Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.
Gibelurdina, urritz-gibelurdina[1] edo Korosoa (Russula virescens) Russulaceae familiako perretxikoa da.[2] Kapelaren azala berde horixka edo berde urdinxka da. Laster pitzatu egiten da itxura ezkatatsua sortuz. Oin zuria dauka, oinarria ezkata arreekin. Bere orri erantsiak, zuri eta hauskorrak dira. Jateko hedatua, oso ona da.
Habitat
Latifolioekin mikorrizak sortzen ditu ipar-toki epeletan.
Beste izen arruntak
Russula virescens
tokiko euskarazko testuetan:[3]gibelurdin (giberurdin, gidelurdin);urdin;urdin-perretxiko;urdintxa.
Deskribapena
Gibelurdina (koroso, korosua Oñatin). Berde-kardinilo mate kolorekoa, edo berde-horixka zurbil-zurbila. Normalean kardinilo orbanak dituen arren, erabat zuria ere izan daiteke, kasu honetan bere pisuak laguntzen du ezagutzen, pisu handia du beste russula batzuekin konparatuta, bere hauskortasunak ere bai, eta beti izaten ditu kapelako pitzadurak.
Kapela: 4-10 cm-ko diametroa, haragitsua, oso sendoa, hasieran borobildua eta gero ganbila, eta oso zurbila. Marmol itxurakoa, bere kutikula pitzatuagaitik eta bere kardinilo orbanengaitik barren zuriaren gainean.
Hanka: 2-9 x 1.5-5,5 cm-koa, beteta, eta gero arroa, zilindrikoa edo loditasun irregularrekoa, pruinosoa, irintsua goiko aldean, zuria, batzuetan orban arreekin.
Orriak: oso estu, hauskorrak, urkilatuak eta orri txiki batzukin, zuri-krema kolorekoak. Batzuetan orban arreak edo gorrixkak dituzte.[4]
Haragia: Zuria, gogorra, trinkoa, pikortsua, larbek erraz erasotzen diote. Ez du latexik, bolbarik eta eraztunik ere ez. Usain atsegina du eta zapore gozoa.
Jangarritasuna
Askorentzat zapore onena duen russula da. Bilatua eta estimatua da. Bere haragi zuri eta sendoak zapore leuna eta atsegina du. Gordinik jan daiteke. Desberdina izan arren, Amanita phalloides hilgarriarekin nahastua izan da. Honek eraztuna eta bolba ditu, eta zuntzezko kirtena eta gibelurdinarena klariona bezala apurtzen da.[5]
Garaia eta Lekua
Udan, San Pedrotik (ekainaren 29tik) irailaren amaiera arte, hostoerorkorren basoetan, batez ere hariztietan eta gaztainadietan.[6]
Ipar Amerika, Europa, Ipar Afrika, Erdialdeko Amerika eta hego-ekialdeko Asia.
Etimologia
Latinetik datoz. Russula hitza, russus-etik, gorriaren txikigarritik: apur bat gorrixka, kolore gorria daukatelako russula generoko espezie askok, eta virescens = berdea, koloreari dagokio.
Espeziearen egoera
Aranzadi Elkartearen arabera, gibelurdina desagertzeko arriskuan dauden onddoen eusko-kantauriar Zerrenda Gorrian dago.[7] Azken urteotan mikologia adituek onddo batzuen beherakada kuantitatibo eta kualitatibo handia egon dela ohartarazi dute. Adituen esanetan, egoera honek hainbat eragile ditu, tartean klima aldaketa, pestiziden erabilera eta bilketa masiboak.
↑(Gaztelaniaz)Mendaza, Ramon, Diaz, Guillermo. (1987). Guia fotografica y descriptiva 800 especies a todo color .. Iberduero, 170 or. ISBNI.S.B.N.: 84-404-0530..