Bizkaiko kostaldea malkartsua da, baina orokorrean hondartza handiak daude. Gainera bi itsas-adar daude bertan: Nerbioiko itsasadarra eta Urdaibai.
Bizkaiko kostaldean bost alde nagusi egin ditzakegu errazago aztertzeko. Lehenengoa MuskizetikAbrara doa, bigarrena AbratikPlentziara, hirugarrena hortik Urdaibaira, laugarrena Urdaibai bera litzateke, eta bosgarrena Urdaibaitik Ondarroara. Gune hauetariko bakoitzak bere ezaugarriak ditu, nahiz eta oro har, nahiko antzekoak izan.
Bizkaiko kostan Euskal Herrian iparralderen dagoen lekuetako bat dago, Matxitxako lurmuturra. Gainera, hainbat irla eta irlatxo daude, Billano, Izaro edo Aketxe besteak beste.
Kostako gune batzuetan itsasoak hegi handiekin topo egiten du, adibidez, Ogoño lurmuturran, 200 metro baino gehiago dituena.
Bizkaiko ibaiak laburrak dira, eta urte osoan dute ura. Ibaizabalen arroak hartzen du ur gehien, baina badira garrantzia duten beste ibai batzuk, hala nola Lea, Oka eta Butroe.
Bizkaiko klima klima ozeanikoa da, tenperatura ertainekin eta urte osoan zehar banatutako euriarekin. Barnealdea hotzagoa da, eta Otxandion edo Urduñan, adibidez, klima kontinentalerako trantsizioa dago. Elurra gehiagotan egiten du mendietan.
Bilbon, 1.200 mm ur erortzen dira urtero, eta batez besteko tenperaturak 9 °Ctik 20 °Cra bitartekoak dira.
Beste bi puntu hartuta klimaren estremoak ikusiko genituzke. Horretarako klima hotza eta euritsua duen Otxandio eta klima epelagoa eta haizetsuagoa duen Galea Lurmuturra hartuko genituzke:
Otxandioko batez besteko tenperaturak eta tenperatura maximoen eta minimoen batezbestekoa adierazten duen grafika. Ikus tenperatura tartea -5etik 30era dela eta minimoa eta maximoaren artean diferentzia handia dagoela.
Punta Galean tenperaturak leunagoak dira eta haize ufada handiak izaten dira, batez ere negu partean. Ikusi batez besteko tenperaturak ez direla normalean 0tik behera ez 25etik gora joaten eta aldeak txikiak direla.
Natura
Natura 2000 sareak babesa eta kontserbazioa behar duten guneak zerrendatzen ditu[1]. Bizkaian badaude horietako gune batzuk, mendiguneak zein ibai bazterrak babesten dituztenak.
Babes Bereziko Eremuak bi dira: Gorobel mendilerroa, Urduñako hegoaldean, Arabatik ere hedatzen dena. Urdaibaiko itsasadarra bera babestuta dago, natura gune nagusia baita.
Basogintza jarduera nabarmena da Bizkaian. Bertako zuhaiztiak moztu ziren aspaldi eta pinua zein eukaliptoa erruz landatu dira, papergintza industrian erabiltzeko, batik-bat. Hori dela eta, mendi askotan aurki daitezkeen espezieak ez dira bertakoak.
Bizkaiko historia paleolitikoan hasi zen, hainbat kobazulotan aurkitu ziren margoek adierazten duten bezala. Erromatarrek eragin eskasa izan zuten lurraldean eta hori dela eta euskarak bizirik dirau gaurdaino.
Bizkaia bera Erdi Aroan eratu zen, eta 1200. urtean Gaztelak konkistatu zuen arte nafarra izan zen. Nafarroako lehen errege-leinu xemenotarren lurraldea izan zen[erreferentzia behar].
Paleolitoko artea ere sortu zen. Benta Laperran bisonteak eta hartzak irudikatuta daude. Areatzan eta Santimaminen ere hainbat animalia daude: lehenengoan gizakiak, batez ere emakumeak, ikusten dira eta bigarrenean bisontea, zaldiak, ahuntzak...
