta zapore atsegina eta gozoa du. Ura horiz koloreztatzen du.[2]
Etimologia:Rozites generoa, Ernest Roze botanikari eta mikologo frantsesari eskainitakoa da. Caperatus epitetoa berriz latinezko “caperatus” hitzetik dator, “zimurtua”, kapelaren itxuragatik.
Jangarritasuna
Oson jangarri ona da, baina larbek eraso egiten diote maiz. Oina haritsua da eta botatzea gomendatzen da. Ozpinetan eta oliotan ezin hobeto kontserbatzen dira.[3]
Nahasketa arriskua
Hori koloreko Cortinarius batzuekin. Zilar koloreko errezelak tonu moreak izan ditzake kapelaren erdian, normalean honek Cortinarius-etatik bereizteko aukera ematen du.[4]
Sasoia eta lekua
Udan eta Udazkenean, normalean taldekoia da, eta, batzuetan, ale askoko taldeak osatzen dituzte, baina ez multzo soropildu handietan. Nahiago ditu basoetako leku goroldiotsuak, bai pinu eta izeien basoetakoak, bai hosto-zabaletakoak, batez ere pagoetakoak.[5]
Banaketa eremua
Kanada, Alaska, Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Costa Rica, Kolonbia, Islandia, Europa, Errusia, Japonia, Taiwan, Côte d'Ivoire.[6]
Espeziearen egoera
Aranzadi Elkartearen arabera, errozitea desagertzeko arriskuan dauden onddoen eusko-kantauriar Zerrenda Gorrian dago.[7] Azken urteotan mikologia adituek onddo batzuen beherakada kuantitatibo eta kualitatibo handia egon dela ohartarazi dute. Adituen esanetan, egoera honek hainbat eragile ditu, tartean klima aldaketa, pestiziden erabilera eta bilketa masiboak.