Kapadozia[1] (grezierazΚαππαδοκία/Kappadokía eta turkierazKapadokya) Turkiako erdialdean dagoen eskualdea eta Anatoliako antzinako lurraldea da. Gaur egun Aksaray eta Nevşehir probintzien barruan dago nagusiki, izandakoaren zatia besterik ez delarik.
Historia eta kultura aberatsekoa izanda, herrialdeko turismoaren baliabide nagusietakoa da. Naturaren aldetik, erdi basamortuko paisaia ikusgarriak daude eskualdean, haizeak eta erosioak sortutako harri eta hondarrezko forma bitxiak erakusten dituena.
Erromatar Inperioaren probintzia izan zen I. mendean, Cappadocia izenarekin, bi mende geroago Armenia Prima eta Armenia Secunda lurraldeetan banatu zuten eta VI. mendeanCappadocia Prima eta Cappadocia Secundatan.
Jesukristoren ondorengo lehendabiziko mende horietan kristautasunaren hastapeneko komunitateak sortu zituzten bertan, erdi ezkutuan eta hainbat lekutan lur azpiko hiriak eraikiz, gaur egun ere orduko aztarnak ikus daitezkelarik.
Eskualdea arras aberatsa da eremutarren kobazulo eta antzinako labar-monasterioei dagokienez, munduko ingurune zabalenetarikoa mota honetakoa barne hartzen duelarik. IV. mendean lehenengo eremitak joan ziren ingurune honetara, eta gaur egun Göreme eremuan haitz kontzentrazio handiena dago, eskualdean zehar beste hainbat sakabanatuta badago ere. Tokalı, Elmalı, Barbara, Yilanlı, Karanlık eta Çarıklı elizak nabarmentzekoak dira Göremen, XI. mendekoak direnak eta haitzen barruan egindakoak daudenak.