Venezian sortu zen eta merkataritza ikasi zuen. 1271n, 17 urte zituela, bere aita Nicolorekin eta osaba Maffiorekin Asiara joan zen (haiek 1269an itzuli ziren Asiatik), eta Kublai Khanen, mongoliar enperadorearen, zerbitzura jarri zen. Hogei bat urtez, hainbat mandatu ofizial bete zituen han, eta bidaia diplomatiko ugari egin zuen Birmaniara, Indiara, Indonesiara, Sri Lankara edota Indotxinara[3][4]. Yuan Dinastiaren Txinan[5] gaindi ere asko ibili zen, eta Europan ezagunak ez ziren gauza asko ikusi zuen[6]. Hogei urte geroago etxerako bidea hartu zuen, misio diplomatiko bat zela eta.
1291n, Marco Polok, aitak eta osabak proposatu zuten Mongoliako Kököchin printzesa laguntza Persiara joatea. Hara iritsi ziren 1293an, eta printzesa han utzi ondoren, Konstantinoplarantz jarraitu zuten, eta gero Veneziara itzuli ziren, 1295ean[6].
Italiara itzuli zen 1295ean, 26 urteko bidaia baten ondoren, eta hurrengo urtean Venezia eta Genovaren arteko itsas gerran parte hartu zuen. Gerra horretan, Genovatarrek preso hartu zuten. Kartzelaratzean, Rustichello Pisakoa ziegakideari Kublai eta Ekialdeko Estatuen deskribapena eman zion. Bertsio eta itzulpen asko ezagutu dituen eskuizkribu hau ia ezinezkoa da jatorrizko egoera berreraikitzea. Hala ere, badirudi lehenbizi frantses-veneziar hizkuntzan idatzi zela.
Marko Polo ez zen izan mongoliar enperadorearen gortera iritsi zen lehen europarra, baina lehena izan zen Txinako errealitatea deskribatzen, hala nola diru-papera. Tibetekolamaseriak ere deskribatzen ditu, eta ordura arte ezezaguna zen Japoniaren (Cipango) existentzia aipatzen du. Batzuek diote Marco Polok ekarri zuela bolbora Europara.
1299an atera zen espetxetik, eta merkatari aberats bihurtu zen. Ezkondua eta hiru alaben aita zela, 1324an hil zen, eta VeneziakoSan Lorenzo elizan dago lurperatua.
Bizitza
Sorlekua eta familia
Aita bidaiaria
Marco Polo 1254 inguruan jaio zen Venezian, Veneziako Errepublikako hiriburuan[8][9][10]. Ekialde Hurbilarekin merkataritza harremanak zituen familia bateko semea zen, eta 15 edo 16 urte zituenean ezagutu zituen aita eta osaba, Txinatik etorri zirenean, hain zuzen. Niccolò Polo bere aitak Venezian zeukan etxea. Marcoren ama haurdun utzi zuen, Maffeo Polo anaiarekin Asiara bidaiatzera abiatu aitzin. Italiara itzuli ziren “Veneziara itzultzeko eta bere etxea bisitatzeko” asmoz, Marco Poloren bidaiak liburuan agertzen denaren arabera. Itzuli zirenean, ordea, Niccolò Polo ohartu zen haren emaztea hila zela, eta Marco izeneko hamabost urteko seme bat utzia zuela[11].
Marco Poloren aitatxi, Andrea, Venezian bizi zen, San Felice elizaren inguruan, eta hiru seme zeuzkan: Marco zaharrena, Maffeo eta Niccolò (Marcoren aita)[12][13]. Baina denak ez datoz bat Marco Poloren genealogia horren fidagarritasunarekin[14]. Marco Poloren osaba zaharrenak (Marco Polo izena zuen, hark ere) dirua utzi zuen Konstantinoplan itsasontzi bat eskatzeko[15].
Veneziako zenbait iturri historikoren arabera, Polo familiaren arbasoak Dalmaziakoak ziren[16][17].
Haurtzaroa
Ez dago informazio handirik Marco Poloren haurtzaroaz. Baina ia ziurtzat jotzen da Venezian iragan zituela bere lehen hamabost urteak[15]. Bitarte horretan galdu zuen ama, eta izeba eta osaba batek hazi zuten[18]. Geroago, aita Floradise Trevisanekin ezkondu zen[14]. Marco gazteak merkataritza gaiak eta atzerriko dibisak ikasi zituen, baita ere kargaontziak erabiltzen[18]. Latina ez zuen ikasi, edo gutxi[19].
"Milione" ezizena
Marco Polok bi ezizen bazituen. Batetik, Marco Paulo de confinio Sancti Iohannis Grisostomi[20] (San Giovanni Grisostomo elizbarrutiko Marco Polo) gisa izendatzen zuten, Veneziako Errepublikako artxiboan.
