Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.
Sare bikaina(Cortinarius praestans)Cortinariaceae familiako onddoa da.[1] Jangarri bikaina, baina Euskal Herrian ez da kontsumitzen, ez baita oso ezaguna. Tamaina eta ezaugarriak direla eta , nahastezina da. Cortinarius generoan tamaina handiena hartzen duena da.
Deskribapena
Kapela: 8 eta 20 cm arteko diametrokoa, arre-gorrixka edo marroi-ardo kolorekoa, distiratsua eta ez oso likatsua hezetasunarekin. Haragitsua, sendoa, globo itxurakoa, ganbila, ondoren hemisferikoa, ertza errezel orokorraren mintz hondarrez bat eginda oinean, kolore zurikoa edo lila zurbilekoa, azkenean ildaskatua.
Orriak: Estu, sabeldunak, zabalak, itsatsiak edo ez oso dekurrenteak, hasieran morexka-zurbilak eta azkenik arre-herdoil kolorekoak.
Orri dekurrenteak: Hanka ukitzeaz gain, beherantz jarraitzen duten orriak.
Hanka: Sendoa, betea, erraboilduna, goialdean mehetua. Kolore zuria du eta erreflexu moreak goialdean, Errezela sendoa eta zurixka du, eta isla lilak ditu.
Haragia: Lodia, trinkoa eta zuria kapelarena, oinarena lila zurbilez tindatua, usain eta zapore onak eta atseginak ditu.[2]
Etimologia:Cortinarius hitza, gortinatik dator, gortina eta guzti, errezelaren hondakin bereizgarriak direla eta. Praestans epitetoa latinetik dator eta nabarmena esan nahi du. Bere tamaina handiagatik.
Cortinarius variecolor delakoarekin, baina hau txikiagoa da eta larru ustel usaina du. Cortinarius praestans espezieak, gaztea denean, Boletus pinicola onddoaren antz handia du, baina honek ez du ez orririk ez gortinarik. [4]
Sasoia eta lekua
Uda bukaeran eta udazkenean, batez ere kare-lurrak dituzten hostoerorkorren basoetan. Gehien pagadietan ikusten da. Urria da; hala ere , ugaria da irteten den lekuetan.[5]
Aranzadi Elkartearen arabera, sare bikaina desagertzeko arriskuan dauden onddoen eusko-kantauriar Zerrenda Gorrian dago.[6] Azken urteotan mikologia adituek onddo batzuen beherakada kuantitatibo eta kualitatibo handia egon dela ohartarazi dute. Adituen esanetan, egoera honek hainbat eragile ditu, tartean klima aldaketa, pestiziden erabilera eta bilketa masiboak.