Olinpiar Jokoak edo Joko Olinpikoak munduko hainbat tokitako atletek parte hartzen duten diziplina anitzeko nazioarteko kirol ekitaldirik handiena dira. Olinpiar Jokoak kirol munduko lehiaketa nagusitzat hartzen dira, berrehun nazio parte-hartzaile baino gehiagorekin. Lau urtean behin antolatzen dira, bai uda partean bai eta baita neguan ere. Udako eta Neguko Olinpiar Jokoen artean bi urteko tartea dago[1].
Aro Modernoko Olinpiar Jokoen lehen edizioa Atenasen egin zen, Greziako hiriburuan, 1896ko apirilak 6tik aurrera. Ekitaldi hartatik, lau urtean behin egin dira munduko hainbat hiritan, eta salbuespen bakarrak 1916, 1940 eta 1944ko edizioak izan dira, Lehen eta Bigarren Mundu Gerraren leherketaren ondorioz.
XX. eta XXI. mendeetan mugimendu olinpikoak izan duen bilakaerak hainbat aldaketa ekarri ditu Olinpiar Jokoetan. Egokitzapen horietako batzuen artean daude neguko kiroletarako Neguko Jokoen sorrera, ezintasunen bat duten atletentzako Paralinpiar Jokoak eta atleta nerabeentzako Gazteen Olinpiar Jokoak[3].
NOBk hainbat aurrerapen ekonomiko, politiko eta teknologikotara egokitu behar izan du. Horren ondorioz, Olinpiar Jokoak amateurismo hutsetik urrundu dira, Coubertinek aurreikusitakoaren arabera, atleta profesionalen parte hartzea ahalbidetzeko. Masa komunikabideen gero eta garrantzi handiagoak enpresen babesaren eta Jokoen merkaturatzearen gaiari ekin zion.
Olinpiar Mugimenduak kirol bakoitzeko nazioarteko federazioak, Olinpiar Batzorde Nazionalak eta edizio bakoitzeko Batzorde Antolatzaileak ditu. NOB da egoitza hiria aukeratzeko arduraduna. Olinpiar Gutunaren arabera, hiri anfitrioiaren ardura da Jokoak antolatzea eta finantzatzea. Hainbat ikur eta zeremonia olinpiko daude, hala nola bandera eta zuzi olinpikoak, baita irekiera eta itxiera zeremoniak ere. Ekitaldi bakoitzean lehen, bigarren eta hirugarren mailako irabazleek domina olinpikoak jasotzen dituzte: urrea, zilarra eta brontzea, hurrenez hurren.
Olinpiar Jokoei egindako kritikatzat, salatu izan da Olinpiar Jokoak antolatzen dituzten gobernuek joko hauek kirolezko zuriketarako erabiltzen dituztela. Hau da, gobernu antolatzaile horiek, kirola erabiliz, beren fama kaltetua hobetzeko helburua izan dutela. Hartara, 1936ko Udako Joko Olinpikoak, Berlinen ,Alemania naziaren kirolezko zuriketa izan zirela jotzen da.
Lehiaketara zenbait hiri-estatuetako eta antzinako Greziako erresumetako partaideak joaten ziren. Lau urteko aldia Olinpiada bezala ezagutzen zen, greziarrek denbora neurtzeko euren unitateetako bat bezala erabili zuten. Jokoetan, parte hartzen zuten hiri-estatuen arteko gatazkak atzeratu egiten ziren kirol-lehiaketak amaitu arte. Etsaitasunen etenaldi hau bake edo su-eten olinpiko bezala ezagutzen zen. Jokoak, Joko Panhelenikoak bezala ezagutzen den ziklo baten zati izan ziren, Pitiar Jokoak, Nemeo Jokoak eta Joko Istmikoak ere barne hartzen zituena[3].
Ofizialki amaitu zireneko datari dagokionez, adituen artean adostasunik ez badago ere, datarik onartuena 393. urtea da. Erromatar Inperioankristautasunaren domeinuaren hasiera data, Teodosio I.a enperadoreak kultu eta praktika pagano guztiak ezabatuak izango zirela agindu zuenean. Ohi aipatzen den beste data bat 426. urtea da. Bere oinordekoak, Teodosio II.ak, greziar tenplu guztiak suntsitzeko agindu zuenean [6].
