Laos,[1] izen ofiziala Laosko Herri Errepublika Demokratikoa (laoseraz: ສາທາລະນະລັດ ປະຊາທິປະໄຕ ປະຊາຊົນລາວ, Sathalanalat Paxathipatai Paxaxon Lao), hego-ekialdeko Asiako estatu burujabea da, Indotxina penintsulan dagoena. Mugakide ditu Birmania eta Txina ipar-mendebaldean, Vietnam ekialdean, Kanbodia hegoaldean eta Thailandia mendebaldean. 236.800 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 7,2 milioi biztanle zituen 2020an.[2] Hiriburua Vientian da.
Laos hego-ekialdeko Asiako estatu itsasgabea da, Indotxina penintsulan dagoena, ipar latitudeko 14° eta 23° artean, eta ekialdeko longitudeko 100° eta 108° artean. 236.800 kilometro koadro da luze-zabalean.[4]
Herrialde menditsua da, iparraldean batez ere; ipar-mendebaldetik hego-ekialdera haran sakon meharrek gurutzatzen dute, ura Tonkingo golkoan isurtzen duten ibaiek eratuak. Iparraldeko mendiak 1.500 metro inguru garai dira, eta Phou Bia mendian dute gailurra (2.820 metro). Hegoaldea lur zati luze meharra da, ekialdean, Vietnamekin mugan, Annam mendiak (1.525-2.440 metro) eta mendebaldean Mekong ibaia dituena (1.865 kilometro egiten ditu Laosen barrena).
Mekong haranaren eskuinaldeko lur emankorrak dira lur lau bakarrak, eta lurraldearen ekonomiaren ardatza, han egiten baita arroz gehiena. Iparraldea eta hegoaldea goi-ordoki batek lotzen ditu; halaber, hego muturra 1.050 metro inguruko goi-ordokia da.
Klima
Klima tropikala da, beroa eta euritsua, montzoi haizeen mende baitago. Urtean zehar 1.500-1.700 mm euri egiten du behe aldeko lurretan, eta 3.000 mm mendietan, maiatzetik urrira bitartean gehiena. Tenperatura abendu-otsaileko 16-21 °C-tik apirila-maiatzeko 32 °C-ra bitartean aldatzen da.
Fauna eta flora
Basoa da nagusi herrialdean. Zuhaitz tropikalak ditu iparraldean, eta montzoi-basoa eta hosto erorkorreko zuhaitzak hegoaldean (teka, palisandroa, ebanoa, sandaloa eta banbua). Animalia espezie ikusgarrienen bizilekua ere bada. Esanguratsuenak Indotxinako tigrea, gaur erraldoia eta asiar elefantea dira. Azken urteotan, zenbait espezie aurkitu edo berriz aurkitu dira, desagertutzat jotzen baitziren. Hauen artean daude Annamgo untxia, saola eta kha-nyou edo Laosko haitz arratoia.
Ikerlari batzuen arabera, lao herria Txinako hego-ekialdean finkatu zen VII. mendean, eta Nantxaoko erresuma ahaltsua sortu zuen; tai herriaren adar baten ondorengoak izanen ziren. Tai herria, pixkana, Indotxina penintsulara sartu zen eta hango jatorrizko kha leinu austroasiarraren tokia hartu zuen.
XII-XIII. mendeetan, Muang Sua (egun Luang Prabang) printzerria eratu zen. Laosko historia idatziaren lehen berriak Fa Ngum buruzagiarenak dira, Lan Xang Laosko lehenbiziko estatuaren sortzailearenak, hain zuzen. 1353 eta 1371 bitarteko urteetan, Fa Ngumek lurralde zabalak beretu zituen, gaur egungo Laos herriaz gainera Thailandiaren iparraldearen eta hegoaldearen parte handi bat ere, eta budismoa finkatu zuen lurraldean. Lan Xang erreinuaren urterik oparoenak Sourigna Vongsa buruzagiaren agintaldikoak izan ziren, 1637tik1694ra.
XVIII. mendean hasi zen Lan Xang erreinuaren gainbehera; izan ere, 1713an hiru erresumatan banatu zen: Vientiane, Txampassak eta Luang Prabang. Elkarren arteko gerrek, eta birmaniarren, vietnamdarren eta siamdarren erasoek ahulduta, Siamen zergapeko bihurtu ziren. XIX. mendean, Anouvong Vientianeko erregea Siamen morrontzatik askatzen ahalegindu zen Vietnamekin bat eginez, baina ez zuen bere asmoa gauzatzerik izan eta Siamgo probintzia bihurtu zen haren erresuma.
