Saprobio

Saprobioa (edo saprofitoa) animalia, landare, onddo edo mikroorganismo bat da, hilda eta deskonposatzen dagoen landare- edo animalia-materia organikotik behar dituen mantenugaiak lortzen dituena. Hain zuzen ere, ia edozein materia organiko (karbonodun konposatu) degradatzeko gai dira, ondorioz naturako materia organikoaren degradazioaren eragile garrantzitsuenak dira saprobioak.[1]

Saprobioen artean bi azpitalde bereiz daitezke. Alde batetik nahitaezko saprobioak; hauek beraien bizi ziklo osoan zehar saprofistismoa erabiltzen dute bizi estrategia moduan. Bestetik aukerazko edo saprobio fakultatiboak aurki daitezke; hauek ez dute beren bizi ziklo osoan zehar estrategia hau jarraitzen eta beste bat erabiltzeko gai dira, honen adibide argiena bakterio batzuk dira.

Izaki hauen digestio prozesuaren hasieran, zelulek entzima batzuk askatzen dituzte xurgaturiko molekula organikoak hidrolizatzeko. Prozesu honen bidez, molekula solugarriak eskuratzen dituzte eta pareta zein mintz zelularra zeharkatzen dituzte osmosi bidez zelula barnera sartuz. Aipatu bezala, materia organikoaren degradatzaile garrantzitsuenak dira saprobioak, izan ere, ingurunera ioiak askatzen dituzte bakterioek erabil ditzaten eta elikagai zikloa berriro hasiz.

Onddoetan zentratuz, saprofitismoa darabilten organismoen barruan hainbat azpitalde aurki daitezke: Lignikolak (zuraz elikatzen direnak), Humikolak (lurzoruko elikagaiez) eta koprofitoak( gorotzetaz)

Mikrobiologian, saprobioak deskonposizioan dagoen materia organikoa degradatzen duten mikrobioak dira (lurzoruan edo uretan, adibidez), eta baita patogenoak ez diren eta gure mikrobiotaren partaideak direnak ere [2].

Lignikolak

Saprobio lignikola den Trametes hirsuta

Onddoen elikadura hau entzima degradatzaileen menpekoa da. Ondorioz, substratu baten ustiaketan segida progresibo nabari bat izaten da. Lehenik azukre eta moduko monomeroak ustiatzen dira. Gerora, zelulosa eta hemizelulosa antzeko polimeroak eta azkenik, lignina edo keratina bezalako polimero konplexuak.

Hau honela izanda, bi onddo saprobio lignikola mota bereiz daitezke eragiten duten usteldura motaren arabera.

  • Usteldura zuria: Lignina degradatuta zelulosa, hemizelulosa erabiltzeko gai dira, hau da ligninak eragindako babesa gainditzen dute eta hori burutu ahal izateko peroxidasa izeneko entzima batzuk dituzte. Usteldura ostean, zura zuri eta zuntz askorekin gelditzen denelako hartzen du izen hau.
  • Usteldura marroia: Zureko zelulosaren eta hemizelulosaren zatirik handiena degradatuta eta lignina degradatu gabe geratzen denean (bere kolorea marroia izanik), ez baitute peroxidasa entzimarik, ematen deneko usteldura da. Usteldura irregularra da, hau da, zona batzuk guztiz degradaturik daude eta beste batzuk ez. Horrek haustura lerroak sortu eta kuboen edo adreiluen itxura eragiten du.

Humikolak

Saprobio humikola den Lepista nuda

Onddo saprobio humikolak, lurzoruan dagoen material organikoaz elikatzen dira, humusaz hain zuzen. Larreetan eta antzeko inguruetan topa daitezkeen onddo gehienei bizi estrategia hau ageri zaie, nahiz eta basoetan ere ohikoak diren.

Talde honen barruan hosto erorietan hazten diren eta ondorioz hauetaz elikatzen diren onddoak nabarmendu behar dira.

Koprofitoak

Onddo koprofitoak gorotzetan dagoen materia organikoaz elikatzen dira. Bertan aurkitzen den materia organikoa mugatua denez, hostoetan gertatzen den gisan, hemen hazten diren onddoak tamainaz ere txikiak izan ohi dira.

Erreferentziak

  1. Teresa., Mier,. (2002). Hongos microscópicos saprobios y parásitos : métodos de laboratorio. UAM, Unidad Xochimilco, División de Ciencias Biológicas y de la Salud ISBN 970654609X. PMC 53802507. (Noiz kontsultatua: 2019-02-19).
  2. Diccionario médico:saprófito Clínica Universidad de Navarra

Kanpo estekak