Estadio hau 1870ean eta 1875ean izan zen olinpiar jokoen egoitza[7]. 1890ean, Wenlockeko Olinpiar Jokoetara joan ondoren, Pierre de Coubertin frantziar baroia Nazioarteko Olinpiar Batzordea (NOB) sortzeko inspiratu zen[8]. Coubertinek Brookes eta Zappasen lanetan oinarritu zituen bere ideiak, lau urtean behin ospatuko ziren nazioarteko Olinpiar Jokoak ezartzeko asmoz, eta Kongresu Olinpikoan aurkeztu zituen. Bilera hori 1894ko ekainaren 16tik 23ra egin zen, Parisko Unibertsitatean[9]. Ekainaren 23an aho batez onartu zen Olinpiar Jokoen berpizkundea zehazten zuen ebazpen bat, gainera, hauen lehen edizioa Atenasen bi urte beranduago izango zela ezarri zen. Bi urte geroago, Coubertinek Vikelas ordezkatu zuen erakunde horretako presidente gisa[10].
Atenas 1896
Lehen Olinpiar Jokoak NOBren babespean ospatu ziren Panathinaiko estadioan, Atenasen, 1896an. Bertan 12 herrialdeetako kirolariek parte hartu zuten. Zappasek eta bere lehengusu Konstantinos Zappasek fideikomiso bat utzi zioten gobernu greziarrari etorkizuneko Olinpiar Jokoak finantzatzeko. Horiek sarreren salmentaren bidez eta oroitzapenezko lehen zigiluen salmentaren bidez berreskuratzea espero zen.[11][7]
Funtzionario greziarrak eta publikoak, oro har, gogotsu zeuden Olinpiar Jokoak hartzeko esperientziarekin. Sentimendu hau, atleta askok partekatu zuten eta asko ziren Atenas ekitaldi honen egoitza iraunkorra izatea exijitu zutenak. Hala ere, NOBk egoitza mundu osoko hainbat hirietara txandakatzea bilatu zuen, honela, Paris Olinpiar Jokoen bigarren edizioaren egoitza bezala aukeratu zen[12].
1896ko Atenasen arrakastaren ondoren, Olinpiar Jokoak, bere biziraupena mehatxatu zuen geldialdi garai batean sartu ziren. 1900eanParisko Erakusketan eta 1904an San Luiseko Erakusketa Unibertsalean egindako Olinpiar Jokoak bigarren mailako atrakzioak izan ziren. 1900ean, Parisen, emakumea lehen aldiz agertu zen olinpiadetan. San Luis 1904an 650 atleta inguruk parte hartu zuten, baina 580 AEBetakoak ziren. Ospakizun horien izaera homogeneoa kontrako puntua izan zen Olinpiar Mugimenduarentzat.[13]
Jokoak 1906an berreskuratu ziren, lehen Joko Interkalatu bakarrak ospatu zirenean — horrela deituak, hirugarren olinpiadan ospatu ziren bigarren Jokoak izan zirelako — Atenasen. Horiek ez ditu ofizialki aitortzen NOBk. Nazioarteko parte hartzaile eremu zabal bat erakarri zuten, eta interes publiko handia sortu zuten. Horren ondorioz, Olinpiar Jokoen ospea eta tamaina etengabe handitu ziren.[14]
Neguko Olinpiar Jokoak neguko kirolak aurkezteko sortu ziren, logistikoki Udako Jokoetan egitea ezinezkoa zirenak. Patinaje artistikoko (1908an eta 1920an) eta izotz hockeyko (1920an) lehiaketak egin ziren udako edizioan, baina NOBk kirol zerrenda hau zabaltzea bilatu zuen neguko beste jarduera batzuk hartzeko. 1921eko Nazioarteko Olinpiar Batzordearen 19. bilkuran, Lausanan, Olinpiar Jokoen neguko bertsio bat egitea erabaki zen. 1924anChamonixen (Frantzia) ospatu ziren Parisko Jokoen esparruan eta ekitaldi hau historiara pasako zen Neguko lehen Olinpiar Jokoak bezala[15][16].
