Amsterdam[1] (nederlanderaz ˌʔɑmstərˈdɑm ahoskatua; eusk. «Amstel gaineko dikea») Herbehereetako hiriburua eta hiri populatuena da, gobernuaren egoitza Hagan kokatuta dagoen arren. Randstad izeneko — Haga, Roterdam eta Utrechekin batera — metropoli eremuaren parte da, guztira 6,5 milioi biztanle dituena[2].
XII. mendean arrantzale herrixka bat zena XVII. mendean munduko hiri aberetatsenetakoa bihurtu zen. Gaur egun herrialdeko hiri handiena eta finantza eta kultur gune garrantzitsuena da. Turismogune handia ere bada, eta mundu mailan ezagunak dira Amsterdamgo kanalak, museoak, auzo gorria eta coffee-shopak. Nazioarteko 5 milioi turista hartzen ditu urtero[3]. 1987an Europako kultura-hiriburua izan zen[4] eta 2010an UNESCOkGizateriaren Ondare izendatu zituen Amsterdamgo kanalak[5].
Etimologia
1170 eta 1173 urteetako uholdeen ondoren, bertako herritarrek Amstel ibaiaren ertzean zubi eta presa bana eraiki zituzten, herriari "Aemstelredamme" izena emanez. Izen horren lehen agerpena 1275ekourriaren 27ko dokumentu batean azaldu zen. Dokumentuan ageri zen herri hartako herritarrek ez zutela zubia gurutzatzeko bidesaririk oraindu behar Florentzio V.ari.[6]1327 urterako, izena Aemsterdam-en bilakatu zen[7].
Geografia eta klima
Kokapena
Herbeheren mendebaldean kokaturik dago hiria, Ipar Holanda probintzian. Herrialdearen hiriburua da baina ez probintziakoa, Haarlem baizik. Amstel ibaia hirian bukatzen da eta hainbat kanalen bidez IJ badiarekin elkartzen da. Ipar itsasoko kanalaren bidez Ipar itsasoarekin lotzen da.
Amsterdam itsasoaren mailaren azpian kokaturik dago, bi metrotako sakoneran[8]. Polder handien bidez eskuratu izan da inguruko lurraldea eta beraz hiri gutzia oso laua da. Hego-mendebaldean Amsterdamse Bos basoa dago, gizakiak landaturikoa.
Amsterdam hiria eta bere metropoli eremua oso urbanizaturik daude. 219,4 km2-ko azaleran hedatzen dira eta 4.457 biztanle eta 2.275 etxe daude km2 bakoitzeko. Parkeak eta natur erreserbak ere badira, azalera guztiaren %12a estaltzen dutenak[9].
Amsterdamen 100 kilometro ubide baino gehiago daude eta gehienak nabigatzeko modukoak dira. Erdi Aroan Singel izeneko putzuak inguratzen zuen hiria eta gaur egun hiriko barreneko eraztuna da. Honek perra itxura eman dio hiriari. Hiriko hiru kanal handienak Herengracht, Keizersgracht eta Prinsengracht dira. Kanal hauek 90 uharte sortarazi dituzte eta 1.200 zubik elkartzen dituzte[10].
Amsterdam Herbehereetako beste hiri handiak baino berriagoa da. Chris de Bont geografo eta historialariak 2008an esan zuenez Amsterdam inguruko lurrak X. mendean irabazi zitzaizkion itsasoari. Honek ordea ez du esan nahi lurrak landatu eta asentamendua orduan gertatuko zenik, dirudienez eremu guztia zohikatza eskuratzeko erabili zen hasiera hartan[13].
Arrantzale herria zen XII. mendean eta 1275eko urriaren 27an biztanleei zubia erabiltzeko bidesaria ordaintzearen betebeharra kendu zitzaien. Ondorioz une hau bihurtu da Amsterdamen fundazio data. 1300 edo 1306 urtean hiri titulua eskuratu zuen[14]. XIV. mendean merkatalgune garrantzitsu gisa garatzen joan zen eta Hansa ligan sartzearekin batera Europa iparraldeko hiri garrantzitsua bihurtu zen beste hainbat hiri holandar eta alemaniarrekin batera. 1345. urtean Kalverstraaten mirari bat gertatu zen eta hiria erromes protestanteetzako erreferentziazko gunea bihurtu zen[15].
