Greziako ezaugarri nagusiak lur menditsuak eta itsasoa dira. Hiru laurdenak mendiak dira, eta 80 kilometroko tartea dago, gehienez, lurraldeko puntu bat eta itsasoa bitartean. Pindo mendilerroa, Balkanetako mendikatearen segida, herrialdeko mendigune nagusia da. Pindo mendietatik adar hauek ateratzen dira:
Aeta mendiak, Parnaso, Kizeron eta Helikon mendiekin hego-ekialderantz luzatzen direnak;
Tesalia arroa eratzen duten bi mendilerro ekialdean;
Olinpo (2.918 metro), Greziako mendirik garaiena, hegoaldean.
Greziako eskualde naturalak honako hauek dira: Mazedonia eta Trazia iparraldean, Tesalia eta Atika haran emankorrak erdialdean, Peloponeso hegoaldean, eta Kreta, herrialdeko uharte nagusia.
Hidrografia
Ibai askorik ez dago, lurra karekizkoa baita eta ura lurpean biltzen baita; ibaiak laburrak dira: naguisiak, Vardar, Struma eta Nestos.
Klima
Klima mediterraneokoa da: negu leun eta euritsuak dira, uda epel eta lehor samarrak eta, oro har, eguzki ordu asko daude urte osoan. Hala ere, ezberdintasunak daude eskualde batetik bestera. Horren arrazoia da topografiak (erdialdeko mendilerro handiek eta beste mendi batzuek) eragina duela Mediterranetik datorren aire hezean.[4] Beraz, Pindo mendikatetik ekialdera klima beroa eta hezea da, eta mendebaldera, lehorra, hotz-bero arteko aldea nabariekin.
Mizenastar zibilizazioa kontinentean garatu zen, K. a. 1600-1200 bitartean, eta Mizenas izan zen hiri nagusia. Gizarte guduzalea bide zen hura, eguneroko bizitza harresi garaiez babestutako hiri inguruan egiten zen. Abere hazkuntza eta nekazaritzaz gainera, merkataritza, eta baita itsaslapurreta ere, ziren haien ekonomiaren oinarriak. Burdin Aroaren hasieran desagertu zen zibilizazio hura itsasaldeko herrien erasoek eraitsita.
Mazedonian, iparraldeko erresuman, jatorri askotako biztanleak bizi baziren ere, greziar kulturan oinarriturik zegoen klase nagusia. K. a. 356an, Filipo II.ak hartu zuen erresuma horretako tronua. Errege horrek garrantzi handiko berrikuntzak egin zituen Mazedoniako gudarostearen egituran eta, polisen ahuldadeaz baliaturik, penintsula osoaz jabetu zen. K. a. 338koKeroneako guduan atenastarrak garaitu ondoren, Filipok greziar estatuen ordezkaritza antolatzeko adinako aginpidea lortu zuen. Persiaren aurka jotzea zen haren helburu nagusia, baina K. a. 336an hil egin zuten.
Alexandro semea izan zen Filiporen ondorengoa. Hamabi urte eskasetan, errege gazteak, bere konkistekin, Antzinateko inperio handienetako bat eratu zen, Ekialdea eta Mendebaldea bateratzen zituena, Danubiotik hasi eta Induseraino. Alexandro Handia, ordea, oso gazte hil zen, K. a. 323an, eta erresuma desberdinetan zatikatu zuten inperioa haren jeneralek. Horrela hasi zen garai helenistikoa, kultura grekoa Mediterraneo ekialdean zabaldu zuena, Siria eta Egiptoraino. K. a. 146an, erromatarren garaipen militarrak garai horren amaiera ekarri zuen.
