Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.
Astaputz erraldoia, putzaundia, otsoputz handia (Calvatia gigantea) Agaricaceae familiako onddoespezie bat da.[1][2] Gaztetan gleba zuria denean jan daiteke, baliteke propietate sendagarriak izatea ere, baina kontuz, metalak xurgatzen ditu. Espezie hau maiz agertzen da komunikabideetan, tamaina ikusgarria duelako.
Karpoforoa: Oso handia, globo itxurakoa eta hanka gabea. Diametroa 65 cm-koa izan daiteke eta 25 kg hartu dezake. Bere tamainagatik, urtero espezie bitxi gisa egunkarietan agertzen dena da. Oinarria antzua da, eta zahartzean belardietan lehortzen da. Karpoforoak, gaztea denean gleba zuri bat du eta zahartzean berde-horixka koloreko hauts-itxurako masa baten bihurtzen da.[3]
Etimologia:Calvatia hitza "calvus" hitzetik dator, burusoila, hau da: garezur baten antza duen onddoa. Maximun epitetoa latinetik dator, handiena esan nahi duen "Maximus" hitzetik. Neurri oso handia duelako.
Jangarritasuna
Perretxikoa zuria den bitartean jan daiteke. Bere ahaideak Lycoperdon generoko espezieak bezala, gozoenak frijituta dira. Aragoiko Pirinioetan, xerra bat mozten diote kontsumitzeko, eta gainerakoa zelaian uzten dute astaputza atera gabe, hurrengo egunetarako.[4]
Nahasketa arriskua
Tamaina handikoa izanik, ez da erraza nahastea.[5]
Sasoia eta lekua
Udan eta udazkenean. Zelaietan, belardietan eta lorategietan.[6]
Banaketa eremua
Ipar Amerikako ekialdea, Europa, Erdialdeko Amerika, Asiako iparraldea, Australia, Zeelanda Berria, Malaysia, Benin, Aljeria.[7]
Taxonomia eta nomenklatura
Espeziea 1786an deskribatu zuen lehen aldiz August Batsch naturalista alemanak, Lycoperdon giganteum izenarekin.
Erreferentzia
↑Colmeiro, Miguel: «Diccionario de los diversos nombres vulgares de muchas plantas usuales ó notables del antiguo y nuevo mundo», Madrid, 1871.