Neolitoaren lehenengo aztarnak K. a. 4. milurtekoak dira Euskal Herrian, baina aldaketek beste milurteko bat behar izan zuten guztiz gauzatzeko. K. a. 3. milurtekoan abeltzaintza eta nekazaritza sortu ziren. Hala ere, Bizkaian ez zen izan aldaketa handirik eta Kobeaga, Santimamine eta Arenatzan aurkitu ziren abeltzaintzaren lehenengo aztarnak: ardiak eta ahuntzak.
Buztingintza sortu zen, dekorazio gabekoa, Beaker kultura azaldu zen arte. Bizkai osoan hedatu zen biztanleria, gune irekietan kanpamentuak ezarri zituena, nahiz eta kobazuloak ere erabiltzen jarraitu zuten.
Klasizismoa, erromatarren garaia
Erromatar geografoek hainbat datu eman zituzten antzinako bizkaitarren inguruan. Euren esanetan bi euskal tribu zeuden gaur egungo Bizkaian: Karistioak eta Autrigoiak. Karistioak Bizkaiaren erdigunean bizi ziren, Bilbotik ekialdera, Arabako iparraldean eta Deba ibarrean. Autrigoiak, berriz, Bizkaia eta Arabako mendebaldean bizi ziren, Kantabria, Errioxa eta Burgosen ere bai. Toponimia aztertuta uste da euskaraz hitz egiten zutela. [1].Beraz, badirudi Bizkaieraren muga Karistioen eremuan zegoela.
Ez dago inongo berririk euskaldunek erromatarrekiko erresistentzia izango zutela esaten duenik, feudalizazioaren garaian izan ezik. Flaviobriga eta Portus Amanus nonbait egongo ziren Bizkaian, baina ez dira orain arte inon aurkitu. Foruan, berriz, Gernikatik gertu, erromatar presentzia argia aurkitu da [2].
Erromatarren garaiko azken aldian, feudalizazioa gertatu zen, eta, badirudi erresistentzia izan zela aldaketa horrekiko, matxinada batzuk tartean.
Erdi Aroa
Erdi Aroaren hasieran Bizkaiko historia ezin da Euskal Herriko historiatik banandu. Bisigodo eta Frankoak behin baino gehiagotan saiatu ziren konkistatzen baina ez zuten lortu eta de facto lur independentea izan zen. Garai honetako hainbat agintarik domuit vascones jartzen zuten euren txanponetan, nahiz eta egia ez zen.
Gaztelako Erresumarekin egoniko gatazkak handiak izan ziren XI. eta XI. mendeetan. Gaztelarrak Errioxako lurjabe handiek lagunduta erreboltak egin zituzten, Gaztelako feudalismoak euren interesak babesten zituelako. Gaztelaren aldekoek Haron zuten euren zentroa, Haroko jaunek lortu baitzuten sortu berri zen Bizkaiaren agintea. Bizkaia honek hasiera batean Uribe, Busturia, Markina, Zornotza eta Arratiako eskualdeak hartzen zituen, eta Urduñako hiria ere. X. mendean Momo izeneko Bizkaiko konde baten aipua badago ere, hautsi gabeko konde (eta gero jaunen) lerroa 1043. urtean hasten da, Eneko Lopez lehenengoz aipatzen denean. Hala ere Bizkaia azkar izan zen Nafarroarekin berbatua eta 1199-1200era arte Bizkaiko Jaunek ezin izan zuten euren titulua egonkortu.
Herentziaz Iñigo Lopezen hurrengoek jaso zuten titulua eta 1370anJoanes I.a Gaztelakoak infanteak lortu zuen eta beraz Gaztelako erregeek jaso zuten titulua zuzenean. Horrela Karlos I.akEspainiako erregearen titulura gehitu zuen, beti ere Bizkaiko foruen zina egiten bazuen. Foru horietan esan behar zuena zen subiranotasuna bizkaitarrengan zetzala, eta beraz Jaunaren kontra erabakiak har zitzaketela.