Marco Polo Milione (milioia, italieraz) edo Messer Marco Millioni (Marco Milioiak jauna) ezizenez ere deitu ohi zuten, bidaiatik itzuli ondoren. Haren liburuaren izenburu osoa hau da: Il libro di Marco Polo detto il Milione (Marco Polo “Milione” ezizendunaren liburua). Giovanni Battista RamusioXV. mendekohumanistaren arabera, izengoiti hori jarri zioten Veneziara itzuli zenean denbora guztiak aritu zelako Kublai Khanen aberastasuna aipatzen[21]. Baina denak ez datoz bat hipotesia horrekin, haren aitak ere Milione izengoitia zuelako[22]. Luigi Foscolo Benedetto XIX. mendeko hizkuntzalariaren arabera, Milione da Emilione izenaren modu laburtua, eta izengoiti hori erabiltzen zuten Niccolò eta Marcoren familia beste Polo familietatik bereizteko[23][22].
Gaztaroa eta bidaia
Veneziatik Akrera
1271n, Marco Polo 17 urte zituela abiatu zen ekialderantz, 1269an Txinatik itzuli berri ziren aitarekin eta osabarekin. Akreraino (Israel) nabigatu zuten, eta handik gamelu gainean joan ziren Ormuz portu persiarreraino. Hasieran, zenbait hilabete egon ziren Akren, eta Teobaldo Visconti diakonoarekin (handik gutxira Gregorio X.aAita Santua izango zenarekin) bildu ziren. Orduan aipatu zioten beren atsekabea hiru urte haietan konklabeak ez zuelako Aita Santurik hautatu (aurreko bidaiaren bukaeran Kublai Khanek Aita Santuari helarazi nahi zion gutun bat jaso zuten, baina ezin izan zioten eman, ez zegoelako Aita Santurik). Handik gutxira, ordea, jakin zuten Teobaldo Visconti hautatu zutela Aita Santu gisa, eta berehala itzuli ziren, harekin biltzeko. Aita Santu hautatu berriak gutun batzuk eman zizkien “Khan handiari” helarazteko. Gutun haietan proposatzen zion mandatari batzuk bidal zitzan Erromara. Gutun haiei indar gehiago emateko asmoz, Tripoliko Guglielmo eta Piacenzako Nicola fraide dominikarrak joan ziren Polo familiarekin[24]. Baina haiek espedizioa utzi zuten Yumurtalıken, gerra lehertzeko zurrumurruek beldurtuta[25].
Txinara
Hango faktoriatik abiatuta, zetaren bideari ekin zioten, iparraldetik. Lur-bideetatik jarraitu zuten bidaia. Mongolia alderik alde igaro ondoren, Xanadura (Txina) iritsi ziren. (Kublai Khanen udako egoitza zegoen han, eta 1272an Kanbaluk hirira berreiraiki zuen, hala nola egungo Pekin hiria). 1275a zen, eta Marco Polok 21 urte zituen[2]. Khan txundituta utzi zuten Marco Poloren adimenak eta apaltasunak. Horregatik, atzerriko mandatari izendatu zuen, Indiarako eta Birmaniarako. Hasieran Txinako harresiaren mendebaldeko muturrean, Ganzhoutik hurbil, egon bide zen zenbait denboraz, eta han ikasi zukeen uigurrera[26]. 15 edo 16 urte eman zuten Kublai Khanen gortean eta zenbait kargu izan zituen han. Annama, Tokina, Indiara eta Persiara joan zen, Kublai-Khanen enbaxadore. Malaysia, Sumatra, Sri Lanka, India[3][4]. Horrez gain, Marco Polok Khani kontatzen zizkion bidaian zehar ikusitako guztiak. Txinako lurretan ere asko ibili zen[6].
Itzulerako bidea
Khanek maiz uko egin zien Europara itzultzeko eskaerei, erranez haien konpainia gustuko zuela eta guztiz baliagarriak zitzaizkiola[27]. Baina 1291n baimena eman zien, haien ardurapean utzi zielako Kököchin printzesa mongoliarra Persiara eramatea, han, Arghum Khanekin ezkon zedin[2][28]. Bidean, euriteengatik, bost hilabetez geldirik egon behar izan zuten Perlaken, Sumatra uhartearen iparraldean. 1293ko udaberrian iritsi ziren Ormuzera, eta hainbat hilabetez egon ziren Persian[29]. Printzesa hara eraman eta han utzi ondoren, Europarako bidean jarraitu zuten, Konstantinoplaraino. Trebizondan zeudela, aldiz, bere ontasunen zati bat lapurtu zioten, itxura batean genoarren eraginpean zeuden batzuek[26]. Geroago, etxera itzultzea erabaki zuten. Veneziara itzuli ziren 1295ean, 24 urteren buruan, ontasun eta altxorrez beteta. Orotara, 24.000 kilometroko bidea egin zuten[18].
