Lizar-ardagai iletsua (Inonotus hispidus) Hymenochaetaceae familiako onddoespezie bat da.[1] Gogorregia eta larrukara sukaldean erabiltzeko. Usteldura zuria sortzen du. Printzipio psikoaktiboak ditu. Sendagarri bezala erabili izan da, minbizien eta urdaileko ultzeren aurka. Tindagai marroiak lortzeko ere bai.
Deskribapena
Kapela: 10 eta 30 cm artekoa, lodia, ile hirtsutuz josita, dimidiatua, hasieran hori-herdoil kolorekoa, gero arrea, azkenik, ia kolore beltza hartzen du.
Tutuak: Luzangak eta marroiak.
Poroak: Biribilak, txikiak; perretxikoa gaztea denean, hori-lehoi kolorekoak, gero arre-marroiak bihurtzen dira.
Haragia: Gaztea denean, haragi horixka du, harroa eta urez betea, zahartzean lehortu egiten da, hauskor bihurtzen da eta arre-herdoil kolore bat hartzen du.[2]
Etimologia:Hispidus epitetoa latinetik dator, ilelatz, ilezurrun, esan nahi duen "hispidus" hitzetik. Kapelaren goiko azalaren ile nabarmenengatik.
Inonotus tamaricis eta makaletan hazten den Inonotus rheades delakoekin nahas daiteke. Kapelaren ile tenteak ikusten badira, ez da erraza beste Polyporus batzuekin nahastea.
Sasoia eta lekua
Urte osoan, baina udan ateratzen da batez ere, hainbat hostogalkorren enborretan: sagarrondoetan, intxaurrondoetan, zumarretan, lizarrondoetan, pagondoetan, etab.[4]
Banaketa eremua
Ipar Amerika, Europa, Errusia, Japonia, Kazakhstan, Kaukasia.