Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.
Urbeltza oso erraz identifikatzen da: hasieran bere txapelak hanka osoa estaltzen du. Lehenengo zuria eta leuna da, baina gero ezkatak sortzen zaizkio. Orriak hasieran zuriak dira, gero arrosa kolorea hartzen hasten dira txapelaren muturretik erdialderantz, eta azkenean erabat belzten dira.
Txapela 6-12 cm luze eta 2-5 cm zabal da. Hasieran arrautza formakoa da, gero kanpai altu eta estu gisako forma hartzen du, eta azkenean ertza zabaldu egiten zaio. Azalera zuria eta ezkatatsua dauka, eta gailurrean kolore horixkagoa izan ohi du.
Hanka zuria dauka, txapeletik erraz samar bana daitekeena, argala, zuntzezkoa eta hutsa. Eraztuna dauka, txikia eta estua, oso erraz askatzen dena.
Haragia mehea da, hasieran zuria, gero arrosa eta azkenean beltza. Ez dauka usain berezirik.
Espezie hau oso arrunta da udazkenean, nahiz eta udaberritik gehiago ager daitekeen. Larreetan, lorategietan, bide ertzetan... agertzen da.
Gastronomia
Perretxiko hau jangarri ona da, baina soilik ale gazteak jan behar dira; hau da, oraindik zuriak direnak.
Nahasketa arriskua
Coprinus comatus delakoarekin (jangarria) nahas daiteke, hau bereizten da, orriak denbora gehiagoan zuri mantentzen direlako eta kapela motzagoa eta oboideagoa duelako. Coprinus clavatus espezieak (jangarria), antz gutxiago du, simaurretan sortzen da eta eraztuna oinaren oinarrian itsatsita geratzen da.[2]