Asia munduko kontinenterik zabalena eta askotarikoena da. Eurasiaren lau bosten eta lurreko eremu lehorren herena hartzen ditu, eta ia osorik Ipar Hemisferioan dago. 44.579.000 km²ko eremua eta 4.140.336.501 biztanle ditu.
Lurrunontzien garapenarekin batera, Asiarako egarria piztu zen europarren artean: ingelesek eta frantsesek India aldera jo zuten, herri ugari ibili zen Txinako kostaldeko hiriak konkistatzeko gatazkan, Frantziak Indotxinako alde bat hartu zuen beretzat, espainiarrak Filipinetan egokitu ziren eta errusiarrek Siberiaren konkista bukatu zuten.
Asian daude lurreko mendi garaienak (Everest, K2 edo Annapurna), itsasoko sakanik sakonena (Marianak, Mindanao ekialdea, 11.000 m) eta sakonune itxirik handiena (Itsaso Hila, 393 m itsas mailaren azpitik). Hego-ekialdeko uharteak berriak eta jatorri bolkanikokoak dira (Ozeano Barekosuzko gerria). Asia ekialdeko ordokiak alubioi garraiakinezkoak dira gehienak, edo mendilerroen eta itsasoaren arteko zerrenda meheak osatzen dituzte (Annam, Malaysia, Sumatra, Borneo). Ekialdeko itsasertza, bestalde, biztanleria sakabanatu duten badia, golko, uharte eta penintsulez betea ageri da.
Hidrologia
Asiako erliebearen banaketak lau ibai sistema nagusi eragin ditu:
Aralgo sistema, ura Aral barne itsasora isurtzen diren Amu Daria eta Sir Daria ibaiek osatua nagusiki.
Lau sistema nagusi hauez gainera, lurralde bakoitzeko sistemak aurki daitezke, hala nola, Persiako golkora isurtzen diren Tigris eta Eufratesek osatutakoa.
Hain zabala izanik, mota guztietako klimak ditu Asiak. Siberiakoklima kontinentala da, neguak izugarri hotz eta gogorrak dituena. Lurzoruaren parte handi bat izoztua dago (permafrost). Erdialdeko Asiako lurralde guztietako klima ere kontinentala da. Hegoaldean, montzoiek eragin handia dute. Bertan iristen dira munduko euri kopururik handienak ere (11.000 mm inguru, Bangladesh eta Assamen). Berorik handiena India eta Pakistan arteko Thar basamortuan egiten du. Lurralde hotzena, bestalde, Siberiako ipar-ekialdeko Verkhoiansk da (-66 °C). Hego-ekialdeko Asian eta Txina hegoaldeko itsasaldeetan tifoi ugariko klima tropikal euritsua da nagusi. Sonda uharteetako klima aldiz, ekuatoriala da, urtarorik gabea. Beste lurralde batzuek, azkenik, klima bereziak dituzte: Tibet, 4.500 m-tik gora dagoen goi-ordokia; Kuroshio itsaslaster beroak Japonian eragiten duen egoera berezia, etab.
Landaredia
Iparraldetik hasita hegoalderantz, alde handiak daude landaredian, lurralde batetik bestera, klimaren arabera. Ozeano Artiko aldeko tundra, Siberiako taiga handiak gero, eta urki nahiz lertxun basoak ondoren. Hegoalderago belar estepak zabaltzen dira (Mongolia, Kazakhstan iparraldea), Kaspiar itsasotikGobi basamortura luzatzen den lurralde idorraren mugan. Tibeten mendi garaietako landaredia aurki daitekeen bitartean, India eta Hego-ekialdeko Asia oihan tropikalez horniturik ageri dira. Malaysia eta Sonda lurralde tropikalak dira. Txina iparraldean, estepak eta oihanak tartekatzen dira. Txina hegoaldean, ordea, oihan subtropikal hezea ageri da. Japonian hiru klima bereizten dira: siberiarra, epela eta subtropikala. Asian landare mota guztiak aurki daitezke ia. Animaliei buruz, beste horrenbeste esan daiteke.
Etnografia
Asiako gizakiaren lehen aztarnak guztiz antzinakoak diren arren (Pekingo gizakia, Javako gizakia), arrazak berandu arte baizik ez ziren banatu, antza denez. Lau gizatalde handi bereiz daitezke Asian: paleo-siberiarrak, turko-mongolak, indoeuroparrak eta indonesiarrak, mendeetan zehar elkarrekin nahasi diren arraza-familia desberdin askotan banatuak.