1992. urtera arte udako eta neguko Olinpiar Jokoak urte berean egiten ziren, baina NOBk ondorengo neguko Olinpiar Jokoak bi urte aurreratzea eta udakoetatik bereiztea adostu zuen. Hala, 1994an neguko Olinpiar Jokoak Lillehammerren egin zituzten.
Olinpiar Mugimenduaren aterki erakundea, Nazioarteko Olinpiar Batzordea, Olinpiar Jokoen edizio bakoitzaren egoitza den hiria aukeratzeaz, horien plangintza gainbegiratzeaz, kirol programa eguneratzeaz eta onartzeaz, eta babesletza eta irrati-difusio eskubideen negoziazioaz arduratzen da[21]. Egoitza Lausanan (Suitza) duen erakunde hau Pierre de Coubertinek sortu zuen 1894. urtean[20].
Mugimendu olinpikoak hiru elementu nagusi ditu:
Nazioarteko federazioak: kirol bat arautzen duten nazioarteko organoak dira. Adibidez, Nazioarteko Futbol Elkartuen Federazioa (FIFA) futbolaren nazioarteko federazioa da. 35 federazio daude Olinpiar Mugimenduan, olinpiar kirol bakoitzaren ordezkari gisa[22].
Batzorde olinpiko nazionalak: herrialde bakoitzaren barruko mugimendu olinpikoa ordezkatzen eta arautzen dute. Esaterako, Suediako Olinpiar Batzordea. NOBk aitortutako 205 batzorde olinpiko nazional daude[23].
Olinpiar Jokoetako Batzorde Antolatzaileak: aldi baterako batzordeak dira, Olinpiar Joko bakoitza antolatzeaz arduratzen direnak. Batzorde horiek edizio bakoitzaren ondoren desegiten dira, azken txostena NOBri ematen zaionean[24].
Frantsesa eta ingelesa dira Olinpiar Mugimenduaren hizkuntza ofizialak. Jokoen edizio bakoitzean erabiltzen den hizkuntza egoitzako herrialdeko hizkuntza da — hizkuntzak, herrialdeak hizkuntza ofizial bat baino gehiago badu —. Aldarrikapen bakoitza hiru hizkuntza horietan — edo gehiagotan — egiten da, edo bi nagusietan, baldin eta egoitzako herrialdea ingelesa edo frantsesa bada hizkuntza ofiziala.
NOBk aitortutako nazioarteko federazioek arautzen dituzte kirol olinpikoak, eta kirol horien ikuskatzaile globalen funtzioak betetzen dituzte. 35 federazio daude ordezkatuta NOBen.[28] NOBk onartutako kirol batzuk ez daude programa olinpikoan sartuta. Kirol hauek ez dira kirol olinpikotzat hartzen, baina estatus honetara pasa daitezke NOBren berrikuspen batean, Olinpiar Joko bakoitzaren amaieran egiten dena. Berrikuspen hauetan zehar, kirolak programatik kanpo utz daitezke, baldin eta erabaki hori NOBko kideen bi herenek hartzen badute.[29] Badira inoiz olinpiar saio batean egon ez diren kirol aitortuak, tartean xakea eta surfa.[26]
2004ko urria eta azaroa bitartean, NOBk Programa Olinpikoaren Batzorde bat ezarri zuen, programa olinpikoan kirolen berrikuspenaz arduratu zena, baita aitortutako kirol ez-olinpikoez ere. Helburua Jokoen edizio bakoitzeko programa olinpikoa ezartzeko ikuspegi sistematikoa aplikatzea izan zen. Zazpi irizpide formulatu zituen batzordeak kirol bat olinpiar programan sartu behar zen ala ez epaitzeko. Hauek dira irizpide horiek: kirol honen historia eta tradizioa, unibertsaltasuna, kirol honen ospea, irudia, atleten osasuna, kirola zuzentzen duen Nazioarteko Federazioaren garapena eta kirol hau egitearen kostuak. Azterketa horretatik abiatuta, Londresko Olinpiar Jokoetan sartzeko hautagai gisa onartutako bost kirol sortu ziren: golfa, karatea, errugbia, patinajea eta squash-a. NOBko Batzorde Betearazleak aztertu zituen kirol horiek, eta, ondoren, gaia 2005eko uztaileko bilkura orokorrean eztabaidatu zen, Singapurren[30]. Inklusiorako bost kirol hautagaietatik bi bakarrik aukeratu zituzten finalistatzat: karatea eta squash. 2009ko urrian NOBk 2016ko Udako Olinpiar Jokoetako olinpiar programara golfa eta errugbia gehitu zituen[31].