K. a. 27an, Zesar AugustokErromatar InperiokoAkaia probintzia bilakatu zuen Grezia. Baina, militarki gailendu arren, erromatarrek zinez miretsi zuten heleniar artea, eta greziar sorkuntzak eta pentsamenduak erabat baldintzatu zuten hurrengo mendeetako italikoen kultura. Horaziok idatzi zuen bezala, "Greziak harrapatu zuen bere konkistatzaile basatia".[6]II. eta III. mendeetan, Ekialdeko komunitate helenikoak funtsezkoak izan ziren kristautasunaren hedapenean. Greziar penintsulako biztanleek, ordea, denbora luzean eutsi zioten paganismoari, eta Peloponesoko hego-ekialdea ez zen X. mendera arte kristautu.[7]
Erdi Aroa
IV. mendearen amaieran Erromatar Inperioa bitan banandu zenetik, ekialdekoa (Konstantinopla hiriburua) Greziako ohiturak, hizkuntza eta kultura gorde zituen barruti independentea izan zen. Bizantziar Inperioak probintzia asko zituen, ez oso zabalak, diozesitan bilduak, gobernadore bat zutela buru. 527anJustinianok hartu zuen aginpidea, eta harekin erdietsi zuen Bizantziok goraldia, Balkanetan, Ekialdean eta Mediterraneoan zehar hedatu baitzen. Baina barne arazoak ere izan ziren; V. eta VI. mendeetan hiriek antolamendu eta aurrerapen maila handia iritsi zuten, baina politika eta gizarte liskar handiak ere izan zituzten; bestalde, enperadoreek ez zuten behin betiko konpontzea lortu erlijio dogmak monofisiten eta ortodoxia ofizialaren artean sortua zuen arazoa.
VII. mendearen hasieran, eslaviarrekBalkanetako penintsula inbaditu zuten. Horren ondoren, uharteak eta kostaldeko zati batzuk (Atenas, Korinto, Tesalonika) besterik ez ziren geratu Konstantinoplaren agindupean. VIII. mendetik aurrera, galdutako lurraldeak berreskuratzen hasi zen Bizantziar Inperioa, eta IX. mendearen hasierarako egungo Greziaren gehiena Bizantzioren esku zegoen. Garai hartatik aitzina, greziar kultura ondarea Errusiara eta eslaviar herrietara hedatu zen. XI. mendearen bigarren erdian turkiarrak Anatoliaz jabetu zirenetik, Balkanetako penintsula izan zen inperioko gune nagusi eta eraginkorrena.
1204an jo zuen ondoa Bizantziok, gurutzatuek Konstantinopla eraso eta hartu zutelarik; latindarren esku gelditu zen inperioaren parte handiena, Grezia barne, eta Veneziak uharte batzuk beretu zituen. Harrezkero, Nizean babesturik zeuden bizantziar enperadoreek inperioa eta hiriburua berreskuratzeko ahaleginetan jardun zuten; 1261ean lortu zuten Konstantinopla hartzea Migel VIII.a Paleologoa enperadoreak. Hala ere, Peloponeson kokakutako Akaiako printzerri latindarrak XIV. mendera arte iraun zuen, eta uhartedi batzuek Genova eta Veneziaren mende jarraitu zuten.[8]
Otomandar garaia eta independentzia gerra
1453. urtean Otomandar Inperioak mendean hartu zuen Konstantinopla, eta Italiara ihesean joan ziren Bizantzioko jakitunek Grezia klasikoaren pentsamoldea eta Erromako zuzenbidea eraman zuten berekin mendebaldean loratzen ari zen Pizkundearen aberasgarri. Otomandarrek Konstantinopla hartu zuteneko unea Greziako politika burujabetasunaren amaieratzat har daiteke.
Inbasioaren ondorioak latzak izan baziren ere, Greziako nazio nortasunaren bizi iraupenerako funtsezkoak izan ziren oinarrizko hiru eskubide eman zizkieten turkiarrek greziarrei: begiramen osoa Greziako Eliza Ortodoxoarekiko, gerokoan Greziako nazionalismoaren ordezkari eta aitzindari nagusi izan zena, heziketa grekoz egin ahal izatea eta salerosketarako askatasuna. Ondoren, ordea, otomandar administrazioaren ganora ezak eta haurrak sultanaren guardia pertsonala (jenizaroak) osatzera joan beharrak herriaren haserrea eragin zuten.
