Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.
Kanpaitxo lingirdatsu horixka (Mycena epipterygia) Mycenaceae familiako onddoespezie bat da.[1] Ez du kontsumorako balio, haragi oso urria du.
Deskribapena
Kapela: 1 eta 1,5 cm arteko diametrokoa, kanpai itxurakoa, ertza oso ildaskatua du eta koskadun mintz batekin luzatua. Azala hasieran horixka da eta ondoren ertzean zurixka, arre koloreko tindu batekin erdian. Kapela osorik altxa daitekeen gelatinazko geruza garden batez estalita dago.
Orriak: Zurixkak, estu, oso goranzkoak, oso itsatsiak edo untzinatuak. Ertzak harizpi gelatinoso bat du, erraz bana daitekeena.
Hanka: Kolore hori bizikoa goialdean, baina oinarrirantz zurbildu egiten da. Gainazala likatsua du, pruina fin batekin eta distiratsua.
Haragia: Oso mehea, usain gutxikoa, eta zapore leunekoa, irin zaharra gogorarazten duena.[2]
Etimologia:Mycena terminoa latinetik dator, perretxikoa, onddoa, "vitis" hitzetik, xirmendu esan nahi du. Oin luze mehe eta malguari egiten dio erreferentzia. Epipterygia epitetoa grekotik dator, gainean esan nahi duen "epi" hitzetik eta hegala, babestua, esan nahi duen "Pterix" hitzetik. Oina geruza likatsu batez estalita eta babestuta dagoelako.
Antzekoak dira Mycena epipterygioides eta Micena viscosa. Mycena strobilicola udaberriko espeziea da, izei-estrobiloen gainean ateratzen dena, errefau usaina du eta grisaxka-arrea da.[4]
Sasoia eta lekua
Oso arrunta da hostoerorkorren eta koniferen basoetako goroldiotan, mota guztietako lurretan, baina batez ere silizeo lurretako pinudietan.[5]