Paleo-siberiar jatorrikoak dira Siberian bizi diren herriak (tungusak, samoiedoak, ainuak, …); turko-mongolak, Erdialdeko Asia, Mongoliako eta Txina iparraldeko mongolak eta turkoak; indonesiarrak Hego-ekialdeko Asia eta, mongoloideekin nahasian, Txina hegoaldean; indoeuroparrak, azkenik, India, Afganistan eta Erdialdeko Asiako lurralde batzuetan egokitu ziren. Gizatalde handi horien ingurukoak dira jatorria oraindik behar bezala ezagutzen ez den beste arraza batzuk: Hego Indiako drabidiarrak, japoniarrak, tibeto-birmaniarrak, Mon-Khmer eta melanesiar bide diren Sonda uharteetako biztanleak.
Asiako arraza nagusia, halaz ere, mongoloidea dela esan daiteke: ilea beltza eta leuna; larruazala, boli koloretik hori ilunera; betazalen toles epikantiarra eta, jaiotzean, giltzurrunen gaineko orbana, mongoliar izenekoa. Asiarren altuera herritik herrira aldatu egiten da: ipar txinatarrak garaiak eta sendoak dira; hegoaldekoak, berriz, txikiak eta argalagoak. Erdialdeko Asiako mendialdeetan maiz ageri da begi argiko indoeuroparra. Arraza zabalduenen ondoan, beste txikiago batzuk desagertzear daude gaur egun (Sri Lankakoveddak, Filipinetakonegritoak, Japonia iparraldeko ainuak).
Arraza migrazioak ibaiei jarraituz gertatu izan dira gehienetan, itsasertzerantz betiere. Barneko lurraldeek, herri nomaden bizileku izaki, ez dute inoiz biztanleria dentsitate handirik izan. Nekazari jendez osaturik dauden itsasertzeko ordokiek eta ibai bokalek (Ganges aldea, Txina hegoaldeko haranak), aldiz, giza kontzentrazio handiak dituzte. Eskualde hauetan (Ganges aldeko India, Txina) oso laster garatu ziren anitz zibilizazio.
Gutxiengo herri eta etniko asko daude herrialde subiranoen artean.
Luzaroan kolonizaturik bizi ondoan, estatu burujabeek osatutako kontinentea da egun Asia. Errusiarrek ustiatzen dituzten Siberia handi zabaleko biztanle gutxiko lurraldeak, eta berriki arte herri kolonizatzaile europarren esku egon diren portu batzuk (Hong Kong, Macau) bazterrera utzita, estatu burujabeak osatu dira, nahiz eta burujabetza horiek behinolako kolonizatzaileen gogora gertatu, askotan, eta nazionalitateak errespetatu gabe, beste hainbatetan.
Uharte estatuen artean, azkenik, hauek aipatu behar dira: Sri Lanka (Zeilan zena), Indiaren hegoaldean; Andaman eta Nikobar uharteak, Myanmar eta Sumatra artean; Malaysiako federazioa (Malaysiako penintsula eta Borneo uharteko iparraldea); Indonesia (Sumatra, Java, Bali, Sonda Txikiko uharteak, Kalimantan —Borneo uharteko alderik handiena—, Sulawesi uharteak, Maluku uharteak eta Irian, Ginea Berriko mendebaldea; Filipinak; Taiwan uhartea, egun Txinatik bereizia, eta Japonia, ekialdean dagoen Asiako lurraldea, lau uharte bolkanikok osatua.
Estatu barruko arazo politikoek, kanpoko herrien laguntzaz, hautsi dute zenbaitetan herrien batasun etnikoa. Korea bitan banatu zen 1953an: Ipar Korea, herri errepublika, komunista, eta Hego Korea, errepublika kapitalista, gaur ere tinko dirauen banakuntza. Gisa bereko bereizkuntza izan zuen Vietnamek1954 eta 1976 urteen artean: herri errepublika Ipar Vietnamen eta AEBen mendeko errepublika hegoaldean. Ipar Vietnameko gudarosteak Hego Vietnameko gerrillariekin bat eginik, Hego Vietnamgo eta Ameriketako Estatu Batuetako armadei nagusitu ondoren berriz batu zen Vietnam.
Taiwan uharteko errepublika Txinako kapitalismoaren feudoa izan zen, 1949tik aurrera, kontinenteko Txina komunistaren aurrez aurre. Herri desberdin asko hartzen zituen Indiako estatu koloniala bitan banatu zen 1947an: mendebalde eta ekialdeko lurraldeek Pakistan estatua osatu zuten (gehiengo musulmana), eta erdialdeko zatirik handienak Indiako errepublika. 1971. urtean, Ekialdeko Pakistan bestetik bereizi eta Bangladesh estatua sortu zen bertan. Historian zehar burujabe izan zen Tibet, Txinaren mendean dago gaur egun. Asiako herri guztiak ari dira, zein bere aukera politikoen arabera (sozialismoa nahiz ekonomia liberala), industrian eta ekonomian duten atzerapenaren aurkako ahaleginean. Japonia eta Txina dira nagusi arlo honetan.