1770. urtean Peloponeson, Errusiako Katalina Handiak bultzatuta, altxatu ziren lehendabiziko aldiz greziarrak menderatzaileen aurka; bai iraultza hark eta baita 1786. urtean Epiron piztu zenak ere huts egin zuten. 1821eko martxoaren 25ean, Germanos gotzainak independentziaren aldeko higikundea antolatu zuen Peloponeson. 1822an, Epidauroko Batzar Nazionalak Grezia independentearen konstituzioa idatzi zuen. Urte hartan bertan, Greziako abertzaleen alde borrokatzeko gertu zeuden europarrak Genevan bildu ziren, Lord Byron idazlea tartean; izan ere, independentzia lortzeko, greziarren borroka ez ezik, Erresuma Batuak, Frantziak eta Errusiak emandako laguntza ere oso kontuan hartzekoa izan zen. 1828an, Errusiaren eta Turkiaren arteko gerra piztu zen, eta 1829ko irailaren 14an Turkiak Greziaren independentzia onartu behar izan zuen Hadrianopolisko Itunean.
Grezia independentea
Hasieran, Grezia independentea Frantziako Iraultzaren hastapenetan eta urteetan bizirik iraun zuten herriaren ohitura demokratikoetan oinarritutako errepublika zen. 1827ko apirilean bildu zen hirugarren Nazio Biltzarrak Ioannis Kapodistrias hautatu zuen behin-behineko estatuburu. Independentzia iritsi zen garaian Greziako lurraldeak 50.000 kilometro koadroko lurraldea eta milioi bat biztanle zituen, Greziako erdialdearen zati bat (Atika barne), Peloponeso, Eubea eta Zikladeak hartzen zituen.
1831ko urrian Kapodistrias hil zuten eta Oto Bavariakoa ezarri zuten aginpidean. Otoren absolutismoaren kontrako higikundeak iraultza ernarazi zuen eta, horren ondorioz, hogei urte iraun zuen konstituzioa onartu zen 1844an. 1863an, Jurgi Danimarkako printzeak hartu zuen errege kargua. Jurgi I.aren eta haren ondorengoen agintaldietan, Greziak bere mendeko lurraldea eta populazioa areagotu zituen: Joniako Uharteak jaso zituen 1863an, Britainia Handiaren opari, Tesalia1881ean, eta Epiro, Mazedonia, Kreta eta Egeoko zenbait uharte 1913an, Balkanetako Gerren ondorioz.
Balkanetako Gerren ondoren, Konstantino I.a Greziakoa erregearen eta Eleuterios Venizelos lehen ministroaren arteko tirabirek bi alderditan banandu zuten herrialdea. Horren ondorioz, Lehen Mundu Gerraren hasieran bi gobernu izan zituen herrialdeak, Alemaniaren aldekoa bata, eta Britania Handiaren aldekoa bestea; bi gobernuak 1917an batu ziren. Gerra amaitutakoan, Grezia Turkiaren aurka borrokatu zenAnatolia eskuratzeko, baina saioak huts egin zuen. 1923koLausanako Hitzarmenak bi erresumen arteko populazio mugimendu handiak eragin zituen, eta Greziak Anatolian bizi ziren 1,5 milioi greziar hartu zituen.
Greziako gobernua kolokan egon zen behin baino gehiagotan XX. mendean zehar. 1924an errepublika ezarri zen. eta 1935ean monarkiak eskuratu zuen berriro aginpidea. Hurreango urtean, Ioannis Metaxasek estatu kolpea jo zuen, eta erregimen autoritarioa ezarri. Italia faxistak amore emateko eskatu zion Greziari 1940ko urriaren 28an, baina Metaxas diktadoreak ezetz erantzun zion ultimatumari, eta Italiak eraso egin zion. Italiako armada Albanian geldiaraztea lortu zuten arren, alemaniar indarren aurrean erori zen Grezia. Nolanahi ere, greziar erresistentziak okupatzaileei arazo franko eman zizkien.
Alemaniar okupatzaileak 1944ko urrian irten ziren. Ondoren, erregezaleen eta komunisten arteko gerra zibila piztu zen; gerrak 1949 arte iraun zuen, harik eta britainiar armadaren laguntzaz, komunistak garaitu zituzten arte. 1967an estatu kolpea jo zuten militarrek alderdi ezkertiarrek hauteskundeetan garaile atera ez zitezen, eta diktadura ezarri. 1973an, militarrek monarkia deuseztatu zuten eta errepublika ezarri. 1973ko azaroaren 25ean, beste kolpe militar batek Georgios Papadopulos aginpidetik kendu zuen. Betri ere, Dimitrios Ioannidis diktadore berriak gutxi iraun zuen agintean, 1974ko uztailean erregimena erori baitzen, Turkiak Zipre inbaditu eta gero.