Jokoen edizio bakoitza baino hilabete batzuk lehenago, sugar olinpikoa pizten da Olinpian, greziar erritu zaharrak islatzen dituen zeremonia batean. Emakumezko artista batek, apaiz baten moduan jardunez, zuzi bat pizten du, eguzkiaren izpiak biltzen dituen ispilu paraboliko baten barruan jarriz, orduan pizten da lehen zuzia, horrela, zuzi olinpikoaren ibilbide bat hasiz, Jokoen edizio horretako irekiera zeremonian (pebeteroaren piztea) amaituko dena. Sua 1928tik olinpiar ikurra izan bada ere, zuziaren ibilbidea 1936ko Berlingo Olinpiar Jokoetan sartu zen, Alemaniako gobernuak bere ideologia nazionalsozialista sustatzeko egindako saiakera baten parte gisa.[32][33]
Herrialde anfitrioiaren ondare kulturala irudikatzen duen maskota olinpikoa, animalia edo giza irudi bat, 1968an sartu zen, hala ere, lehen maskota olinpikoa Waldi izan zen, 1972ko Municheko saltxitxa maskota bat. Maskota olinpikoak paper garrantzitsua jokatu du Jokoen nortasunaren sustapenean Mosku 1980tik, Misha hartz errusiarrak nazioarteko ospea lortu zuenetik. Londresko 2012ko maskotak, Wenlock eta Mandeville, "Olinpiar estadioa osatu zuten altzairu tantetatik" sortu ziren[34].
Zeremoniak
Irekiera
Karta Olinpikoan xedatutakoaren arabera, hainbat elementuk osatzen dute Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldia. Elementu horietako gehienak 1920ko Anberesko Olinpiar Jokoetan ezarri ziren[35][36]. Zeremonia, Jokoak egiten diren herrialdeko bandera altxatzearekin hasi ohi da, baita ereserki nazionalaren aurkezpenarekin ere. Geroago, herrialde horretako kulturaren musika, kantu, dantza, antzerki eta abarren adierazpen artistikoak aurkezten dira[37]. Aurkezpen artistikoak tamainan eta konplexutasunean hazi dira egoitzek beren aurrekoak baino gehiago irauten duen zeremonia bat eskaini nahi izan duten heinean. Pekingo 2008ko irekiera ekitaldia 100 milioi dolar kostatu zen, segmentu artistikoan gastatutako aurrekontuaren zati handi batekin[38].
Zeremoniaren zati artistikoaren ondoren, atletek desfilea egiten dute, herrialdeka bilduta, Estadio Olinpikoan. Greziakoa da, tradizionalki, estadiora sartzen lehena, Olinpiar Jokoen jatorriari ohore egiteko asmoz. Berehala, parte hartzen duten nazioak alfabetikoki sartzen dira estadiora, edizio horren egoitzan hitz egiten den hizkuntzaren arabera, herrialde anfitrioiaren kontingentea da sartzen azkena. 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetan, bandera greziarra sartu zen lehenik estadiora, baina, hala ere, Greziako ordezkaritza azkena sartu zen. Ereserki Olinpikoa entzuten da eta hitzaldiekin formalki hasten dira Jokoak. Azkenik, zuzi olinpikoa estadiora sartu eta pebetero olinpikoa pizten da[35].
