Bahrain[1] (arabieraz: البحرين, al-Baḥrayn), izen ofiziala Bahraingo Erresuma[1] (arabieraz: مملكة البحرين, Mamlakat al-Baḥrayn), Asiako hego-ekialdeko herrialdea da, Persiar golkoko hegoaldeko uhartedi batek osatua, Saudi Arabiaren eta Qatarko penintsularen mendebaldeko kostaren artean. 765,3 kilometro koadroko eremua du, eta 2016an 1.425.171 biztanle zituen.[2] Hiriburua Manama da.
Bahrainek basamortuko klima dauka. Udak oso beroak dira, eta eguneko tenperatura 48 °C-ra irits daiteke. Hezetasuna ere handia izaten da, batez ere gauez. Prezipitazioak txikiak eta irregularrak dira, metro koadroko 70,8 litro besterik ez urtean.[4] Ekainean eta uztailean, ipar-mendebaldeko haizeak hauts ekaitzak eragiten ditu.
1971n, burujabetasuna aldarrikatu ondoren, 1973an konstituzioa onartu zen, emirraren boterea murrizten zuena (besteak beste, Nazio Biltzarra sortzea proposatzen zuen), baina indar gabe utzi zen handik bi urtera. 1981ean, talde batek estatu kolpe saiakera egin zuen Irango eredua ezartzeko.[6]
1994az gero, gorabeherak eragiten dituzte xiitek, tarteka, Nazio Biltzarra berriro antolatzea eta langabezia murrizteko neurriak hartzea eskatuz. Oro har, Mendebaldeko herrialdeen aldera jo izan du Bahrainek politikan eta 1991koGolkoko Gerran, esaterako, Estatu Batuek antolaturiko nazioarteko taldearekin bat egin zuen. Ezkerreko taldeek eta talde islamiar fundamentalista askok ezkutuan dihardute.
Bahrain monarkia konstituzionala da; kontserbadurismo islamiar tradizionalista da gobernuaren politikaren ezaugarri nagusia. Estatuburua erregea da, titulua oinordekotzaz jasotzen duena. 1999anHamad bin Isa Al Khalifak hartu zuen errege kargua. Haren eskumenak dira, besteak beste, lehen ministroa eta gobernuko ministroak izendatzea.[8]2010ean gobernukide erdiak Al Khalifa familikoak ziren.[9]
Legebiltzarra edo Nazio Biltzarra (al-Jam'iyyah al-Watani) ganbera bikoa da. Goi ganbera Xuraren Kontseilua da (Majlis Al-Shura), erregeak hautatutako 40 kide dituena. Behe ganbera, berriz, Ordezkarien Kontseilua da (Majlis Al-Nuwab); 40 kide ditu, hiritarrek zuzenean hautatuak lau urteko legegintzaldirako. Alderdi politikoak debekaturik daude.[8]
Ameriketako Estatu Batuen aliatu garrantzitsua da, bertan baitu Bosgarren Gerra Ontzidia, Persiar golkoko urak eta Iranen mugimendu oro zaintzeko indar militarra.[6]
2016an 1.425.171 biztanle zituen.[2]Dentsitatea oso handia da, 2.007 kilometro koadroko, eta baita hazkunde-tasa ere (%2,26 2017an). Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %19,1 dira, 15-24 urte bitartekoak %15,6, 25-54 urte bitartekoak %56, 55-64 urte bitartekoak %6,3 eta 65 urtetik gorakoak %2,9. Bizi itxaropena 79 urtekoa da, 76,8 urtekoa gizonezkoena eta 81,3 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[8] Biztanle gehienak iparraldean bizi dira eta erdiak baino gehiago hartzen dituzte estatuko bi hiri nagusiek.
Arabiera da hizkuntza ofiziala, baina ingelesa ere asko erabiltzen da.
Erlijioa
Islama da estatu erlijioa da, eta biztanleen %70,3 musulmanak dira, xiitak gehienak, errege familia sunita den arren. Kristauak % 14,5 dira, hinduistak % 9,8, budistak % 2,5, eta juduak % 0,6.[8]
Ekonomiaren oinarria petrolioaren industria da, eta herrialdearen kokagune estrategikoak ere garrantzi handia du ekonomian, Persiar golkoko garrantzi handiko merkataritzaren eta finantzen gune bihurtu baita. Petrolioaren ekoizpenak eta langintzak hartzen du esportazioen parte handi bat (% 60), eta barne-produktu gordinaren % 30 osatzen du. Dena dela, eta petrolio-erreserbak ez agortzeko beste industria batzuk sortu diren arren, herrialdeko ekonomia petrolioaren mende dago, eta arazo larriak sor daitezke petrolioaren prezioen gorabeheren eraginez, edo 1990-1991 urteetan Persiar golkoan sortutako krisiaren antzeko egoeretan. Arazo ekonomiko nagusiak langabezia (gazteen artean, batez ere), eta lurpeko petrolio- eta ur-erreserbak agortzea dira. 1986an Fahd erregeak Bahrain Saudi Arabiarekin lotzeko egindako errepideari esker, gora egin du turismoak.
Kirola
Formula 1 lasterketa bat egiten da. Lehen lasterketa Michael Schumakerrek irabazi zuen, Ferrarirekin. 2011ko martxoaren 13an, urte hartako lehenengo lasterketa egin behar zuten, baina matxinada bat izan zenez bertan bera utzi zuten. Formula 1 lasterketa bat arazo politikoengatik bertan behera utzi zen lehen aldia izan zen.
Herrialdea Mikel Landaren txirrindularitza taldearen jabea da.