Itzulera eta espetxealdia
Itzulera
Marco Polo 1295ean itzuli zen Veneziara, harribitxi andana batekin. Mende laurdenez falta egon ondoan, hirukotea erabat itxuraldatuta zegoen. Zenbait kondairaren arabera, Marco, Niccolò eta Maffeo Polok beren familiari eta lagunei afari handi bat eskaini zieten, eta Marcok soinean zeramaten tartaroen jantzietako josturak desegin zituen, handik harribitxi andana bat ateratzeko[30].
Espetxean zegoela, Rustichello Da Pisa ziega-kideari xehe-xehe diktatu zion bidaien kontakizun xehea[18]. Hark oïl hizkuntzaz eta italieraz idatzi zituen Polotarren ibiliak. Haren istorioak eta Txinan bildutakoak jarri zituzten liburuan. Marco Polok aitari eskatu zion bidaian bete zituen ohar-liburuxkak kartzelara igortzeko[35].
Merkataritzan aberasten
Polo 1299koabuztuan atera zen kartzelatik[18], Genova eta Veneziaren arteko bake itunaren ondoren, eta Veneziara itzuli zen, aitak eta osabak bitartean erosi zuten jauregi handi batera. Jauregia San Giovanni auzoan zegoen. Hura erosi ahal izateko, Polo familiak merkataritzan lortutako etekinak eta harribitxiak erabili zituen (Polo etxea sute batek suntsitu zuen 1598an; etxe haien orubean dago eraikita Malibran antzokia). Beren langintzan jarraitu zuten, eta Marco Polo merkatari aberats bihurtu zen. Marco eta haren osaba Maffeok beste espedizio batzuk pagatu zituzten, nahiz eta berak ez ziren Veneziatik atera.
Marco Poloren aita Niccolò 1300. urtea baino pixka bat lehenago hil zen. Marco 1300ean ezkondu zen Donata Badoèr Vitale Baodèr merkatariaren[36] alabarekin. Hori alaba eduki zituzten: Fantina, Bellala eta Moreta[37][38].
Liskarretan
1305ean, Marco Poloren izena agertu zen zergen ordainketari lotuta izandako istiluei buruzko dokumentu batean[14]. 1300ean parte hartu omen zuen gobernu aristokratikoaren kontrako oldarraldietan, eta heriotza zigorretik libratu omen zen. 1310ean ere parte hartu omen zuen Bajamonte Tiepolo eta Marco Querinik bultzatutako beste liskar batzuetan, Jacobello eta Francesco Poloren ondoan[14].
Herentziak
Marco Poloren izena agertu zen bere osaba Maffeoren testamentuan, 1309an. 1319ko beste dokumentu batean agertzen da haren aita zenaren hainbat ontasunen jabe bihurtu zela. 1321ean bere emaztearen familiaren ontasunen zati bat erosi zuen, beste dokumentu baten arabera[14].
Heriotza
Marco Polo 1323an gaixotu zen, eta 1324ko urtarrilaren 8an hil zen, bere ohean. Veneziako legearen arabera, nekez ziurta daiteke 8an ala 9an hil zen, eguna eguzkia sartzean bukatzen zelako. Beraz, urtarrilaren 8ko eta 9ko ilunabarren arteko tartean hil zen. Biblioteca Marciana liburutegiak dauka testamentuaren jatorrizko bertsioa, eta hark dio testamentua 1324ko urtarrilaren 9koa zela, eta Marco Polo 1824ko ekainean hil zela[39]. Testamentuaren arabera, 10.000 dukat zeuzkan, erran nahi baita ez zela Veneziako merkatari aberatsenetako bat[26].
Poloren testamentua idazten laguntzeko, familiak Giovanni Giustinani San Procoloko apaizarengana jo zuen. Elizak, legez, Poloren ontasunen zati baterako eskubidea zeukan. Marco Polok onartu zuen ontasun hori ematea, eta San Lorenzoko komentuari ere diru kopuru bat emateko eskatu zuen, han nahi zuelako ehortzia izan, aita bezala. Bestalde, Asiatik ekarri zuen esklabo tartaro bat libratu zuen[40], eta 100 lira eman zizkion.