Jaunek Gernikako Arbolaren azpian zin egin behar zituzten foruak bertan egiten zelarik Batzar Nagusia.
Napoleonen gerren ostean euskal probintziek euren forua galtzeko arriskua ikusi zuten Espainiar Gorteen tendentzia liberala zela eta. Honek Gerra Karlistak sortu zituen, non Bizkaiak karlistak babestu zituen. Herri batzuek, batez ere Bilbok, Madrilekin bat egin zuten. Gerraren bukaeran Bizkaiak zuen autonomia murriztu zen.
2009an 1.152.658 biztanle zituen Bizkaiak (1.148.871 b. 2013-01-01ean[2]). Dentsitatea 519,90 biz/km2ekoa da. Bi datu hauekin Euskal Herriko herrialderik populatuena da. Espainiako probintzien artean dentsitate altuena dutenetatik hirugarrena da, eta populazioari dagokionez bederatzigarrena.
Eskualdeen arabera banaketa eginez gero, populazioaren gehiengoa Bilbo Handian bizi dela ikusten dugu. Hala ere, populazioa bertan asko murriztu da 1981etik2001erako tartean. Mungialdean, berriz, igo egin da.
Hurrengo grafikoetan ikusten denez azkeneko hamar urteetan guztietan heriotza gehiago egon dira jaiotzak baino. Bakarrik 2007an jaio dira emakumezko gehiago hil direnak baino. Datu hauek argi uzten dute populazioaren jaitsiera natural bat dagoela. (Iturria: Eustat)
Migrazioei dagokionez bi joera nagusi izan dira azkeneko urteetan. Hasiera batean, 1980ko hamarkadako industria krisiaren ondorioz, aurreko hamarkadetan etorritako hainbat langile berriro ere euren jaioterrietara itzuli ziren, eta horrek saldo negatiboa eman zuen. Baina 2000. urtetik aurrera joera hori aldatu eta saldoa positiboa izan da. Ez dago alde handirik migrazioetan gizon eta emakumeen artean.
Populaziorik txikiena duen udalerria Arakaldo da, 165 biztanlerekin.
Banaketa administratiboa
Bizkaiaren banaketa administratiboak historian zehar izandako gertaerei erantzuten die. Bizkaia udalerritan banatzen da, eta udalerri bakoitzak kudeaketarako, legegintzarako eta lege horiek exekutatzeko eskumenak ditu. Era berean, hainbat udalerri batzen dituzten mankomunitateak daude, zerbitzu publikoen kudeaketarako. Horretaz gain, ofizialki dagoen banaketa bakarra barruti judizialena da. Zuzenbidearen ikuspuntutik infantzoiak edo lur laua bereizi egiten dira forurik gabeko lurretik.
Bizkaia 112 udalerritan banatuta dago. Udalerri horietako hiriburuek hainbat izen dituzte, historian izandako bilakaeraren arabera: elizateak, kontzejuak, hiribilduak, alberriak, auzoak edo hiria. Bizkaiko hiri bakarra Urduña da.
Bizkaiko Foru Zuzenbide Zibilaren arabera, lur laua Bizkaiko Lurralde historikoko lurralde guztiak dira beste zuzenbide bat dutenak kenduta, hau da, hiriak eta hiribilduak kenduta.
Bizkaiko lur lauaren zati dira, orobat, Laudio eta Aramaio,[4] nahiz eta Arabako udalerriak izan.
Bizkaiko hiri eta hiribilduek ekonomia sistema ezberdina zuten. Bestelako forua zuten eta harresiak eraikitzeko eskumena ere bai. Hauek dira Bizkaian dauden hiri eta hiribilduak:
Legearen arabera, Bizkaiko forurik gabeko herriak bakarrik izango dira eraikitako mugen barnean sartzen direnak edo urbanizatuak dauden lurrak. Hiribildua hazten bada lur berri horiek foru propioa izaten jarraituko dute. Bilbon, ordea, udalerriaren hedadura osoa da lur ez aforatua.
