AgaricusAgaricaceae familiako onddoen genero bat da. Mundu osoan banatutako 300 espezie inguruz osatuta dago, eta haien artean batzuk perretxiko jangarriak izaten dira (esaterako Agaricus campestrisbarrengorria), baina beste batzuk pozoitsuak dira (adibidez Agaricus xanthodermus).
Ezaugarriak
Genero honetako basidiokarpoek txapela (edo pileo) haragitsua, oina (edo estipea) eta lamina askeak edukitzeagatik defini ditzakegu, adiera zabalean. Perretxiko heterogeneoak dira: laminak estipetik libre egongo dira. Lamina hauetan esporak garatuko dira, eta bertatik askatuko dira. Normalean, esporak marroi-beltz kolorekoak izango dira, eta hori dela-eta, laminak perretxikoaren heldutasunean belztu edo ilundu ohi dira[1].
Sarritan, Agaricaceae familiako kide asko bezala, perretxikoek eraztuna aurkeztu dezakete oinaren erdialdean, garapen parabelangiokarpikoaren ondorio bezala.
Komertzializazioa
Genero honen barruan, Agaricus bisporus (barrengorri ere deitua) espeziea bereziki aipagarria da, komertzialki balore garrantzitsua hartu duelako. Bere jatorria Europako eta Ipar Amerikako larreetan dauka, baina gaur egun 70 herrialde baino gehiagotan dago kultibatuta eta komertzializatuta [2].
Ikusi izan da A. bisporus ale “basatiak” eta kultibatutakoek kolore desberdinak gara ditzaketela, 1926an garatu eta komertzializatu zen mutazio baten eraginez[3] .
A. campestris eta A. sylvaticus onddo jangarriak dira, mendian topatu daitezke. A. campestris larreetan topatu daiteke, Abuztu-Urria aldera, eta A. sylvaticus konifero-basoetan topatu daiteke, askotan taldekaturik.
Agaricus xanthodermus perretxiko toxikoa da eta ez da kontsumoa gomendatzen. Nahiz eta A. arvensis-ekin nahastu daitekeen, identifikazioa nahiko erraza da: A. xanthodermus-ek kontaktu-guneetan kolore hori bat garatzen du, bereziki estipe aldean. Gainera, usain desatsegin bat izan ohi du.