Kapela: Txikia, 3 cm arteko diametrokoa izatera hel daiteke, baina normalean cm 1 eta 2 cm bitartekoa izaten da, ganbila lehenengo faseetan, gero laua erdian depresio txiki batekin. Bere gainazala fin-fin belusatua edo pruinaduna da, marroi-oliba kolorekoa ale hidratatuetan, baina higrofanoa denez, bere kolorea okre tonu batzuetaraino alda daiteke. Ale gazteetan ertza kurbatua da, gero fina, gainerakoa baino zertxobait zurbilagoa eta ildaskatua.
Orriak: Adnatuak, zabal samar eta orritxoekin, marroi kolorekoak.
Hanka: Kapelaren proportziokoa, zilindrikoa eta batzuetan okertua, fistulosoa. Gaztetan pubeszentzia fin batekin, gero pruinaduna, hondoko kolorea kapelaren antzekoa du. Ohikoa da oinarrian tomentu zurixka aurkitzea.
Haragia: Urria eta tinkotasun gutxikoa, marroi kolorekoa, usain eta zapore nabarmenik gabea.[2]
Etimologia:Simocybe terminoa grezieratik dator, laua, kurbatua, ahurra, deprimitua, hondoratua, esan nahi duen "simos" hitzetik eta burua, kapela, esan nahi duen "cybe" hitzetik kapelaren formagatik. Centunculus epitetoa, josten, hainbat oihalez osatua, manta txikia, esan nahi duen "cénto centónis" hitzen txikigarritik.
Bere generoaren barruan Simocybe haustellaris-ekin duen antzekotasuna nabarmenduko dugu, baina hilabete hotzetan, udazken amaieran eta neguan ateratzen da hau eta lignikolagoa da. Beste espezie batzuekin ere nahas daiteke, hala nola Pluteus flavofuligineus delakoarekin, honekin bizilekua partekatzen baitu, baina ez dugu ahaztu behar Pluteo generoak espora-jalkina arrosa kolorekoa duela.
Sasoia eta lekua
Goiz agertzen den perretxikoa da, udaberrian edo udako hilabeteetan aurki daiteke. Bere tamaina txikiagatik, askotan ez dugu ikusten eta zaila da espezie arraroa edo arrunta den zehaztea. Egur-hondakin degradatuetan edo zuzenean enbor usteletan hazten da.[4]
Banaketa eremua
Kanada, Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Europa, Errusia, Hego Korea, Taiwan, Australia, Hegoafrika, Brasil.[5]