Mungia, Larrabetzu eta Errigoiti ere izan ziren hiribilduak, baina herritarrek eskatuta, itzuli egin ziren forura.
Hiribildu batetik elizate bat bereizten bada antzinako forua berreskura dezake. Ajangizek1991n eta Arratzuk1992an prozesu hori egin zuten, Gernikatik banandu baitziren.
Banaketa historikoa
«
Gernika munduko herririk zoriontsuena da. Haritz baten gerizpean biltzen den baserritarren batzarrak erabakitzen du arazoez, eta beti hartzen ditu erabakirik zuzenenak.
Bizkaiko antzinako banaketa administratiboan garrantzi berezia zuten deiadar-mendiek. Hauetan deiadar egiten zen Batzar Nagusietara joateko eta sua pizten zen tontorrean. Hurrengoak dira:
Bizkaian Euzko Alderdi Jeltzalea eta PSOE jaio zirenez, bi mugimendu politikook historia handia dute bertan.
Gaur egun EAJ da alderdi hegemonikoa. Ia-ia udalerri guztietan irabazten du eta Bizkaiko Foru Aldundiaz gain, gorteetan dauden eserlekuen gehiengoa ere eskuratzen du.
Bizkaiko Batzar Nagusiak
Bizkako Batzar Nagusietarako hauteskundeak 4 barrutitan egiten dira:
*2011n Bildu eta Aralar banaturik aurkeztu ziren. 2011ko datuetan bi taldeen jarleku eta bozken batura agertzen da. **2011n Ezker Batua-Berdeak koalizioa aurkeztu zen.
Eusko Legebiltzarra
2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Bizkaian
Bigarrenak Bilbo eta Gasteiz, Logroño eta Zaragoza lotzen ditu. Gainera hau N1 errepidearekin batzen denean Madrila joateko bidea ere bada.
Horretaz gain badira trafiko handia jasatzen duten errepideak, Txorierriko korridorea edo Avanzada moduan. Ezkerraldea eta Uribe Kosta lotzeko eraiki zen Arrontegi Zubiak garrantzi handia du garraioari dagokionez.
Bigarren mailako errepideek gainontzeko herriak lotzen dituzte, askotan autopista hauetariko batekin, nahiz eta eurekiko paralelo beste doako errepide bat joan ohi den. Horrela Mungiarantz edo Gernikarantz dauden errepideek pisua handia hartzen dute, bietatik Bermeora ere irits daitekeelarik.
Azkenik, eta autopista egonda ere, ElorriotikArrasatera doan portuak garrantzi handia du. Barazar eta Urkiola portuek geroz eta erabilera murritzagoa dute, nahiz eta trafikoa mantendu.
Bizkaibus Bizkaiko autobus zerbitzua eskaintzen duen elkartea da.
Autobus zerbitzua eskaintzen zuten enpresa ezberdinak batu egin ziren Bizkaiko Garraio Partzuergoaren barnean. Batu ziren enpresak, EuskoTren, Adnor, Compañia de Autobuses Vascongados, eta PESA izan ziren besteak beste. Gaur egun 108 linea ezberdin daude, batzuk uda garaikoak baino ez diren arren, adibidez, hondartzetako zerbitzua eskaintzen dituzten lineak.
Bizkaitik orokorrean eta bereziki Bilbotik konpainia ugarik egiten dituzte bidaiak. Euskal Herriko gainontzeko hiriburuekin batzen dituztenak hauexek dira:
Euskal Herritik kanpora ere Bilbotik egin daitezke hainbat bidaia, Bartzelona, Madril, Kantabria, Zaragoza, Andaluzia, Mediterraneoko hainbat lekutara. Era berean ere atzerrira egin daitezke errepidezko bidaiak.