Olinpiar Jokoen amaiera ekitaldia kirol ekitaldi guztiak amaitu ondoren izaten da. Parte hartzen duten herrialde bakoitzeko banderadunak sartzen dira estadiora, eta ondoren, inolako bereizketa nazionalik gabe elkarrekin sartzen diren atleta guztiak. Hiru bandera, dagozkien ereserki nazionalak erreproduzitzen diren bitartean igotzen dira: egoitzako bandera, Greziako bandera eta Olinpiar Jokoen hurrengo edizioko egoitzako bandera[39]. Batzorde Antolatzaileko presidenteak eta NOBko presidenteak diskurtsoak egiten dituzte. Tradizioz, NOBko presidenteak Jokoak itxita deklaratzen ditu eta "munduko gazteriari" hurrengo egoitzan lau urte beranduago elkartzera deitzen dio[40]. Itxiera zeremonian zuzi opinpikoa itzaltzen da pebeteroan. Anberesko Zeremonia bezala ezagutzen denari dagokionez, Olinpiar Jokoak antolatu zituen hiriko alkateak bandera berezi bat transferitzen dio NOBko presidenteari, honek, ondoren, hurrengo hiri anfitrioiko alkateari ematen dio. Jarraian, hurrengo egoitzak bere kulturaren erakustaldi artistiko adierazgarriak sartzen ditu[41].
Ekitaldi olinpiko bakoitzaren ondoren egiten da sariketa zeremonia bat. Lehen, bigarren eta hirugarren mailako irabazleak hiru mailako podiumera igotzen dira, eta bertan ematen dizkiete dominak. Dominak NOBko kide batek eman ondoren, hiru dominadunen bandera nazionalak igotzen dira, urrezko dominaren irabazlearen ereserki nazionala entzuten den bitartean[42].
Eztabaidak
Boikotak
Olinpiar Jokoak boikoteatu dituzten herrialdeak
1896an Olinpiar Joko modernoak sortu zirenetik, soilik Grezia, Australia, Frantzia eta Erresuma Batuako kontingenteak agertu dira edizio guztietan. Nahiz eta herrialde batzuek ez duten parte hartzerik lortzen sailkatutako atletak falta direlako, edo NOBean afiliatuta ez daudelako, batzuek, hainbat arrazoirengatik, Jokoak boikotatzea aukeratzen dute. Irlandako Olinpiar Kontseiluak1936ko Berlin boikotatu zuen, NOBk bere kontingenteak Irlandako Estatu Librearekin bat egin behar zuela azpimarratu baitzuen, Irlanda uharte osoa bakar batean ordezkatzeko[43].
1976an, Afrikako 24 herrialdek Montrealgo Jokoak protesta moduan boikotatu zituzten, Zeelanda Berria kanporatzea eskatu baitzuten, arrakastarik gabe, Hegoafrikako taldeen aurka errugbi partidak egiteagatik, euren politika arrazistengatik baztertua izan zena[45][46]. Euren mehatxua betez, Afrikako herrialdeek Guyana eta Irak batu zituzten Tanzaniak zuzendutako erretiroan[47]. Taiwanek ere Jokoak boikotatzea erabaki zuen, Txinako Herri Errepublikak Txinako Errepublikaren izenaren inguruan Batzorde Antolatzaileari egindako presioaren ondorioz. Txinako Errepublikak Taiwango bandera eta ereserkia erabiltzea ahalbidetuko zion proposamen bat baztertu zuen, betiere parte hartuko zuen izena aldatuko bazen. Taiwanek ez zuen berriro Olinpiar Jokoetan parte hartu 1984ra arte, Txina Taipei izenarekin eta bandera eta ereserki berezi batekin itzuli zenean[48][49].
Olinpiar Jokoak ideologiak sustatzeko plataforma gisa erabili izan dira. Alemania naziakAlderdi Nazional Sozialista onbera eta bakearen maitale bezala erretratatu nahi izan zuen, Berlin 1936ko Jokoen egoitza izan zenean, nagusitasuna erakusteko erabili zituzten arren. Alemania izan zen herrialde arrakastatsuena edizio horretan, eta horrek asko egin zuen aria nagusitasunaren bere alegazioak babesteko, baina Jesse Owens bezalako afroamerikarren garaipen nabarmenek, urrezko lau domina irabazi zituena, eta Ibolya Csák hungariarra bezalako juduek, mezua zapuztu zuten[51].