2008tik aurrera, Atzeraldi Handiaren ondorioek gogor astindu zuten herrialdea. Zor publikoaren krisia zela eta, erreskatea eskatu behar izan zuen, baina ezarritako austeritate-politikek protestak eta gizarte-gatazkak eragin zituzten.[9]Syriza alderdiko Alexis Tsiprasek gobernatu zuen Grezia 2015etik2019ra. 2019ko uztaileko hauteskundeetan, berriz, Kyriakos Mitsotakis, Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreko hautagaia, nagusitu zen.[10]
Gobernua eta administrazioa
Politika
1975eko konstituzioak, ordu arteko politika aldaketak amaitu nahian, errepublika parlamentarioa ezarri zuen, eta aginpide beterazlea presidentearen eta lehen ministroaren artean banatu zen: presidentea estatuburu eta armadaburua da, eta lehen ministroa, gobernuburua. Legegintzako boterea lehendakariaren eta lau urtez behin hauteskundeen bidez aukeratzen den Parlamentuaren (grezieraz: Ελληνικό Κοινοβούλιο, Elliniko Kinovoulio) esku dago. Auzitegi Gorena, Estatu Kontseilua eta Estatuko Kontuen Auzitegia sistema judizialaren goi auzitegiak dira. Soldadutza derrigorrezkoa da 19 urtetik gorako gizonezkoentzat eta urte dirau; emakumeentzat, borondatezkoa da.[11]
2011ko urtarrilaren 1etik, herrialdea 13 periferiatan (grezieraz: περιφέρεια) banaturik dago; lurralde autonomo bat ere dago, Atos Mendia (grezieraz: Ἅγιον Ὄρος, Agio Oros, "Mendi Santua"), Erdialdeko Mazedonia periferiaren mugen barnean. Periferia horiek 74 unitate periferikotan azpibanaturik daude.
Greziak 10,8 milioi biztanle zituen 2011.[12] Adinari dagokionez, biztanleria honela banatzen da: 0-14 urte bitartekoak, % 14,5; 15-24 urte bitartekoak, % 10,3; 25-54 urte bitartekoak, % 39,6; 55-64 urte bitartekoak, % 13,1; eta 65 urtetik gorakoak, % 22,4.[11] Bizi itxaropena 81,3 urtekoa da: 78,7 urtekoa gizonezkoena eta 84 urtekoa emakumezkoena (2021eko zenbatespenak).[11]XX. mendean greziar ugari joan zen atzerrira, Ameriketako Estatu Batuetara, Kanadara, Australiara, Alemaniara eta Belgikara batez ere. 1973ko krisi ekonomikoak emigrazioa moteldu egin zuen.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren gobernuak eritasun endemiko batzuk desagerrarazteko neurri bereziak hartu zituen: paludismoa, tuberkulosia, disenteria eta tifusa. Gaur egun, heriotza eragile nagusiak herri aurreratuenetakoak berak dira: minbizia, bihotzeko gaitzak, etab. Haur jaioberrien heriotza tasa milako 3,6koa da.[11]
Hezkuntza publikoa dohain eta nahitaezkoa da 6-15 urte bitarteko haurrentzat, eta biztanleriaren % 97,9 alfabetaturik dago.[11] Bigarren mailako ikasketetako eskola pribatu ugari dago; unibertsitate pribaturik, ordea, ez, konstituzioak debekatzen baitu. Unibertsitate ofizial nagusiak Atenas, Tesalonika, Patras eta Kretan daude.
Banaketa etnikoa
Biztanleen % 91,6 greziarrak dira eta % 4,4 albaniarrak.[11]
Hizkuntzak
Greziera hizkuntza ofiziala da, jende gehienak darabilena.
Greziako ekonomiak aurrera egin zuen nabarmen Bigarren Mundu Gerraren ondoan, eta 1950etik1973raBarne produktu gordina urtean batez beste % 7,7 hazi zen,[15] bertako baliabide naturalen urritasunak eta burokratizazio gehiegizkoak aurrerabidearen oztopo izan ziren arren.
1981eanEuropako Ekonomia Erkidegoan sartu zen, eta urte horretan bertan Mugimendu Sozialista Panheleniarrak (PASOK) aginpidea iritsi zuen; harrezkero, estatuaren mende geratu ziren ekonomia jarduera gehienak: energia ekoizpena, ontziolak, garraiobideak, aseguruak eta banketxeak.