Bere beste ontasunak eta jabetzak pertsonen eta Veneziako erlijio eraikuntzen artean banatu zituen. Harekin zorrak zituen koinatari 300 lirako zorra barkatu zion. San Giovanni komentuari, San Polo elizari eta Benvenuto fraideari ere barkatu zizkien haien zorrak. Bestetik, Giovanni Giustinani apaizari 220 solido (txanpona) emateko eskatu zuen, notario lanak egiteagatik[29].
Testamentua ez zuen Polok berak izenpetu, baina orduan indarrean zegoen “signum manus” legearen arabera, nahikoa zen dokumentua eskuz uki zezan, juridikoki baliozkoa izan zedin[39].
La Casa Polo, Marco Polo Venezian bizi izan zen etxea.
Marco Poloren garaian, Europako merkatua hiruki sistema batekoa zen. Batetik, Ekialdeko luxuzko produktuak (zeta, espeziak) zeuden, nagusiki. Produktu haiek Zetaren bidetik barna zeharkatzen zituzten Erdialdeko Asia eta sarrazenoek kontrolatutako lurraldeak. Merkatari italiarrek erosten zituzten, hala nola veneziarrek, genovarrek eta pisatarrek. Haiek etekin handiak lortzen zituzten produktu haiek Europan berriz saltzen zituztenean. Horregatik, Veneziak eta Italiako beste portu batzuek garrantzia handia lortu zuten, eta merkantzia politika oldarkor bat hasi zuten, bide komertzialak esploratzeko.
Garai hartako Venezia
Behe Erdi Aroan, Veneziako Errepublika Mediterraneoko potentzia handia zen. Dalmaziako kostaldea eta barnealdea kontrolatzen zituenez, Ekialdearekiko merkatu zabala garatu ahal izan zuen. Horren ondorioz, kontsulatuak eta merkataritza koloniak jarri zituen Mediterraneo ekialdean. Horrez gain, gurutzadak lagundu zituen, islamaren aurka egiteko. Bestalde, Gatazka luzea izan zuen Genovaren kontra, merkatuan nagusi izateko lehiak bultzatuta.
Mongolen inperioa
Mongolen InperioaGenghis Kanek jarri zuen, 1206an. Hainbat barne borrokaren ondoren, mongolen tribuak batu zituen bere aginte pean. Horrek eragin zuen inperioaren zabalkundea: Txina, Asia Erdialdea eta Errusia konkistatu zituzten, eta Irak, Siria eta Anatoliaraino ere iritsi ziren. Mongolen inperioa Europako mugaraino iritsi zenean hasi zen europarren interesa Mongoliarekiko. Mongolek Bagdad arpilatu zuten, eta gurutzadetan kristauen kontra borrokatu ziren errege musulmanak menean hartu.
Errusiaren konkista sendotzeko, Erdialdeko Europan eta Ekialdeko Europa osoan sartu ziren. Gisa hartan heldu ziren, une batez, Dalmaziara. Ordu hartan, veneziarrek kontrolatzen zuten, eta horri esker jarri ziren harremanean mongolak eta veneziarrak.
Europaren ezagutza Ekialdeaz
Europak Ekialdeaz ezagutzen zuena Ekialde Hurbilerainokoa zen bakarrik. Handik harago zegoenari buruzko informazio apurrak, nahasiak eta mistifikatuak ziren. Harreman komertzialak persiarrekin eta arabiarrekin izaten zituzten, eta haiek ziren urrunagoko eremuekiko bitartekariak.
Europarrek musulmanen aurkako aliatu gisa ikusi zituzten mongolak. Negozioak egiten hasi ziren haiekin, eta ebanjelizazioa errazteko laguntza ere ikusi zuten haiengan. Marco Poloren aurretik, hainbat misiolari joan ziren, besteak beste Giovanni da Pian del Carpini.
Aurretik ere harremanak izan omen zituzten erromatarrek eta Txinako Inperioak, eta lehenago ere, Zetaren Bidearen bitartez. Erromak informazio asko zeukan Txinaz, askotan bidaiatu zutelako gune hartara.
Marco Poloren aita, Niccolò Polo merkataria, aberastu zen Ekialde Hurbilarekiko merkatuari esker, eta prestigio handia lortu zuen[14][41]. Semea sortu aitzin joan zen, Maffeo anaiarekin batera, merkataritza bidaian[18][41]. 1255eanharribitxiak erosi zituzten Konstantinoplan eta Krimean (haien anaia han bizi zen). Ondoren, Errusiako khanaren gortean saldu zituzten, Volga bazterrean. Han egon ziren urtebetez. Gero, Bukhararaino joan ziren (Erdialdeko Asiako hiriburua zen, garai hartan), eta han egon ziren hiru urtez. Kubilaiko edo Ilkhanerriko ikerlari-mezulari batek proposatu zien khan handiarengana joateko, europar gisa.