Eragileen arteko koordinaketa kudeatzeaz Bizkaiko Garraio Partzuergoak arduratzen da. Gainera, eragile guztietan erabiltzeko tituluak jaulkitzen ditu, Barik txartela euskarritzat duela. Hurrengoak dira trenbide lineak:
Bilbobus Bilbo udalerri barneko autobus zerbitzua da. Sareak 44 linea ditu: hogeitazazpi linea orokor, zortzi auzolinea (A letraz identifikatuta) linea berezi bakarra (E letraz identifikatuta) eta zortzi gautxori (G letraz identifikatuta).
2016an Bilbobusek 25.927.839 bidaiari garraiatu zituen.[9]1995. urtean metroa ezarri ostean bidaiari beherakada handia izan zen.
Sopelbus Sopela udalerri barneko autobus zerbitzua da. Sopelako herria, Metro geltokia eta hondartza batzen ditu. Autobusa uda garaian ibiltzen da ekainaren 15etikirailaren 15era.
Etxebarri Bus Etxebarriko udalerri barneko autobus zerbitzua da. Etxebarriko Metro geltokia ireki ondoren ezarri zen autobus zerbitzua, Metroa eta urrun dauden auzoak lotzeko. Lineak egunero 1.000 pertsona inguruk erabiltzen dute.
Tranbia aspaldidanik izan da Bilboko parte. XIX. mendean ezarri zen, munduko beste hiri askotan bezala. Hamarkadak pasatu ahala ordea, bere erabilera gutxituz joan zen, eta azkenik XX. mendearen erdialdera kendu egin zen zerbitzua. 2002. urtean berreskuratu egin zen zerbitzua.
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka Euskal Herriko handiena eta garrantzitsuena da. Urtero, abenduaren lehenengo hamabostaldian, lurralde osoko argitaletxeak batzen diren topagunea da, non bai nobedadeak baita aurreko urteetako liburu eta diskoak ere salgai baitaude.
1965etik antolatu izan da, eta hasieran txikia bazen ere, geroz eta handiagoa den ekimena bilakatu da. Eliza ataritik merkatura igaro zen, gero merkatutik karpa batera, eta gaur egun Landako Erakustazokan antolatzen da.
Bizkaian erreferente kultural nagusi bat da gaur egun.
1997. urtean zabaldua, arte modernoaren azken obrak biltzen ditu, bai kanpokoak, bai Euskal Herriko bertakoak ere. Txillida eta Oteizaren lanak erakutsi izan dira museoan. Frank Gehry arkitektoak diseinatu zuen titaniozko eraikina. Zabaldu zenetik mundu osotik etorritako milaka turistak bisitatu dute museoa, eta hiriaren ikur berri bihurtu dute. 2005. urtean 900.000 bisitari izan zituen.
Bilboko Arte Ederretako Museoa
1945. urtean zabaldua, Bilbok Estatu mailako arte ederretako museorik onenetarikoa duela esaten dute aditu askok. Fernando Urrutia arkitekto bilbotarrak disenaitu zuen eraikin klasikoa. Ordutik hainbat areto eta eraikin berri gehitu zaizkio museoari. Azken zabalpena 2001. urtean egin zen.
Arte erakusketak egiteaz gain, Bilbon egingo diren hainbat proiektuen erakusketak ere antolatzen dira noizbehinka. Horrez gain, Zinemateka delako programaren barnean garai ezberdinetako zine emanaldiak eskaintzen dira.
Getxoko Kirol Portuan Bizkaiko aquariumik handiena dago. Bertan Mediterraneoko eta Atlantikoko arrainak aurkitu daitezke eta eskolentzako ibilbideak ere antolatzen dituzte.
Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa
Gallartan1986an sortua Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak Euskal Herriko meatzaritzaren kultura eta historia ikertzea eta hedatzea du helburu, bereziki Bizkaiko Meatzaldeari dagokionez. Museoa dagoen lekua Euskal Herri osoko altuera gutxieneko puntua da (aire zabalean), itsas mailaren azpitik 20 metrora.
Probintzia honetan egunkaririk irakurrienak El Correo Español eta Deia dira. Biak gaztelaniaz argitaratzen dira (atalen bat izan ezik), eta biek Bizkaian daukate egoitza nagusia.