2002aneuroan sartzeko baldintza makroekonomikoak betetzea lortu zuen. Horri esker iritsi ziren interes tasa txikiko maileguak, estatuarentzat eta herritarrentzat, eta 2000ko hamarkadanEurogunean gehien hazi zen herrialdea izan zen, Irlandarekin eta Espainiarekin batera.[16]2009an, ordea, Europa osoa Atzeraldi Handian murgildurik zegoelarik, herrialdearen kontu publikoak aspalditik apaindurik zeudela jakinarazi behar izan zuen Georgios Papandreu lehen ministroak. Zor handia finantzatzeko arazoak izaten hasi zen, eta ekonomiak behea jo zuen. Azkenik, 2010eko apirilean erreskatea galdegin zuen ofizialki Papandreuk eta, finantzaketaren truke, troikak eskatutako austeritate neurri gogorrak ezarri behar izan zituen.[17] Ondorengo urteetan hiru erreskate programa kateatu zituen herrialdeak, azkena 2018an amaitu zen arte.[18]
Greziako ekonomia lehen sektorean oinarritu da betidanik. Azkeneko urteotan, baina, industriak eta zerbitzuek gero eta garrantzi handiagoa hartu dute. Industria ahula du eta energia baliabide urri. Bestalde, turista asko joaten da bertara, antzinako Greziako aztarnak eta uharteen edertasunak erakarrita edota eguzkiaren bila, eta, beraz, ekonomia baliabide indartsuenetakoa da turismoa.
Lehen sektorea
Biztanle aktiboen % 12,6k lehen sektorean egiten zuen lan 2015ean.[11] Lurrik emankorrenak Tesalian daude: batez ere artoa, garia eta arroza lantzen da han, eremu ureztatuetan. Nazioaren ekonomiarentzat garrantzi handikoak dira, baita ere, beste gai hauek: tabakoa (Trazia eta Mazedonian), kotoia (erdialdean), mahastiak eta olibondoak (Peloponeson eta uharteetan), zitrikoak (Kretan), pikuak (Peloponeso hegoaldean). Greziatik kanpo oso aintzat hartuak dira Korintoko mahaspasak, herrialdearen diru iturri nagusietako bat. Ahuntz eta ardi hazkuntzak garrantzi handia izan du betidanik, eta badu oraindik ere, baina sektorea modernizatu eta mekanizatu ahala, behi eta zerri hazkuntza gero eta gehiago ari da zabaltzen.
Betidanik izan da Grezia herri arrantzalea, eta arrantza azpiegitura modernoa du, baina Mediterraneoa kutsatzen ari denez, arrantza urritu da eta kanpotik ekarri beharra dute arraina.
Bigarren sektorea
Mea baliabideak ez dira oso aberatsak, Europako bauxita ekoizle handienetakoa bada ere; horrez gainera, aipatzekoak dira lignitoa, energia elektrikoa sortzeko erabiltzen dena, eta neurri apalago batean manganesoa, burdina, zinka, beruna, urrea eta diamanteak. 1981. urtetik aurrera petrolioa eta gas naturala ustiatzen hasi ziren Egeo itsasoan.
Industriak aurrerabide handia egin du azkeneko urteotan baina, hala ere, urruti dago Europar Batasuneko gainerako herrialdeetatik. 2015ean sektore horrek biztanle aktiboen % 15 hartzen zuen.[11] Janari industria eta ehungintza dira inportanteenak.
Azpiegiturak
Aireportuak
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.
Grezia klasikoaren kulturako aztarna ugarik iraun du gaur egun arte (Atenas, Delfos, Epidauro, Mizenas, Argos, etab.); aztarna horiek eta Greziako museoetan (Museo nazionala, Herakliongo Museoa, Akropolia, etab.) eta atzerriko hiri nagusietan gorde diren eskultura eta gauzakiak Antzinako Greziako kultura ondare iraunkorraren eta aberatsaren erakusgarri dira.
Jatorrian, Olinpiar Jokoen bidez garatu zen Greziako kirola, K.a. 776. urtean lehenengo aldiz erregistraturik. Olinpiar Joko modernoak, bi aldiz antolatu dituzte: 1896an eta 2004an.