Eber-Nari edo Ebir-Nari (akaderaz: 𒆳𒂊𒄵𒀀𒇉, Eber-Nāri [KUR.e.bir.ID₂]), Abar-Nahara (arameraz: עבר-נהרה) edo 'Ābēr Nahrā (asirieraz) mendebaldeko Asiako antzinako eskualdea eta Akemenestar Inperiokosatrapia izan zen, gutxi gorabehera Mediterraneoko sortaldearekin bat zetorrena. Bere izenak «ibaitik haratago» esan nahi du, «ibaiaren beste aldetik», akadieraz zein arameeraz, hau da, ikuspegi babiloniko eta persiarretik Eufrates ibaiaren mendebaldean dagoen eremua.
Toponimoa, Asarhaddon k.a. VII. mendeko asiriar erregearen idazkun batean agertzen da.[1] K.a. 535. urtean, Ziro Handia persiar erregeak, antzinako Neobabiloniar Inperioko lurralde konkistatuak, satrapia bakar batean bildu zituen, «Babilonia eta Eber-Nari» izenekoan.[2] Satrapa Babilonia hirian bizi zen, gobernadoreordeak Eber-Nari administratzeaz arduratzen ziren bitartean (hauen artean, Tattenai nabarmentzen da, Biblian eta Babiloniako dokumentu kuneiformeetan aipatzen zuten funtzionarioa).[3] Antolaketa hau k.a. 485 arte aldatu gabe egon zen (Xerxes I.aren erregealdia), baina k.a. 450 urtearen inguruan satrapia bitan banatu zen: Babilonia eta Eber-Nari.[4][2]
Herodotok emandako zerrendan agertzen den bosgarren zerga-barrutia Eber-Narirekin bat dator. Honek Siria, Fenizia, Palestina eta Zipre hartzen zituen (satrapian ere sartuta zegoena).[2] Herodotok ez zituen bere zerrendan sartu qedaritarekin identifikatutako tribu arabiarrak, zergak ordaintzen ez zituztenak baina intsentsuarekin "opari" gisa laguntzen zutenak.[5][6]