Espainiarrekiko independentzia
XVI. mendean herbeheretarrak Filipe IIa Espainiakoaren aurka altxatu ziren. Hainbat izan ziren arrazoiak, baina nagusiak espainiar agintariek ezarri zituzten zerga berriak eta batez ere Espainiar Inkisizioak protestantismoa jazartu izana. 1568an hasi zen matxinada eta Laurogei Urteko Gerra sortu zen. Amaieran Herbehereek beren independentzia lortu zuten[16].
Matxinadaren buruzagia Gilen I.a Orange-Nassaukoa "Isila" esaten ziotena izan zen eta hark bultzatuta Herbehereetako Errepublikak erlijio tolerantzia sustatu zuen. Honi esker Amsterdam hiriaren babesera Iberiar penintsulako juduak, Frantziako higanotak, Flandriako merkatari eta inprimatzaileak eta Espainiarrek oraindik kontrolatzen zuten Herbehereetako erlijio errefuxiatu ugari etorri ziren. Inprimatzaile horien bidez eta tolerantzia guztia medio, Europako prentsa-askatasunaren erdigunea bihurtu zen Amsterdam.
Urrezko Aroa
XVII. mendean, Amsterdamgo kaitik itsasontziak Baltikora, Ipar Amerikara, Afrikara, Asia hego-ekialdera (Indonesia, India, Sri Lanka...) eta Brasilera joaten ziren. Amsterdamek kudeatzen zituen merkatalbideak hain zabalak izanik Ekialdeko Indietako Konpainia (1602) eta Mendebaldeko Indietako Konpainia (1621) eratu behar izan zituzten. Konpainia biek eskuraturiko jabetzak Herbehereetako kolonia bihurtu ziren. Amsterdameko Bankua (1609) sortu ondoren mendebaldeko Finantza erdigunea bihurtu zen[17].
«
Bankuaren seguritatea ez datza hantxe aurkitzen den urrean eta zilarrean soilik, Hiri osoaren eta Amsterdameko Estatu osoaren kreditua ere kontuan izan behar baita, hauen dirutzak eta errentak zenbait Erresumatakoak bezain handiak baitira, eta bankuak bertan utzitako diru guztiaz erantzun behar baitu derrigorrez.
Ekialdeko Indietako Konpainia munduko burtsa handiena bihurtu zen eta Mendebaldeko Indietako Konpainiak bultzatu eta eraiki zuen Nieuw Amsterdam Ipar Ameriketako hiria (1621), gerora New York izango zena hain zuzen ere.
Gainbehera eta modernizazioa
XVIII eta XIX. mendeetan Amsterdamen gainbehera etorri zen. Herbehereetako Errepublikak Ingalaterra eta Frantziarekin izan zituen gerrek nabarmen kaltetu zuten hiriaren ekonomia. Napoleondar Gerretan behea jo zuen baina 1815ean Herbehereetako Erresuma Batua eratu zen eta Amsterdam hiriburua bihurtzeak errekuperaziorako oinarria ezarri zuen.
XIX. mendearen amaieran museoak, trenbidea eta Concertgebouw kontzetu aretoa erakitzearekin batera Industria Iraultza iritsi zen eta bigarren Urrezko Aro antzekoa bizi izan zuen hiriak. Amsterdam–Rhin ubidea eraiki zen eta honek Rhin ibaiarekin eta Ipar itsasoarekin lotu zuen hiria. Honi esker Europako hiri askorekin merkatal harremanak berreskuratu zituen.
XX. mendea
XX. mendearen hasieran hiriaren zabalkundea hasi zen, hiri historikoaren inguruan suburbio berriak eratuz kanaletatik haratago. Lehen Mundu Gerran herrialde neutrala izan bazen ere elikagai eta erregai eskasia sufritu zituen. Elikagai eskasia honek Aardappeloproer matxinada (patataren matxinada) ekarri zuen. Jendeak denda eta biltegiak harpilatu zituen[19].
1916an uholeak jasan ondoren hiriaren iparraldean zeuden Durgerdam, Holysloot, Zunderdorp eta Schellingwoude herriek Amsterdamen barneratzeko eskaria egin zuten 1921ean[20]. Hurrengo hamarkada bietan hiriak hedatzen jarraitu zuen. Garai hartakoa da hiriaren mendebaldean dagoen Jordaan barrutia.