Pierre Racine historialariak ez du uste bidaia haien benetako helburua komertziala zenik soilik, gurutzaden garaia zelako. Haren ustez, litekeena da, merkatu interesez gain, helburu politikoak ere zituztela. Haien aurretik, Giovanni da Pian del Carpini, Gilen Rubruckekoa eta Andrés de Longjumeau joan ziren herrialde hari buruzko informazioa jasotzera. Mendebaldekoen helburua zen hitzarmenak egitea mongolekin[26].
Mongoliara bidean
1260an, bi anaiak Konstantinoplako auzo veneziarrean bizi ziren, artean Inperio latindarreko hiriburua zena. Hainbat faktoria zeuzkaten han.
Aldaketa politikoa zetorrela usaindua zuten, eta haien ontasunak eta harribitxiak saldu eta handik joan ziren[14]. Haien intuizioa bete zen, 1261ean Mikel VIII Palaelogo Nizeako inperioko buruzagiak Konstantinopla hartu zuen eta auzo veneziarra erre. Jatorri veneziarreko biztanleak atxilotu zituen eta itsutu[42]. Beste asko hil ziren Egeo itsasoko beste veneziar kolonietara ihes egiteko ahaleginean, haien txalupa beteegiak hondoratu zirelako.
Niccolò eta Maffeo Polo Erdialdeko Asiako merkatuaren bila abiatu ziren, eta Soldaiako faktoria txikia hartu zuten Sudaken, Itsaso Beltzaren bazterrean, Laugarren Gurutzadaren bitartez zabaldu zena mendebaldeko merkatarientzat[43].
Geroago Txinara heldu ziren, eta Kubilai Khan ezagutu zuten. Khanek Txinaren eta Europa kristauaren arteko merkatuaren monopolioa eskaini zien, eta horren ordainez eskatu zien ehun bat jakintsu eta artista bidal zitzaten kristauen Inperioa ilustratzeko. Aita Santuari mezu bat helarazteko ardura zeukaten, hark, 1250etik hara, Txinako tribu horietan (Mendebaldekoek tartaroak deitzen zituzten, garai hartan) ikusten baitzuen Islmaren kontra borrokatzeko aliatu aukera bat.
Marco Poloren bidaiak liburuaren arabera, Asiaren zati handi bat zeharkatu zuten, eta Kublai Khan mongoliar buruzagi eta Yuan dinastiaren sortzailearekin bildu ziren[44].
Asiarako itzulera prestatzen
Ez dago argi Niccolò eta Maffeo Kubilaien egon ziren 1265ean edo 1266an, ala Xanadun bildu ziren Kublai Khanekin. Hain zuzen, Khanek, Mendebaldeari zegozkion gaiak Xanaduko udako egoitzan lantzen zituen. Ez ziren luzaroan egon han, hainbat eginkizun eman zizkietelako: Inperio Mongolaren enbaxadore gisa bidali zituzten Aita Santuarengana. Mediterraneora itzuli zirenean, Aita Santua hil berria zen, eta hiru urte iragan ziren berria aukeratu artean.
Asiara itzuli zirenean, Marco gaztea lagun, ezin izan zituzten ehun jakintsu eraman berekin. Horren ordez, Jerusalemgo olio santua (Jesu Kristoren erreplikatzat hartzen dena) eraman zuten, itxura guztien arabera Marcok berak soinean zeramana. Kublai Khanek mandatariak bidali zituen haiengana, beharbada kristautasunaren ohoretan. Kublairen kide asko kristau siriakoak ziren.
Marco Poloren Ibilbidea
Ibilbide zehatza egitea zaila da hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, narrazioaren helburua ez da bidaiako egunkari bat ematea, baizik eta irakurleari bere arrarotasunagatik interesatzen zaizkion bistako gauzen deskribapena. Testu idatzi batean, gertaerak gertatu eta hogei urte baino gehiagora, zehaztasunik ezak oso ulergarriak dira. Azkenik, zeharkatutako hiri asko desagertuta egon daitezke, edo izen aldatua ikusi dute, batzuetan hainbat aldiz, Txinan gertatzen den bezala: Quinsai gaur Hangzhou du izena; Campision Kan-tcheou bihurtu da eta ondoren Zhangye; Sing-acion Shachou izan zen eta gero Dunhuang; Carcan Shaccihe bihurtu da; Ciarciam Qiemo da gaur egun; Quengianfuk King-tchao izena hartu zuen Xi'an bihurtu aurretik[45]
Marco Poloren bidaiak kontatzen dituen liburuari Devisement du Monde (1298) izenburua eman zion Rustichello da Pisak, baina ondorengo argitalpenetan Il milione (Miloia) izena izan zuen. Ekialdeko herrietako ohiturak, geografia eta etnografiari buruzko lehen dokumentazio xehetzat hartua da Marco Poloren liburua. XVI. mendean Italian zehar zabalduak zeuden Il milione liburuaren eskuizkribuak, eta arrakasta handia izan zuten hango kontakizunek. Jatorrizko liburuaren kopiarik ez da. 140 bat aldaera bildu dira dozena bat hizkuntzatan, eta desberdintasun ugari da batetik bestera. Marco Poloren berrien sinesgarritasuna zalantzan jarri da askotan, baina ikusi eta entzun zuena kontatu zuela uste da.