Siamen ipar-ekialderantz hedatzeko ahaleginek Frantziaren interesekin egin zuten topo, Frantziaren babespeko herria baitzen Vietnam. Liskar batzuen ondoren, Siamek Mekong ibaitik ekialdera zuen lurraldea beretu zuen Frantziak, eta XX. mendearen hasieran babespean hartu zuen lurralde osoa. 1945ean, Japoniak frantsesak egotzi zituen Indotxinatik, eta Laosen burujabetasuna onartu zuten. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Frantziak hartu zuen berriro lurraldearen aginpidea, eta 1949an nolabaiteko autonomia eman zion Laosi, beti ere Frantziar Batasunaren barruan. 1950ean, Indotxinako Gerran, Pathet Lao alderdi abertzale ezkertiarrak Viet Minh Vietnamen askapenerako higikunde politikoarekin bat egin zuen Frantziaren kontrako gerran, eta gerra amaitu zenerako Laosko iparraldeko bi probintzia mendean zituen.
1954an, independentzia osoa lortu zuen herrialdeak, eta hiru alderdi, ezkertiarra, neutrala eta eskuindarra, aginpidea lortzen ahalegindu ziren. 1957an, koalizio gobernua eratu zen, 1960 arte iraun zuena, eta eskuindarren eta neutralen aginpidea lortzeko kolpe militar batzuen ondoren gerra zibila piztu zen. 1973an, su-etena izenpetu zen gobernu ofizialaren eta Pathet Lao alderdiaren artean. 1974an, koalizio gobernu bat eratu zen; Pathet Laok, ordea, gero eta indar handiago zuen eta 1975ean, herrialde osoa menderaturik, errepublika komunista ezarri zuen.
1975etik 1986 arte, Souphanouvong printzea izan zen Laosko lehendakaria, baina benetako eragina eta eskumena Kaysone Phomvihane lehen ministro eta komunisten buruzagiak izan zuen. Gobernu marxista-leninistaren kezka nagusia ekonomia izan zen, eta horrela 1980 aldean egoera ekonomiko larriari aurre egiteko neurriak hartzen hasi ziren; urteetan ordea ez zen emaitza onik lortu (1982rako 300.000 laostar zeuden ihes eginda). 1986an, Phoumi Vongvichit izendatu zuten lehendakari eta Kaysone Phomvihanek jarraitu zuen alderdiko buru eta gobernuburu. Egoera ekonomikoaren larritasuna ikusirik, herrialde ez komunistekiko harremanak sendotu eta ekonomia liberalizatzeko neurriak hartu ziren, egoera jasanezina zelako, eta ekonomia sozialista gainbehera etorri zen: deszentralizazioa bideratu zen, estatuaren enpresen eraginkortasun faltari aurre egin zitzaion, pertsonen eta salgaien zirkulazio askea onartu zen, prezioak liberalizatu ziren, etab.
1990eko hamarkadan hobera egin zuen ekonomiak, nahiz eta Thailandiarekiko mendekotasun handia zeukan. 1991n, Kaysone Phomvihanek hartu zuen lehendakari kargua. Konstituzio berria eman zen, alderdi bakarreko erregimena berretsirik. 1992an Phomvihane hil ondoren, Nouhak Phoumsavane izendatu zuten lehendakari eta Khamtay Siphandone alderdi buru eta jenerala izan zen lehen ministro. Lehendakariak aurrekoaren bide berari jarraitu zion. 1995ean, Estatu Batuek hainbat urtez Laosi ezarritako enbargoa kendu zuten, eta 2004tik merkataritza harreman normalizatuak dituzte bi herrialdeek. 1998anKhamtay Siphandone jeneralak lehendakaritza hartu zuen, eta Sisavath Keobounphanh jenerala izendatu zuten gobernuburu.
2018ko uztailaren 23an, Xe Pian Xe-Namnoy urtegi hidroelektrikoko presa lehertu zen, eta sei herrixka urperaturik geratu ziren. Hainbat hildako eta ehunka zauritu gertatu ziren, eta 6.000 lagunek baino gehiagok galdu dute bizilekua.[5]
Gobernua eta administrazioa
Politika
Laosko Herri Errepublika Demokratikoa 1975ean osatu zen, baina 1991 arte ez zen konstituzioa onartu. Haren arabera, Laos Herriaren Alderdi Iraultzailea da legezko alderdi politiko bakarra. Aginpide betearazlea lehendakariaren ardura da, eta bera da estatuburua; nazio biltzarrak aukeratzen du, bost urtez behin, eta ministro kontseiluaren burua da halaber. Lehendakariak lehen ministroaren, hau da, gobernuburuaren laguntzaz bideratzen ditu gobernuaren administrazio funtzioak. Legegintza, berriz, nazio biltzarraren ardura da.