Bigarren Mundu Gerran, 1940ko maiatzaren 10ean naziek Amsterdam okupatu zuten eta hainbat hiritarrek juduak jazarri zituzten. 100.000 herbeheretar judu eraman zituzten nazien kontzentrazio-esparrutara, horietako 60.000 amsterdamdarrak zirela esimatzen da. Jazarritako judu ezagunena Anne Frank izan zen[21]. Honi erantzunez komunistek 1941eko otsailean greba antolatu zuten eta 300.000 biztanlek hartu zuten parte nazien jazarpen hauen kontrako protestan. Gerra amaitzerakoan Amsterdam inguruko hirietatik isolatua gelditu zen eta berriz ere elikagai eta erregai eskasia sufritu zuen. Jende ugarik hiritik alde egin zuen eta txakurrak, katuak eta tulipan bulboak jan zituzten bizirauteko[22]. Amsterdameko zuhaitz gehienak moztu ziren eta judu deportatuen etxeetako egur guztia erabili zen negua pasatzeko erregai gisa.
Hurrengo hamarkadetan auzo berriak eraiki ziren, parke zabalak zituztenak, eta 1977an metroa eraiki zen. Autopista bat eraikitzeko juduen auzoetako etxeak botatzeko plana abiatu zen eta etxeak eraisteko jarduera gorenean zegoenean, 1975ean, Nieuwmarktrellen matxinada gogorra gertatu zen. Eraisketak etetea lortu zen eta beraz autopista egiteko plana bertan behera gelditu zen[23].
Europar Batasuneko gobernu arteko bilkuraren ondoren (1996ko martxoa-1997ko ekaina) izenpetu zen ituna, estatu kideek berretsia izan ondoren 1999ko maiatzaren 1ean indarrean jarri zena. Itun honek Maastrichtekoa zuzentzen eta osatzen du: zenbait zuzenketa tekniko egin dizkio Europar Batasunaren jardunbideari, epailetza eta polizia espazio komun bat abian jarri du, eta atzerri eta segurtasun politika bateratu baten egitasmoa zehaztu.
XXI. mendea
XXI. mendearen hasieran Amsterdam oso turistikoa bihurtu zen. 2010 urtean UNESCOkGizateriaren Ondare izendatu zituen Amsterdamgo hiru kanal kontzentrikoak[24] eta "Iparraldeko Venezia" ezizena hartu zuen hiriak[25]. 2012. urtean 10 milioi turista jaso zituen eta 2015ean 17 milioi. Honen ondorioz etxebizitzak garestitu egin dira eta saltoki eta jatetxeak ere bai. Hiritarrak alde turistikotik ateratzen hasi dira, ezin baitute bizi maila horrekin jarraitu eta horrek Veneziarekin konparazio berriak egitea ekarri du[26].
Demografia
Populazioaren bilakaera
1300 urtean Amsterdamek 1000 biztanle zituen[27]. XV. eta XVI. mendeetan Herbehereetako gainerako hirien populazioak behera egin bazuen ere Amsterdamgoa igo egin zen Frantziatik higanotak, Iberiar penintsulatik juduak eta Alemania eta Eskandinaviatik beste hainbat etorkin ere jaso zituelako. Espainiarrek Anberes hartu zutenean bertako biztanle askok Amsterdamera egin zuten ihes. 1600. urtean 50.000 biztanle zituen[27] eta 1660. hamarkadarako 200.000 ziren[28]. XVIII. mendean populazioa egonkortu egin zen. 1750. urtean Europako laugarren hiri handiena zen, Londres (676.000), Paris (560.000) eta Napoliren (324.000) ondoren[29]. Horretaz gain hiri handiak zituen gertuan, Leiden (67.000), Rotterdam (45.000), Haarlem (38.000) eta Utrecht (30.000) besteak beste[30].
Industrializazioak gorakada berria ekarri zuen eta 1959. urtean 872.000 biztanle zituen Amsterdamek. Hurrengo hamarkadetan berriz behera egin zuen eta 1985ean 675.570ko populazioa izan zuen. 2019an 873.000 biztanletara iritsi zen berriz.
Jatorri etnikoa
XV. eta XVI. mendeetan izan zuen juduen inmigrazioa dela eta Bigarren Mundu Gerra izan aurretik hiriaren populazioaren %10a osatzen zuten juduek.