Australiako berrogeialdiko eta animalien babeserako legeen ondorioz, Melbournen 1956an zaldi-kirolak Stockholmen egin behar izan ziren, Olinpiar Jokoak bi herrialde ezberdinetan (bi kontinente ezberdinetan) egiten diren lehen aldia izanik.
Sydney 2000n eta Atenas 2004an, Ipar eta Hego Koreak bandera bakarrarekin desfilatu zuten bi edizioen irekiera ekitaldietan. Hala ere, bi herrialdeak bakoitza bere aldetik lehiatu ziren.
Arrazakeria
Gaur egun NOBk Olinpiar Jokoetan arrazakeriaren agerpen posibleak debekatzen dituen arren, hauek ez ziren arrotzak izan zenbait ediziotan, herrialde ezberdinetatik edo hauen atletetatik.
San Luis 1904an, kirolaren historian orban arrazistarik handiena izan zena gauzatu zen; arrazismoa Olinpiar Jokoetan agertzen zen lehen aldia ere izan zen[54]. Edizio honetan arraza ezberdinetako kirolariek parte hartu zuten, eta arraza beltzeko kirolariek Olinpiar Jokoetan parte hartzen zuten lehen aldia ere bazen. George Poage atleta estatubatuarra domin olinpiko bat irabazi zuen lehen kirolari beltza bilakatu zen. Hala ere, joko horietan arrazismoak benetan eragin zuena, paraleloki egin ziren "egun Antropologikoak" izan ziren, eta, berez, Olinpiar Jokoen parodia bat izan ziren, beste arraza batzuen aurrean nagusitasun zuria erakusteko[55].
1936ko Berlinen, zenbait mito eta kondairatan, Adolf Hitler arrazaren nagusitasuna frogatzeko jokoak erabiltzen saiatu zela uste da. Esaten denez, Hitlerrek uko egin zion Jesse Owensi (urrezko domina irabazi zuena) eskua emateari, arraza beltzekoa izateagatik, eta Owensen beraren arabera, Alemaniako gobernuaren aldetik idatzizko zoriona soilik jaso zuen. Joko horiek nazientzat umiliazioa izan zirela ere esaten da, kirolari beltz askok urrezko dominak irabaztea lortu zutelako; baina, egia esan, Alemania izan zen domina gehien irabazi zituena, eta horrekin gustura agertu omen zen Hitler[56]. Halaber, Gretel Bergmann atleta, jokoak hasi baino hilabete lehenago altuera jauzian marka nazionala berdindu arren, Alemaniako taldetik kanpo utzi zuten, judua izateagatik[57].
Hegoafrikak Olinpiar Jokoetan debutatu zuen 1908an eta normaltasun osoz parte hartu zuen hurrengo edizioetan, 1960ra arte. Hala ere, Hegoafrikan apartheid politika zegoenez, arraza beltzeko pertsonak erabat diskriminatzen zituena, NOBk Hegoafrika modu iraunkorrean Olinpiar Jokoetatik kanporatzea erabaki zuen bere politika aldatzen ez zuen bitartean. Hegoafrikak, azkenik, 1990ean apartheid politika desagerrarazi zuenean, berriro Olinpiar Jokoetan parte hartzeko baimena eman zitzaion; eta horrela, 1992an, Bartzelonan, Hegoafrikak berriz ere Olinpiar Jokoen edizio batean parte hartu zuen.
