Esnegorri

Esnegorria
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaRussulales
FamiliaRussulaceae
GeneroaLactarius
Espeziea Lactarius deliciosus
Gray, 1821
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuaksaffron milk cap (en) Itzuli
BasionimoaAgaricus deliciosus
Mikologia
 
orriak himenioan
 
txapel zapaldua
 
himenioa dekurrentea da
 
hanka biluzik dago
 
espora marroi gorrixkak dauzka
 
mikorrizak eratzen ditu

Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.

Esnegorria[1] (Lactarius deliciosus) Russulaceae familiako onddo espezie bat da.[2] Lactarius generoko onddorik ezagunenetako bat da. Europan eta Ipar Amerikan zegoen jatorriz, baina beste eskualde batzuetan ere sartu da istripuz, koniferoen landaketen ondorioz.

Sinonimoak: Amanita sanguinea, Agaricus zonarius, Agaricus rufus, Amanita deliciosa, Lactarius lateritius, Galorrheus deliciosus, Agaricus deliciosus var. lamelliporus, Lactarius deliciosus var. lamelliporus, Lactifluus deliciosus, Lactarius deliciosus var. pinicola, Lactarius pinicola, Lactarius deliciosus f. rubescens. Beste euskarazko sinonimoak: Lekaxin xixa, pino perretxiko, piñudiko ziza, piñutela edo nizkaloa.

Deskribapena

Txapelaren kolorea laranja da, azenarioaren parekoa. Txapelak 4tik 14 zentimetroko diametroa dauka, eta gaztetan laua da, baina heltzen denean inbutu forma hartzen du. Laranja kolore askotako orbanak ditu eta batzuetan zirkulu zentrokideak ere baditu. Heze dagoenean itsaskorra da, baina gehienetan lehor egoten da.

Orri dekurrenteak ditu, elkarren ondoan estuki jarriak, eta sarritan barrutik hutsik egoten den hanka laranja dauka, 3-8 cm luze eta 1-2 cm lodi dena.

Freskoa denean, haragia hautsiz gero esne laranja gorrixka ekoizten du, eta zahartzean berdetu egiten da.

Habitata

Pinudietako lurzoru azidoetan bizi da.

Gastronomia

Esnegorria perretxiko jangarria da. Aski estimatua da Euskal Herrian, eta perretxiko biltzaileek biltzen duten eta dendetan saltzen den perretxikoetako bat da.

Katalunian estimazio handiagoa dauka eta bertan gehien jaten den perretxikoetako bat da.

Beste izen arruntak

Lactarius deliciosus tokiko euskarazko testuetan:[3] esnegorri; nikalo; niskalo; pinu-perretxiko; pinudiko perretxiko; pinutela (pinatela, pinateilla); riskalo; robilloi (robilloe).

Deskribapena

Esne gorri, pinutela Oñatin.

Perretxiko honen aldaera oso hurbil bat Lactarius deterrimus da, normalean izeien azpian bizi dena, baina pinuen azpian ere irten lezake. Kapelak kolore hori-gorrixka du eta berdez zikindu ohi da nabarmen. Orriak ia gorrixkak ditu eta haragia oso koloreztatua dute. Esnea hasieran laranja kolorekoa, gero purpurara pasatzen da eta ordu erdira gorri ardotsura. Lactarius deliciosus gozoagoa da.

Oso antzekoak dira Lactarius sanguifluus eta Lactarius semisanguifluus ere. Lehenengoan esneak eta haragiak, batez ere azalaren ondoan, tindu gorri ardotsua hartzen du berehala. Bigarrenean berriz , esneak eta haragiak laranja kolorea hartzen du lehenik, eta gero gorri ardotsura pasatzen da.

Kapela: 5-12 cm-ko diametrokoa, laranja kolorekoa, zirkulu zentrokide ilunagoekin, batzuetan erdian deprimituta eta ertza beherantz biribilduta, gero zabaldu daiteke.

Orriak: Laranja-gorrixkak, meheak, estu, apur bat dekurrenteak, batzuetan kardinilo berdez zikinduak.

Orri dekurrenteak: Hanka ukitzeaz gain, beherantz jarraitzen duten orriak edo tutuak.

Batzuetan Hypomyces lateritius askomizetoak parasitatzen ditu, orriak eta esporak suntsitzen dizkiete eta kapelaren azpian lizunaren antzeko bat sortzen zaie. Parasitatutako aleak handiagoak eta gogorragoak dira, eta forma desberdinak hartzen dituzte.

Hanka: Laranja kolorekoa, zilindrikoa eta pixka bat mehetua oinarrian, berehala hustua; zulo itxurako orban koloretsu batzuekin.

Esne gorria azpitik ikusita

Haragia: Gogorra eta trinkoa, zuri-horixka erdian, azenario kolorea kanpoalderantz. Usain atsegina, zaporea apur bat garratza. Ebakitzean azenario koloreko latexa jariatzen dute, airearekin kontaktuan egotean kardinilo kolorea bihurtzen dena.[4]

Jangarritasuna

Jangarria. Gaztetan aparta da, helduetan ona. Gero eta estimatuagoa Euskal Herrian.

Espezie honen haragian pigmentu gorrixka bat dago, gernuaren bidez ezabatzen dena, eta hori ez da gertatzen Lactarius sanguifluus espeziarekin, oso antzeko espeziea baita[5].

Nahasmen arriskua

Antzeko lactarius denak jangarriak dira.

Lactarius torminosus-ekin nahas liteke, baina perretxiko honek kapela arrosa du eta ertza iletsua. Haragia eta esnea zuriak dira eta gustu garratza. Arraso gastrointestinalak eragiten ditu.[6]

Sasoia eta lekua

Esnegorria oina moztuta

Udazkenaren hasieratik, koniferoen basoetan.

Banaketa eremua

Kanada, Alaska, Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Guatemala, Honduras, Brasil, Txile, Argentina, Kanariak, Europa, Errusia, Kaukasia, Turkia, Kazakhstan, Libano, Israel, Siria, Aljeria, Himalaiako eremua, Mongolia, Hego Korea, Japonia, Txina, Taiwan, Australia, Zeelanda Berria, Hegoafrika.[7]

Etimologia

Lactarius terminoa lac, lactis, esnetik dator; esneari dagokio, latex-a jariatzen dutelako ebakitzean edo haustean. Epitetoa berriz latinetik dator "deliciosus".

Galeria

Erreferentziak

  1. «Esnegorri». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-04-18.)
  2. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza  •   Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012  •   Euskalnatura  •   Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987  •   Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973  •   Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.
  3. Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.
  4. (Gaztelaniaz) Lotina, Roberto. (1985). Mil setas ibericas. Diputacion foral de vizcaya. , 324 or. ISBN 84-505-1806-7..
  5. (Gaztelaniaz) Mendaza, Ramon, Diaz, Guillermo. (1987). Guia fotografica y descriptiva 800 especies a todo color. Iberduero, 154 or. ISBN 84-404-0530-8..
  6. (Gaztelaniaz) Cetto, Bruno. (1987). Guia de los hongos de Europa. Ediciones Omega, S. A. Barcelona, 333 or. ISBN 84-282-0253-6 (T.I). ISBN: 84-282-0538-8 (O.C.)..
  7. Lactarius deliciosus: GBIF—the Global Biodiversity Information Facility.

Kanpo estekak