XX. mendeari dagokionez Herbehereen kolonietatik iritsi zen jendea. 1940 eta 1950. hamarkadan indonesiarrak eta 1975eetik aurrera Surinamgo etorkinak jaso zituen. Bitartean, 1960. hamarkadan Turkia, Maroko, Italia eta Espainiatik ere jende asko etorri zen Amsterdamera. Gaur egun herbeheretar jatorriko biztanleak gutxiengo bat dira, gutxiengo handiena, hori bai. Estimazioen arabera populazioaren herena ez da europar jatorrikoa eta haurrei dagokienez %50era iristen da[31].
Guztira 180 nazionalitate ezberdineko jendea aurkitzen da Amsterdamen[32]. Honako hau da gaur egungo talde etnikoen kopurua eta portzentaia, 2018ko datuen arabera:[33]
2015eko datuen arabera populazioaren %62ak ez du erlijio batekiko atxikipenik adierazten. Erlijiorik zabalduenak islama (%12,1), Katolizismoa (%11,2) eta Herbehereetako protestantismoa (%5,9) dira.
Hiriaren egitura
Egitura orokorra
Amsterdam hiriaren erdigunea Amsterdam Centraal tren geltokiaren eta Damrak etorbidearen hegoaldera zabaltzen da. Damrak kalearen ekialdean De Wallen auzoa dago, Amsterdamgo auzo gorria hain zuzen ere. Honen hegoaldean juduen auzoa zena aurkitzen da, Waterlooplein. Auzo hauek inguratuz Amsterdamgo kanalak aurkitzen dira, grachten izena hartzen dutenak. Kanal hauek osatzen duten auzoa beraz Grachtengordel deitzen da[34]. Kanal hauetatik haratago Jordaan eta Pijp langile auzoak, Museumplein (museoen eremua), Vondelpark (XIX. mendeko parkea) eta Plantage auzoa daude.
Hiriaren erdigunearen inguruan polderrez osaturiko auzoak aurkitzen dira, -meer (aintzira) atzizkiarekin izendatzen direnak, Aalsmeer, Bijlmermeer, Haarlemmermeer eta Watergraafsmeer.
Hiriko kanal zaharrena Singel da, Erdi Aroko hiribildua inguratzen zuen putzua zen hain zuzen ere[35]. XVII. mendean inmigrazioa maila gorenean zegoenean hiriaren egituraketa zentzuduna egitea erabaki zen[36] eta IJ badiatik ateratzen ziren lau kanal kontzentriko eraiki ziren. Kanal hauetako hiru erresidentzialak bihurtu ziren eta Grachtengordel auzoa osatu zuten. Barnetik kanporako ordenean Herengracht (jauntxo agintarien kanala), Keizersgracht (Enperadorearen kanala) eta Prinsengracht (printzearen kanala)[35]. Laugarren kanala Singelgracht da, baina hiriguneko mapa askotan ez da agertu ere egiten.
Kanalek ura kudeatzeko aukera ematen zuten, babes egiturak ziren eta garraiorako ere erabiltzen ziren. Dike eta hesiak eraiki ziren, baina ere azpiegitura handia eskatzen zuten elementurik.
Eraikuntza 1613an hasi zen eta mendebaldetik ekialdera eta hiriaren erdigunetik kanpoaldera osatu ziren. Hegoalderen zegoen kanala 1656an amaitu zen eta hauen inguruan altxatu ziren etxeen eraikuntza asko luzatu zen. Amstel ibaiaren eta IJ badiaren arteko eremuan ez zen knalik ezarri eta beraz lursail hori parke bihurtu zen eta aisialdirako egiturak altxatu ziren, antzokiak esate baterako[37].
XIX. mendean Samuel Sarphatik Londres edo Parisen handitasuna bilatu nahian hiriaren zabalkundea diseinatu zuen. Grachtengordel eremutik haratago kale berriak, aisialdirako eremuak eta auzo erresidentzial berriak eraiki ziren. Jacobus van Niftrik eta Jan Kalff ingeniariek XIX. mendeko auzoen eraztun bat altxatu zuten, langile klasea kokatzeko[38]. XX. mendean Berlage arkitektoak hegoaldean eta mendebaldean auzo berriak diseinatu zituen. Etxe blokeak eraiki ziren orduan[39].
Bigarren Mundu Gerraren ondoren hiri barneko espazio eskasia zela eta kanpoaldean ongi konektaturiko auzo zabalak eraiki ziren. Eraikin modernoak eta zabalak altxatu ziren, espazio berdeez inguratuak eta etorbide zabalak zituztenak, mendebaldean Westelijke Tuinsteden[40] eta hegoaldean Bijlmer.