Marco Poloren liburuak batez ere kontatzen du Kubilai Khanen inperioa nolakoa zen. Liburuak aipatzen ditu Errusia, Erdialdeko Asia, Iran eta Afganistan, Kubilai Khan zelako hango lurretako gobernatzailea. Japonia, Vietnam eta Birmania aipatzen ditu Kubilai Khan enperadoreak armada igorri zuelako leku haietara. Sri Lanka, India eta Madagaskar hegoaldea ere aipatzen ditu: enperadoreak mandatariak bidaltzen zituen hara, haien mendekotasuna lortzeko asmoz. Indiako ozeanoko, Indiako, Arabiako eta Afrikako kostaldeaz ari zenean, Txinak hara igortzen zituen merkantziengatik izan zen. Hots, Kubilai Khan zen liburuaren gai zentrala. Horregatik, zenbait eskuizkributan Khan Handiaren liburua izenburua jarri zen[47].
Horrez gain, liburu horretan ere bilduta daude Marco Polok enperadoreari kontatzen zizkion istorioak; behatzaile eta narratzaile gaitasun handiak erakutsi zizkion Khani. Hain zuzen, Khan kexatzen zen bere mandatariak beren eginkizunaz bakarrik mintzatzen zitzaizkiola, eta ez ziotela deus berezik kontatzen joaten ziren herrialdeetako ohiturez eta ezaugarriez. Horretaz jabeturik, Marco Polok arreta handia jarri zuen bisitatzen zituen herrialdeetako hainbat gauza ikasteko, gero Kubilai Khani kontatu ahal izateko[48].
Historialari batzuen arabera, liburu hori entziklopedia bat zen edo geografia bat. Beste batzuen ustez, aldiz, Kubilai Khanen kronika liburu bat, printze ispilu bat edo merkatari liburu bat[49][50]. Eta badira erreportajetzat jotzen dutenak ere[26].
Bertsio zaharrenak
Ez dago jatorrizko bertsioa zein zen ziurtatzeko modurik, lehen eskuizkribuen arteko diferentzia nabarmenak badirelako. 150 bat ale badaude hainbat hizkuntzatan. Inprenta asmatu aurretik, ohikoa izaten zen akatsak egitea aleak kopiatzerakoan edo itzulpenak egiterakoan. Horregatik dago ezberdintasun ugari ale batetik bestera[51][52]. Dagoen eskuizkribu zaharrena italiera kutsu handiko antzinako frantsesezkoa da[53]. Badago beste bertsio zahar bat ere, hala nola Giovanni Battista Ramusio italarriaren itzulpena (1559an inprimatua) eta Toledon (Espainia) dagoen XV. mendeko latinezko bertsio bat. Antzinako frantsesezko beste bertsio bat, 1350ekoa, Suediako Liburutegi Nazionalean dago[54].
Bertsio zaharrenetako bat da Iter Marci Pauli Veneti, Francesco Pipino fraide predikariak 1302an latinera egindako itzulpena, Marco Veneziara itzuli eta urte gutxira. Kontuan hartuta garai hartan latina zela kultura hizkuntza zabalduena eta autoritatea zeukana, uste da Rustichelloren testua latinera itzuli zutela Predikarien Ordenaren borondatez. Horri esker, liburua Europa osora zabaldu zen[55].
Geroztik atera diren eta gaur egun ezagutzen diren edizioak hainbat bertsio eta itzulpenen artean osatutakoak dira, adibidez R.E. Latham-ek ingelesera itzulitakoa 1958an[56]. Bertsio guztiek, halaber, ez dute luzera bera. Adibidez, Toldoko katedraleko liburutegian aurkitutako latinezko bertsioaren itzulpen bat, Paul Pelliot eta A.C. Mouleem 1938a ingelesera itzulitakoa, beste bertsioak baino %50 luzeagoa da[57].
Itzulpenak
Liburua Santaellak itzuli zuen gaztelerara, 1503an. Bertsio hartan oinarrituta, John Frampton-ek ingelesera itzuli zuen 1579ean[58].
