Kapela: Ale garatuenetan 2 edo 3 cm inguruko garaierakoa eta 3 edo 4 cm inguruko diametrokoa, ohikoa da ale txikiagoak aurkitzea. Lehenengo hemisferikoa, gero koniko-kanpai itxurakoa, azkenik forma koniko-kamutsarekin, ez da inoiz guztiz laua bihurtzen. Gaztetan okre uniforme kolorekoa da, gero bere higrofanotasunaren ondorioz asko aldatzen da, okre tonu oso argiekin ñabardura grisekin edo baita horixkekin ere. Kapelaren azala lehor samarra da eta bizkor desagertzeko joera duten errezelaren hondarrekin eta ertza ale helduetan ildaskatua.
Orriak: Adnatuak, nahiko zabalak, batez ere erdialdean, sabeldun samarrak. Beix ilun kolorekoak ale oso gazteetan, baina laster grisak, ertzak gorriz edo arrosaz tindatuak, batzuetan agerikoa eta beste batzuetan lupaz bakarrik ikus daitekeena.
Hanka: Oso luzea eta liraina, batzuetan 8 cm-tik gorakoa izan daiteke, zilindrikoa eta erregularra, leuna neurri handi batean, pruina pixka batekin, batez ere orrietatik hurbil dagoen eremuan. Ez du inon errezelaren arrastorik, baina zertxobait iletsua izan daiteke zahartzean, kapelaren kolore berekoa.
Haragia: Mehea eta oso hauskorra, okre zurbil kolorekoa, usain nabarmenik gabea eta zapore leunekoa eta gozokoa.[2]
Etimologia:Psathyrella terminoa, "psathyra"-ren txikigarria da, grezierazko hitzetik eratorria, "xehatzen erraza" esan nahi du.
Sinonimo edo aldaeratzat hartzen diren espezie multzo konplexu bat dago, eta analisi filogenetikoek ez dute larregi argitzen. Hala nola: Psathyrella pseudogracilis edo Psatnyrella squamosa. Psathyrella longipes antzekoa da, baina bere kapelaren ertza apendikularra da eta handiagoa da.[4]
Sasoia eta lekua
Urteko sasoi desberdinetan agertzen da, batez ere udan eta udazkenean. Taldeka atera ohi dira, batzuetan oso handiak. Belar eremu garbietan edo hainbat basoetatik gertu. Lur azpian ezkutatuta dagoen zurezko materialaren oinarria behar du. Bibliografikoki erreferentzia gutxiko espeziea.
Banaketa eremua
Alaska, Kanada, Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Txile, Kanariak, Europa, Israel, Errusia, Kaukasia, Iran, Himalaiako eremua, Japonia, Australia, Zeelanda Berria, Hegoafrika.[5]
↑(Gaztelaniaz)Calvo Pérez Javi. (2006). El mundo de las setas. Asociacion Micológica Fungipedia.
↑(Gaztelaniaz) Sociedad micológica Barakaldo. Investigación y divulgación de la micologia.
↑(Gaztelaniaz)Ubillos Javier,. (2020). Curso de iniciación a la micología, fichas micológicas. Asociacion cultural “Baxauri” Kultur Elkartea Mikologia, Bajauri, Cofradia Vasca de Gastronomia.