Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.
Esneki laranja (Lactarius aurantiacus) Russulaceae familiako onddo bat da.[1] Jangarri oso kaskarra.
Deskribapena
Kapela: 2 eta 6 cm. arteko diametrokoa, bola formakoa, gero ganbila eta titi kamuts eta zabalarekin. Bere ertz mehea hasieran makurtua eta gero zuzena eta uhindua. Azala laranja edo laranja-gorrixka da, ez dago zonatua eta bazterrak argiagoak ditu.
Orriak: Itsatsiak edo dekurrenteak, estu eta meheak, krema kolorekoak, gero laranjara pasatzen direnak, orban gorrixkekin eta esporetako hauts zurixkarekin.
Orri dekurrenteak: hanka ukitzeaz gain, beherantz jarraitzen duten orriak.
Hanka: Luzea eta bihurgunetsua, meheagoa oinarrian eta goian, liraina, laster hutsik, laranja kolorekoa, kapelaren antzekoa eta pruina zuri-grisaxka batekin. Erraz hausten da klarionsa balitz bezala.
Haragia: Krema kolorekoa orban arrosekin eta samurra. Usain nabarmenik gabea eta zapore mingotsekoa.
Esne zuria eta ugari eta ez da kolorez aldatzen, hasieran gozoa eta gero oso mingotsa.[2]
Etimologia:Lactarius terminoa lac, lactis, esnetik dator; esneari dagokio. Latex-a jariatzen duelako ebakitzean edo haustean. Aurantiacus berriz laranja koloreagatik.
Jangarritasuna
Jangarri oso kaskarra. Bere zapore minagatik ez du balio jateko.[3]
Nahasketa arriskua
Lactarius mitissimus bezalako kapela laranjadun beste Lactarius batzuekin, batez ere hosto-erorkorretan ateratzen delako eta zapore gozoa edo apur bat garratzagatik bereizten da.[4]
Sasoia eta lekua
Gehien pinudietan ateratzen da, baina baita hostoerorkorren basoetan ere, hala nola haritz, pago, eta abarretan.[5]