Laosek 7,7 milioi biztanle zituen 2022an. Adinari dagokionez, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak, % 31,2; 15-24 urte bitartekoak, % 20,6; 25-54 urte bitartekoak, % 38,3; 55-64 urte bitartekoak, % 5,7; eta 65 urtetik gorakoak, % 4,1. Bizi itxaropena 68,1 urtekoa da: 66,5 urtekoa gizonezkoena eta 69,9 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[4] Biztanle gehienak nekazari inguruneetan bizi dira (% 62tik gora 2022an); laurdena inguru mendialdeetan eta gainerakoa Mekong ibaiaren eta haren adarren inguruetan.
Banaketa etnikoa
Lao da etnia nagusia, biztanleriaren % 53,2. % 11 khmu etniakoak dira, % 9,2 hmong, % 3,4 phouthay eta % 3,1 thai.[4]
Hizkuntzak
Laosera da hizkuntza ofiziala eta gehien mintzatzen dena. Administrazioan, merkataritzan eta hezkuntzan frantsesa ere erabiltzen da eta bertako beste hizkuntza batzuk ere bai.
Erlijioa
Budistak % 64,7 dira, kristauak % 1,7, eta erlijiorik gabeak % 31,4 (2015eko zenbatespena).[4]
Laos munduko estatu komunista ofizial bakarretakoa da, baina ekonomiaren deszentralizazioa eta pribatizazioa bideratzeko neurriak hartzen hasi zen 1986 inguruan. 1991ko konstituzioak jabego pribatua eta merkatu askeko ekonomia onartu zituen. Neurri horiei esker hazkunde ikusgarria izan zuen 1988-2008 bitartean, Thailandiarekiko merkataritza harremanekiko zuen mendekotasun nabarmenaren ondorioz 1997ko Asiako krisiak ekarri zion etenaldi labur batean izan ezik. 2010eko hamarkadan ere, barne produktu gordinak hazkunde handia izan zuen.
Azken urteetan aurrerapen asko egin diren arren, azpiegiturak oso kaskarrak dira, eta horrek eragotzi dio, hein handi batean, ekonomiaren garapena: ez dago burdinbiderik, errepide sistema oso txarra da, eta telekomunikazioak oso atzeratuak. Horrez gain, eremu askotan, eguneko ordu batzuetan ez da argindarrik egoten.
Ekonomiaren oinarria nekazaritza da, barne produktu gordinaren % 20 eta langileen % 73 hartzen baititu (2012ko zenbatespena).[4]Arroza da gai nagusia, baina lurren % 4 baino ez dira lantzen ahal, eta ez du ematen herrialdearen beharrak asetzeko lain. Horrez gainera, sarritan lehorteak, izurriak eta uholdeak gertatzen direnez, elikagaien hornikuntzan arazoak sortu ohi dira urtero herrialdeko zenbait lekutan. Opioa ere ekoizten da. Industriak barne produktu gordinaren % 33 ekartzen badu ere, langileen % 6 baino ez du enplegatzen.[4] Azkenaldi honetan, asko hazi da zerbitzuen alorra eta bereziki turismoa.
Azken urteotan herrialdeko baliabide naturalak neurrigabe ustiatu dira: basoak soildu egin dira eta horren eraginez urak hondatu eta habitat naturalen % 70 galdu dira. Gerrak iraun zuen 25 urtean, bestalde, lantzeko lur egokien % 40 hondatu ziren. Mea baliabideak eta hidroelektrizitatea ekoizteko aukera ere du, eta azkenaldian hidroelektrizitatearen esportazioak gora egin du.
Kultura
Laosko kultura erlijioan eta ohituretan oinarritzen da eta, hiriburuan izan ezik, Mendebaldearen eragina ahula da. Budismoaren eta hinduismoaren mitoak kultura adierazpideetako gairik erabilienak dira. Eskulangintzak (ehungintza, saskigintza, zurezko, bolizko, zilarrezko eta urrezko lanak), eta dantzak garrantzi handia dute. Literaturak erlijio gaiak lantzen ditu batez ere.