Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.
Ezko gibel-gorria (Hygrophorus russula) Hygrophoraceae famialiako onddoespezie bat da.[1] Kapelaren azala kendu eta azukrearekin, mingostasuna disimulatu daiteke.
Deskribapena
Kapela: 6 eta 12 cm bitarteko diametrokoa, ertza biribildua du, erregularra gaztetan eta zahartzean uhindua. Azala erraz bereizten da, likatsua, gorri-ardo kolorez zikindua, ilunagoa erdian, eta pikor arre-purpura kolorekoez estalia.
Orriak: Zabalak, nahiko estu, lodiak, Itsatsiak edo zertxobait dekurrenteak, zurixkak, baina kapelaren kolorez zikinduak.
Orri dekurrenteak: Hanka ukitzeaz gain, beherantz jarraitzen duten orriak.
Hanka: Betea, sendoa, gogorra, lehorra, batzuetan kurbatua, pixka bat lodiagoa erdian eta oinarrian mehetua; zurixka, baina ardo kolorez zikindua.
Haragia: Zuria, arrosa ebakitzean, irmoa eta trinkoa, usain leuna eta zapore mikatz samarra.[2]
Etimologia:Hygrophorus hitza grekotik dator, heze eta ekarri beharreko "phoréo"-tik, hau da, hezetasuna bildu eta kontserbatzen duenetik. Russula epitetoa latinetik dator, gorria esan nahi duen "russus" hitzetik. Bere arrosa koloreagatik.
Jangarritasuna
Dastatu daiteke, baina ez da kalitate handikoa.[3]
Nahasketa arriskua
Hygrophorus erubescens delakoaren antzekoa da, baina hau lerdenagoa da, zapore mikatzekoa eta koniferoen azpian ateratzen da. Hygrophorus purpurascens espezieak ere badu antza, honek kolore gorrixka du, eta, gaztetan, oinean ikusten den eraztun itxurako gortina txiki bat du. Hygrophorus persicolor, lerdenagoa da eta kolore arrosagoa du. Hygrophorus capreolarius-ek orriak purpura ilun kolorekoak edo marroiak izaten ditu.[4]
Sasoia eta lekua
Urria eta Abendua bitartean ateratzen den espezie berantiarra da, hostogalkorren azpian batez ere.[5]