Terrorismoak ere hainbat Olinpiar Jokori eragin die, tartean, Munich 1972ri. Udako Olinpiar Jokoak Munichen egin zirenean, Israelgo olinpiar taldeko hamaika kide bahitu zituen Irail Beltza talde palestinarrak. Gaur egun Municheko sarraskia bezala ezagutzen den honetan, terroristek bi atleta bahitu eta gutxira hil zituzten, eta gainerakoak askapen saiakera huts baten ondoren hil zituzten. Alemaniako poliziako ofizial bat eta 5 terrorista ere hil ziren. Avery Brundage NOBko presidenteak uko egin zion Jokoak eteteari, eta sarraskia gertatu eta 34 ordura, esaldi polemiko batekin ekin zien berriro: "Jokoek jarraitu egin behar dute"[58][59][60].
Atlantan, 1996an, bonba bat leherrarazi zuten Centennial Olympic Parken, eta bi pertsona hil eta 111 zauritu ziren. Eric Rudolph terrorista estatubatuarra izan zen atentatuaren egilea, eta gaur egun biziarteko zigorra betetzen ari da[61]. Gatazka hauek, beste batzuen artean, Olinpiar Jokoetako segurtasuna indartzea eragin dute.
Dopina
XX. mendean, olinpiar atleta asko drogak erabiltzen hasi ziren euren trebetasun atletikoak hobetzeko eta areagotzeko. San Luis 1904an, Thomas Hicksi, maratoian urrezko domina lortu zuena, bere entrenatzaileak estriknina eman zion[62]. 1908an, Dorando Pietri italiar atletak estriknina injektatu zuen errendimendua hobetzeko eta hau erabiltzeagatik eta deskalifikatua izan zen[63][64]. Dopinak eragindako eta Olinpiar Jokoekin lotutako heriotza bakarra 1960an gertatu zen, Knud Jensen Enemark txirrindulari daniarra bere bizikletatik erori zen, eta handik denbora batera hil zen. Auzitegiko ikerketa batek anfetaminen arrastoak aurkitu zituen bere gorputzean. 1960ko hamarkadaren erdialdean, kirol federazioak errendimendua hobetzen zuten drogen erabilera debekatzen hasi ziren; 1967an, NOBek gauza bera egin zuen[65].
Dopin proba batean positibo eman zuen lehen atleta olinpikoa Hans-Gunnar Liljenwall izan zen, 1968an Mexikon alkoholagatik positibo eman zuen suediar atleta bat. Ben Johnson (100 metroak irabazi zituen) atleta kanadarraren dopina izan zen publizitaterik handiena izan zuena Seulen 1988an. Johnsonek positibo eman zuen estanozolagatik eta urrezko domina kendu zioten.[66][67]
1990 amaieran, NOBk dopinaren aurkako borroka antolatuago batean hartu zuen ekimena, 1999anDopinaren Aurkako Munduko Agentzia eratuz. 2000ko eta 2002ko Sydneyko Olinpiar Jokoetan dopin proba positiboek gorakada handia izan zuten. Halterofiliako eta sakoneko eskiko hainbat medailista dopinagatik deskalifikatu zituzten. 2006ko neguko Olinpiar Jokoetan, atleta batek bakarrik eman zuen positibo dopin azterketa batean[68]. NOBk sortutako dopinaren aurkako proben erregimenak mundu mailako erreferentzia-puntu bat ezarri du, eta mundu osoko beste kirol-federazio batzuk hori emulatzen saiatzen ari dira. 2008ko Pekingo Jokoetan, NOBk 3667 atleta ebaluatu zituzten, Dopinaren Aurkako Munduko Agentziaren babespean. Gernu eta odol probak egin zituzten, debekatutako substantziak atzemateko. Hainbat atleta baztertu zituen Olinpiar Batzorde Nazionalak Jokoen aurreko lehietatik; soilik hiru atletak eman zuten positibo dopin probetan[69].
Sexismoa
Charlotte Cooper, Olinpiar Jokoetan lehen urrezko domina irabazi zuen emakumea
2010 urterako hiru herrialdek bakarrik ez zuten emakumezko atletarik bidali Jokoetara: Brunei, Saudi Arabia eta Qatar. Urte horretan bertan, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak jakinarazi zien herrialde horiei 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan emakumeen parte-hartzea ahalbidetu eta erraztu behar zutela; bestela, baztertuak izango ziren beren jarrera aldatu arte. Anita DeFrantz NOBko Emakumearen eta Kirolaren Batzordeko presidenteak iradoki zuen herrialde horiei Olinpiar Jokoetan parte hartzea ukatu behar zitzaiela, emakumeen parte-hartzea galarazten bazuten. Handik gutxira, Qatarreko Olinpiar Batzordeak Londresera "lau tiro eta esgrima atleta bidaltzeko itxaropena" zuela iragarri zuen[73].