Narrazioa
Liburuaren hitzaurreak deskribatzen ditu Marco Poloren aita eta osaba, Berke Khan printzearen bizilekua zen Bolgharrera iristen. Urte bat geroago, Ukekera joan ziren[59], eta handik Bukharara. Han jaso zuten Kublai Khanekin biltzeko gonbidapena. Hura ez zen sekula bildu europarrekin[60]. 1266an iritsi ziren Kublai Khanen egoitzara, Dadura (gaur egungo Pekin). Kublaik hainbat galdera egin zizkien Europako sistema juridikoaz eta politikoaz[61]. Aita Santuaz eta Erromako elizaz ere galdetu zuen[62]. Elkarrizketaren ondoren, Aita Santuari emateko gutun bat utzi zien, Zazpi Arteak (gramatika, erretorika, logika, geometria, aritmetika, musika eta astronomia) ezagutzen zituzten ehun kristau bidaltzeko eskatuz. Baina Klemente IV.a Aita Santua 1268an hil zen, eta tarte luzez ez zutenez haren ordezkoa izendatu, itzulera bidaia atzeratu zen. Niccolò eta Maffeo Polo Veneziara itzuli ziren. Marcok, 15 edo 16 urte zeuzkala, orduan ezagutu zuen aita.
1271n abiatu ziren berriz Asia aldera, Marco Polorekin batera. Akreraino nabigatu zuten, eta handik gamelu gainean abiatu ziren Ormuzeko porturaino. Handik itsasontziz joan nahi zuten Txinara, baina hango ontziak ez zeuden egoera onean, beraz lurreko bideetatik jarraitu zuten, zetaren bidean barrena.
Bidai hartan, une batez, merkatari ibiltarien karabana batekin batu ziren. Baina gaizkile batzuek karabana hari eraso egin zioten, harea ekaitza batez baliatuta. Polotarrek lortu zuten borrokatzea eta ihes egitea ondoko hiri batera, baina erasoan karabana hartako kide asko hil ziren eta beste asko esklabo hartu zituzten[63].
Liburuaren gainerako zatietan, Marco Polok Txinan eta Birmania hegoaldean egindako hainbat inperio-bisitari buruz idatzi zuen[64]. Polotarrek Mongoliako auzitegiaren errespetua lortu zuten, eta horregatik Kublai Khanek atzera bota zuen itzultzeko eskaria. Polotarren kezka, ordea, segurtasunez itzuli ahal izatea zen, pentsatuz Kublaien balizko heriotza baten ondoren, haren etsaiek aurka egingo zietela.
1292an, Pertsiako subirano Kublaien iloba txikiak ordezkariak bidali zituen Txinara, harentzako balizko emazte bat aurkitzeko eskatuz. Polotarrak haiekin itzuli ziren Pertsiara. Singapurreko porturantz nabigatu zuten[65], gero Sumatrara joan ziren[66] eta handik Jaffnako Point Pedro portura. Azkenik, Arabiako itsasoa zeharkatu zuen, Ormuzera heltzeko.
Itzulera bidaiak bi urte iraun zuen. 600 lagunek bidaiatu zuten, baina haietatik 18 baizik ez ziren atera bizirik (Polotarrak barne)[67]. Ezkontza jaian egon ziren eta handik joan. Ormuzetik lur-bidez joan ziren Trebizondeko portura (oraingo Trabzon), Itsaso Beltzaren bazterrera[18].
Marco Polo Txinan
Txina barruko bidaiak
Marco Polo hainbat tokitan ibili zen 1271tik 1295era, Mongoliako enperadorearen ordezkari gisa. Haren aginduei erantzuten zien, eta ez zen Mongoliako gobernuaren edo administrazioaren menpeko edo ordezkari. Hauek izan ziren bere misioak:
• Ganzhou-ra (oraingo Zhangye) joan zen, mendebaldera. Kubilai Khanek hara igorri zuen “errege arteko auzi garrantzitsu batzuetarako mezulari gisa, oso-oso urruneko lur batera, Caregian izeneko hirira”. Sei hilabete eman omen zituen haraino iristen. Han ikusi zuen berrikuntza oro adi jarraitu zuen, gero enperadoreari txosten zehatza egin ahal izateko. Horri esker “Marco Polo jauna” deitua izatea lortu zuen[68][69].
• Bigarren aldiz joan zen Ganzhou-ra; aldi hartan, osabarekin. Urte batez egon zen han, Harresi Handiaren mendebaldeko muturrarekin muga egiten duen hirian[70] (Liburua 61).
• Yangzhou-ra joan zen, eta hiru urtez egon zen han. Hiri hura mongoliarrek konkistatu berria zuten, eta Marco Polok hartu zuen hango gobernatzailearen lekua[71][68].
