- Artikulu hau Antzinaroko inperioari buruzkoa da; Erdi Aroko inperioa gaitzat duena beste hau da: «Seljuktar Inperioa»
Seleukotar Inperioa[1] (antzinako grezieraz: Βασιλεία τῶν Σελευκιδῶν, Basileía tōn Seleukidōn) estatu helenistikoa izan zen, K.a. 312-64 bitartean seleukotar dinastiak bere mende izan zuena. Traziatik Indiako mugarainoko lurraldea hartu zuen unerik gorenean.
Historia
Seleuko I.a Nikator, Alexandro Handiaren jeneral nagusietako bat, izan zen dinastiaren sortzailea. Alexandroren inperioaren zatiez jabetzearren pizturiko diadokoen arteko gerretan Demetrio garaiturik, Babilonia hartu zuen mendean. K.a. 305etik aurrera erresuma hedatzen hasi zen, hala ekialdera, Indus ibai aldera, nola mendebaldera, Siria eta Anatolia aldera. K.a. 281ean, Seleuko I.a hil zen urte berean, Asia Txikiko eta itsasarteko hiri greziarrak erresumaren barne zeuden. Ondorengo errege seleukotarrek Alexandrok ezarritako administrazioaren moldeak aldatu zituzten; hala, aginpide bikoitzak, zibilak eta militarrak, zekartzan arazoak ezabatzearren, buru bakarra ezarri zuten probintzia bakoitzean.
Seleukotar Inperioak garrantzi eta eragin handia izan zuen politikan, ekonomian eta kulturan. Taurusko mendateak mendean izanik, Anatoliaren eta Siriaren arteko merkataritzaren kontrola zuten beren esku; gauza bera gertatzen zen Helesponton, Traziaren eta Anatoliaren artean. Helenismoa zabaldu zuten inperio osoan, bertako kulturen aurrean greziar kulturaren nagusitasuna bermatuz, eta xede hartan hiri autonomoen eraikuntza lagungarri izan zuten: Seleuzia Tigrisekoa, Seleuzia Pieria, Seleuzia Kalikadnos, Antiokia, Laodizea, Dura Europos, Beroeia, Apamea. Inperioaren ardatza orduko Siriak, Mesopotamiak eta Eufrates ibaiaren eta itsasoaren arteko lurraldeak osatzen zuten.
K.a. III. menderako hasi zen lurralde zabalak galtzen. Seleukotarren benetako gainbehera K.a. 190ean hasi zen, erromatarrek Termopiletan garaitu zituztenean. Mendeko herriak seleukotarren kontra matxinatzen hasi ziren Erromaren laguntzarekin. Partiarrak, Mitridates I.aren garaian (171-138), Iranez jabetu ziren. Ondoren Mesopotamia eta geroago Palestina galdu zuten. K.a. 64an erromatarrek behin betiko garaipena lortu zutenean, Siria eta ekialdeko Zilizia besterik ez zeuden seleukotarren mende.
Seleukotar dinastiako agintariak
- Oharra: Atal honetako urte guztiak Kristo aurrekoak dira.
Bibliografia
- Historia Universal Oriente y Grecia, Ch. Seignobos. Editorial Daniel Jorro, Madrid 1930.
- Grecia cuna de Occidente de Peter Levi. Ediciones Folio S.A. (ISBN 84-226-2616-0).
- La Historia y sus protagonistas, Ediciones Dolmen, 2000.
Erreferentziak
Kanpo estekak