Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.
Ziza eraztun-horia (Tricholoma cingulatum) Tricholomataceae familiako onddo bat da.[1] Jan daiteke, baina kontuz. Oso urria da; beraz, babestu beharreko espezietzat hartu behar litzateke.
Sinonimoa: Tricholoma ramentaceum.
Deskribapena
Kapela: 4 eta 7 cm bitarteko diametrokoa, konikoa, puntadun samarreko titi batekin, gaztetan ertza biribilkatu samarrekoa eta gero inkurbatua. Azal fibrilosoa, gutxi bereizia, batzuetan ertzean izan ezik. Gris-sagu kolorekoa, ilunagoa erdian eta zurixka edo zilar kolorekoa ertzean, zahartzaroan pixka bat horitu egiten da. Perretxikoa gaztea denean, errezel partzialaren hondarrak geratzen dira ertzean.
Orriak: Ez oso estu, sabeldun samarrak, eskotatuak, gris argi kolorekoak, helduaroan ertza zertxobait horitu egiten zaie.
Orri eskotatuak: Oinera Iritsi baino lehentxeago eskote txiki bat duten orriak.
Hanka: Zilindrikoa edo pixka bat borra formakoa beheko muturrean, haritsua, zurixka edo gris argia, leuna goiko aldean, goiko herenerantz gaizki mugatutako eraztun kortiniforme batekin, segituan beherantz, osatu gabeko gris ilun samar koloreko besokoekin.
Haragia: Zurixka. Irin usain ahula eta iheskorra du, zaporea ere irinarena, baina pixka bat mingotsa.[2]
Etimologia:Tricholoma terminoa grekotik dator, ilea, txirikorda, lumatxarekin tolesturan zehar, nahiz eta espezie gutxi batzuek baino ez dituzten iledun kapelak. Cingulatum epitetoa berriz latinetik dator, gerria esan nahi duen "cingulum" hitzetik. Eraztun bat duelako.