• Hangzhou-ra joan zen Quinsayko portuko finantza kontrola egitera, ziurtatzeko diru-zainak ez zirela enperadorea engainatzen ari[72].
• Indiara joan zen, baina Marco Polok ez zuen xehetasunik eman bidaia hari buruz.
• Yunnan-era (Txinako hego-ekialdera) joan zen, beharbada, baina ez da baieztatua.
• Tibet-era joan zelako ustea ere badago, hango ohiturak, erlijio errituak eta tenplu budistak deskribatu zituelako.
• Printzesa bat lagundu zuen Iranera, eta Europako estatuei mezu bat eramateko ardura izan zuen[73]. Halaber, bidaia hura izan zen Italiarako itzulera bidaia.
Marco Polo Sichuanera[74] (Lib 115), Birmania barnealdera[75] eta Yunnan-eko ibarretara[76] ere joateaz gain, Txinako hegoaldeko eskualdeak ere bisitatu zituen. Txinako bazter guztiak ezagutu zituen, bai kostaldeko hiri jendetsuak, ipar-mendebaldeko lur lehorrak edota erdialdeko ibar baztertuak[45].
Merkantziekiko interesa
Marco Polok arretaz jaso zituen bidaietan zehar ikusi zituen ohiturak[77], teknologiak eta materialak.
Batetik, bere liburuan, xeheki deskribatu zituen Mongoliako auzi politikoak eta ekonomikoak, posta zerbitzua, dirua, prezioak eta abar. Diru-paperei aukera izugarria ikusi zien. Hango enperadoreak metal preziatuak, harribitxiak, urrea eta zilarra jasotzen zituen eta billetetan ordaintzen zituen[78]. Ikatzaren eta amiantoaren erabilera ere deskribatu zuen. Indian behientzat zaukaten errespetuaren berri ere eman zuen[79].
Marco Poloren lana ez zen etnografo lana, hala ere. Merkatari senarekin egiten zituen ikusten zituen lekuen deskribapenak. Bisitatzen zituen herrietako biztanle kopuruak, diru-sarrerak eta zergak aipatzen zituen beti. Bere liburuko 234 kapituluen erdietan deskribatzen zituen herriak, hara iristeko distantziak, hango ekoizpenak eta ekoizpen haien balioa[88].
Ikerlari lanak
Yuan dinastiaren urtekari ofizialen arabera, 1277an, “Po-lo izendatu zuten ikerlari pribatu”[89]. 1282an, Mongoliako Lehen Ministro Ahmad Fanakati erail zuten, eta Kubilai Khan berehala joan zen Xanadu hiriburura, eta Marco Polori eta beste kargudun batzuei eskatu omen zien zaldiak har zitzatela eta joan zitezela Pekinera, ikerketa egiteko eta errudunak aurkitzeko. Hilabete baten buruan, Marco Polok argitu zion Ahmad-ek zenbat krimenetan parte hartu zuen. Enperadoreak, orduan, ministroa hil zutenak errugabetu zituen[90].
Ez dago erabat frogatuta Txinako dokumentu horietan agertzen den pertsona Marco Polo bera zela[91], baina Marco Poloren bidaietako kapitulu batean xeheki azaltzen dira Ahmad Fanakatiren hilketari buruzko xehetasunak.
Marco Polo harribitxi askorekin itzuli zen sorterrira. Ez zuen argitu merkantzia bidez aberastu zela. Itxura guztien arabera Kubilai Khanek berak egiten zizkion oparien bidez aberastu zen.
Oroigarriak
Marco Polo ardia, Ovis ammonen azpiespeziea, esploratzaileren izena jarri zioten,[92] izan ere Pamir Mendiak igaro zituenean deskribatu zituen 1271ean. .
↑Polo, Marco; Lazari, Vincenzio; Pasini, Lodovico. (1847). I viaggi di Marco Polo Veneziano. Venezia [Tipi di P. Naratovich] (Noiz kontsultatua: 2020-05-20).
↑Ranieri Allulli (1954), MARCO POLO E IL LIBRO DELLE MERAVIGLIE - Dialogo in tre tempi del giornalista Qualunquelli Junior e dell'astrologo Barbaverde, Milano: Mondadori. 26. orr.
↑Yüan sse (12/7, 205/3 eta 78), Soûh thoûng kian kang mouh (23/8), Li-taï ki sse (98/6), Kang-kian-i-tchi (90/16), Foung-tcheou-Kang-kian hoeï tswan (15/9).
↑Demetrius Charles Boulger eta E. H. Parker (1904), The Imperial and Asiatic Quarterly Review : Some New facts about Marco Polo's book, East & West - Publisher. 128. orr.