Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.
Marasmio jangarria edo hankaluzea (Marasmius oreades) Marasmiaceae familiako onddo jangarri bat da. Udaberrian biltzen den perretxiko jangarri estimatua da, oso ondo kontserbatzen baita lehortuta.[1]
Ekologia
Marasmius oreades espeziea Ipar Amerikan eta Europan bizi da, eta udaberrian eta udan agertzen da batez ere, nahiz eta urte osoan aurki daitekeen, baldintza klimatikoak egokiak badira. Larre eta belardietako espeziea da, eta arrunta da abereak bazkatzen diren guneetan. Kostaldean dunetan ere ager daitezke zenbaitetan.
Maitagarrien eraztunak osatuz hazten dira askotan, erdiguneko puntu batetik hasita, alea handiagoa hazten den heinean. Eraztun horietan belarra trinkoagoa eta sendoago hazten da, baina agortu ere lehenago egiten da. Beste batzuetan, ilarak eratzen dituzte.[2]
Deskribapena
Txapelak 2-5 zentimetro artekoa da, kanpai formakoa, eliptikoa, erdian titi txiki bat duena. Hur edo krema kolorea du, kolore zurixka edo marroixka duten orri banatuak. Hanka estu, luze eta oso haritsua du, 3-6 zentimetro luze dena eta erraz okertzen dena apurtu gabe.[3]
Haragi gozoa du, hurren usainekoa. Ez denez erraz usteltzen, ongi lehortzen da. Espora gardenak ditu.
Nahasteak
Marasmius collinus espeziearekin nahas daiteke, toki beretan hazten baitira. Uste da toxikoa dela. Desberdintasun nagusia da bigarrenak hanka huts eta hauskorra duela, eta berakatz usaina duela.
Okerragoa da nahastea Inocybe, Citocybe edo Lepiota generoetako zenbait espezierekin gertatzen bada, horiek toxikoagoak baitira.
Sukaldaritza
Perretxiko jangarri bikaina da, bere zaporeagatik estimatua, baina haragi gutxikoa denez, perretxikoetan adituenak direnek soilik biltzen dute.
Lehortu egin daiteke, kontserbaziorako. Horretarako, hanka kentzen zaio txapelari, eta zenbaitek txapelak hari batekin lotzen dituzte eta eseki egiten dituzte. Paper baten gainean eguzkitan ipintzea ere lehortzeko modu egokia da.
Perretxiko honen zapore gozoaren erantzulea trehalosa izeneko azukrea da.