Anatolia[1] (grezieraz: Aνατολή, [anatolé], "ekialdea") edo Asia TxikiaAsiako mendebaldeko muturrean kokatutako penintsula da. Asia eta Europako bide erdian dagoelarik, bertan gurutzatu ziren indoeuropar migrazioak eta garatu ziren Mediterraneoko lehen zibilizazioak. Gaur egun, Turkiaren asiar aldea da.
Antzinako Grezian "Asia" (Ασία) izena ematen zitzaion Anatoliari. "Asia Txikia" izena bizantziarra da, X. mendekoa, eta antzina "Anatolia" deitzen zen guztia hartzen du.
K.a. 2. milurtekoaren hasieran, indoeuropar herrien inbasioek biziki aldatu zuten egoera: hititak eta hattiarrak nahasi ziren Anatolia barnean, Inperio Hitita eratuz (K. a. XVIII. mendea). Ezaugarri semitak ageri zituzten lidiar indoeuroparren jatorriari buruz, ordea, ez da hipotesi zehatz fidagarririk. Barne gatazka eta banaketa askoren ondoren, hititek, susperturik, beste garai handi bat izan zuten K. a. XV. mendean, hurriten Mitanni erresumaren aurkako borrokan. Inperio Hitita Berriak Asia Txikia, Siria eta Palestina hartzen zuen K. a. XIV. mendean, Egiptoko zibilizazioa ere arriskutan jarriz.
Greziar kolonizazioak markatu zituen ondoko mendeak. Greziako inbasioetatik ihesi, Misia eta Lidiako itsasertzetara jo zuten eoliarrek eta joniarrek, doriarren aurretik. Joniar hiriek beste kolonizazio aldi bat izan zuten, iparraldeko kostaldean (Helesponto, Propontide, Ponto Euxino). Greziako zibilizazioa Anatoliako hiri helenikoen ekonomia eta kultura garrantziari esker garatu zen neurri handi batean (Mileto, Esmirna, Efeso, Fozea, Halikarnaso).
Bitartean, galaziarrek Galaziako Erresuma sortu zuten Frigiako ekialdean, Pergamo zutelarik hiriburu. Seleukotarren aurka altxaturik, Lisimakoren lurraldeak (Misia, Lidia) hartu zituzten eta, erromatarrek lagunduta, seleukotarrek Asia Txikian zituzten lurralde guztien jabe egin ziren K. a. 189an. Zibilizazio helenikoko gune ospetsu bezain garrantzitsua izaki, erromatarren ekialdeko inperioaren hasiera izan zen Pergamo hiria. K. a. 133an, Atalo III.ak Erromari eman zion bere inperio zabala eta, Asiako probintzia eratu ondoren, erromatarrek iparraldeko erreinu txikien konkistari ekin zioten, baina kapadoziarren adorearekin, eta Ponto eta Armeniako erregeekin egin zuten topo. K. a. I. mendean Asia Txikia osoa konkistatu ondoan, erresuma guztiak batu zituzten Asiako Diozesian eta Ekialdeko Prefeturan. San Paulok ebanjelizatua, Anatolia kristautasunaren lehen guneetakoa izan zen.
Seljuktar dinastia turkiarren adar bat zen, zein IX. mendeanKaspiar Itsaso eta Aral itsasoaren iparraldean kokatuta zeuden. X. mendean, seljuktarrak mendebaldera mugitzen hasi ziren, Anatolia aldera. Manzikert (Malazgirt) batailaren ostean 1071n, hor finkatu ziren tribu horiek. Horren ondorioz, Anatoliako seljuktar sultanerria osatu zen, Asiako erdialdea bereganatuta zeukan seljuktar inperioaren adar independentea.
1243an, seljuktar armadak mongoldarrek garaitu eta suntsitu zituzten. Astiro, inperioa desegin zen. Kinka horretan, Osman I.a buru zuen turkiar estatua garatu zen, Otomandar Inperioa eratu arte, seljuktar eta bizantziarren hutsunea betetzeko. Otomandar Inperioak mendebaldea eta ekialdea lotu zituen 623 urteko historian. XVI. eta XVII. mendeetan, munduko estaturik boteretsuenetakoa izan zen, Balkanetan zehar aurrera eginez.
Lehen Mundu Gerrako aliatuek Istanbul eta Izmir okupatzeak turkiar nazio mugimenduaren sorrera eragin zuen. Lausanako Itunaren bidez (1923), nazioarte mailan Turkiako Errepublika onetsi zen, Otomandar Inperioaren ondorengo bezala. Mustafa Kemal errepublikako lehendabiziko presidente bihurtu zen. Segituan erreforma andana jarri zituen abian, errepublika sekular bat eratu nahi baitzuen, iragan otomandarra baztertuz.