Olinpiar Jokoen egoitza den hiria ospakizuna baino zazpi urte lehenago aukeratu ohi dute[77]. Hautaketa-prozesua bi fasetan egiten da, eta fase horiek bi urteko aldia hartzen dute. Hautagaitzaren bila dabilen hiriak bere Batzorde Olinpiko Nazionalari eskatzen dio hautagaitza, baina herrialde bereko hiri batek baino gehiagok bere hautagaitza aurkezten badu, honek, eskuarki, barne hautaketa prozesu bat du, bere aldeko hiri bakar bat aurkeztu baitaiteke Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren ebaluaziora. Proposamenak aurkezteko epea amaitzen denean, lehenengo fasea (eskaera) eskatu zuten hiri hautagaiek Olinpiar Jokoen antolaketarekin lotutako funtsezko hainbat irizpideri buruzko galdetegia aplikatzen zaie[78].
Horrela, gutun olinpikoa eta NOBko Batzorde Betearazleak ezarritako gainerako arauak beteko dituztela bermatu behar dute eskatzaileek[77]. Erantzundako galdetegien ebaluazioa NOBko talde espezializatu batek egiten du. Galdetegiek eskatzaile bakoitzaren proiektuen ikuspegi orokorra eta Jokoak hartzeko potentziala eskaintzen dute. Ebaluazio tekniko hori oinarri hartuta, NOBko Batzorde Betearazleak hautagaitza fasera igaroko diren hautagaiak aukeratzen ditu. Hiri hautagaiak hautatutakoan, beren proiektuaren aurkezpen handiagoa eta zehatzagoa egin beharko dute, hautagaitza-espediente baten zati gisa. Hiri bakoitza ebaluazio-batzorde batek aztertzen du[78].
Batzorde horrek hiri hautagaiak ere bisitatuko ditu, tokiko funtzionarioak elkarrizketatuz eta instalazio potentzialak ikuskatuz, eta, azkenik, ondorioei buruzko txosten bat aurkeztuko du NOBren azken erabakia hartu baino hilabete lehenago. Elkarrizketa prozesuak iraun bitartean, hiri hautagaiak ere bermatu behar du Jokoak finantzatzeko gai izango dela. Batzorde ebaluatzailearen lanaren ondoren, hautagaien zerrenda NOBren bilkura orokorrean aurkezten da, eta hiri hautagairik ez duen herrialde batean bildu behar da. Bileran bildutako NOBko kideek egoitza hiri bat aukeratu behar dute. Behin hiria aukeratuta, hiri horretako hautagaitza-batzordeak (dagokion herrialdeko hautagaiarekin batera) Egoitza Hiriaren Kontratu bat sinatzen NOBkin, ofizialki Olinpiar Jokoen egoitza bihurtuz[77][78].
Hasiera batean, Neguko Olinpiar Jokoetako oraingo kiroletako batzuk, izotz gaineko hockeya eta patinaje artistikoa kasu, Udako Olinpiar Jokoetako kirol bezala hasi ziren agertzen. Baina, halako batean, izotzetan eta elurretan egiten ziren kirolentzako Olinpiar Joko propioak sortu ziren. Horrela Neguko Olinpiar Jokoak 1924tik1992ra Udako Olinpiar Jokoen urte berean ospatzen ziren, baina, 1992ko jokoen ondoren, Udako Olinpiar Jokoen bi edizioren artean sartzea erabaki zen.
1994Lillehammer (Norvegia) Edizio hau, Udako Olinpiar Jokoen bi edizioren artean tartekatu zen lehena izan zen, ordu arte udakoen urte berean ospatu baitziren.