MungiaBizkaiko barrualdeko udalerria eta Mungialdeko eskualdeko hiriburua da. 2016. urtean 17.091 biztanle zituen eta itsasotik 20 metroko garaieran dagoen eremu zabala da.
Sollube (684 m) eta Jata (592 m) mendiez gain, baditu hainbat sakonune eta mendixka; besteak beste Gondramendi (217 m), Tallu (342 m) eta Berreaga (366 m).
Hauek Butroi ibaiaren ibarra inguratzen dute. Ibai hau Bizkargi (536 m) mendian sortu, Mungiatik igaro eta Gaminiz badian isurtzen du ura. Baina hau ez da alde honek duen ur-etorri bakarra; badira inguruan makina bat errakatxo eta iturri Butroi ibaiaren ibaiadarrak direnak, Atxuri, Trobika, Lauromendi, Atebarri edo Mantzorriko erreka esaterako, antzina 20 errotari eragiteko gauza zirenak.
Erdi aroan, Mungiak bi jauregi zituen: Butroi eta Billeratarren dorretxea.
Muga hauen barruan sortzen den eskualdeak Mungiaz gain, Arrieta, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Jatabe, Meñaka, Fruiz eta Bakio udalerriak ditu. Orain gutxira arte, Mungiak beste herri batzuek legez, bazituen ondoko udalerrietan hainbat barruti. Hauek hurbilen zeukaten udalerriaren esku geratu dira, kostaldeko Basorda kasu.
XX. mendeko lehen erdialdean Mungiaren biztanle kopurua nahiko egonkor mantendu zen, eta beherakada txiki bat ere izan zuen 1930eko hamarkadan. Bigarren erdialdean, berriz, hazten hasi zen, eta hazkundeak ez du etenik izan ordutik, ezta 1980ko hamarkadako krisialdian ere. Hazkunde hori azken urteotan bizkortu egin da Euskal Herriko hainbat tokitatik etorri eta herritartu diren pertsonei esker, bai eta hazkunde begetatiboaren ehuneko handiari esker ere.
Horrek guztiak populazioaren %21 hogei urtetik beherakoa izatea eragin du. Mungiako bizilagunetatik %43 oinarrizko ikasketak egiten ari da edo egin ditu, %14k profesional erako ikasketak ditu, %24k bigarren mailakoak edo erdi mailakoak, eta, %11k, berriz, goi mailakoak.
Azken urteotan, Mungia jatorri askotako jendearen bizileku gertatu da, besteak beste Ipar Afrikatik eta Hego Amerikatik etorritako hainbatena.
Euskarari dagokionez, euskaldun kopuru handia duen herria da: bizilagunen %26 gaztelaniaduna da, %16 ia euskalduna eta %58 euskaldunak dira, (horietatik %67 alfabetatuak). Berezko hizkera mendebaleko euskararen aldaera bat da.