Parkeak
Amsterdamen parke ugari aurkitzen dira. Vondelpark da handiena eta hiriaren hego-mendebaldean kokaturik dago. Joost van den Vondel poetaren izena hartzen du[41]. Aisaldirako eremu handiena Amsterdamse Bos basoa da, 1.000 hektareatako azalera du eta urtero 4'5 milioi bisitari izaten ditu. Museoak kokaturik dauden Museumplein ere parke zabal bat da.
Ekonomia
Administrazio eta banka gune garrantzitsua da Amsterdam[42]. Europa mailako bosgarren hiri egokiena kontsideratzen da nazioarteko negozio bat ezartzeko, Londres, Paris, Frankfurt eta Bartzelonaren ondoren[43]. Bulego txiki asko hiriaren erdigunean badaude ere, konpainia handienen egoitzak Zuidas eremuan daude[44].
Amsterdamgo portua Herbehereetako bigarren portua da, Rotterdamgoaren ondoren, Europako laugarrena eta munduko 38.a. 2014an 97,4 milioi tona kargatu ziren bertan. Gurutzaontziei dagokienez Herbehereetako garrantzitsuena da, urtero 150 inguru hartzen baititu.
Amsterdam garrantzi handiko industrigunea da: itsasontzigintza, garagardogintza, kimika, mekanika eta elektronika industria, ehungintza; diamante lantzea.
Garraioa
Hirian bertan 16 tranbia lerro eta bost metro lerro daude. Metroa 1977an jarri zen martxan eta 39 geltoki eta 42,7 kilometrotako luzera hartzen du[45].
Amsterdam Centraal da hiriko tren geltoki nagusia. Autobus eta metro geltokia ere baditu barnean. Eraikina 1889an inauguratu zen. Amsterdam Centraaletik Europako herrialde askotarako trenak ateratzen dira, Alemania, Austria, Belgika, Bielorrusia, Danimarka, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia, Hungaria, Polonia, Txekia eta Suitza, esate baterako. Tren lerro aipagarrienak Nederlandse Spoorwegen (Berlinera), Eurostar (Bruselara eta Londresera), Thalys (Bruselara eta Parisera) eta Intercity-Express (Koloniara eta Frankfurtera) dira.
Amsterdam-Schiphol aireportua herrialde osoko nagusia da eta Europako hirugarren handiena. Mundu mailan 14.a da eta 68 milioi bidaiari hartzen ditu urtero. Aipatzekoa da aireportua itsasoaren mailaren azpitik kokaturik dagoela, lau metrotako sakoneran. Amsterdametik 15 kilometro hego-mendebaldera kokaturik dago eta trenak eta autobusek lotzen dute hiriaren erdigunearekin[46].
Amsterdam bizikletaren hiria da eta bidegorri ugari ditu, 400 kilometro inguru[47]. 2015ean 847.000 bizikleta kontatu ziren, etxebizitza bakoitzeko 1,91 batazbeste[48].
Kultura
1638an ireki zen lehenengo antzokia, Schouwburg[49] baina XVIII. mendea izan zen antzerki frantsesa modako jarri zen garaia. XIX. mendean aldiz Alemaniako musikaren bultzadaren eraginpean opera lanak ekoizten hasi ziren eta 1888an ireki zen Hollandse Opera of Amsterdam[50]. Herri xeheak Nes eremuan vaudeville eta music hall-ak nahiago zituen.
Hiriko kalegiroa eta gaugiroa ere oso ezagunak dira. 2008an esate baterako 140 jaialdi antolatu ziren Amsterdamen. Egun aipagarrienak Koningsdag (Erregearen koroazioaren eguna, apirilaren 27a)[53], Holandako jaialdia, Amsterdamgo Gay harrotasun eguna (abuztuko lehen larunbata), Cannabis Kopa[54] eta Uitmarkt dira.
Arkitektura
Hiriko eraikin zaharrena Oude Kerk (Eliza zaharra) da, 1306an sagaratu zena, eta egurrezko eraikin zaharrena Het Houten Huys, 1425 urtekoa[55]. Biak ala biak gotiko estilokoak dira. XVII. mendean egurrezko eraikin guztiak eraitsi eta harrizkoak altxatu zituzten pizkundeko estiloan. Hendrick de Keyser arkitektoak diseinatu zituen gehienak[56], hiriaren "urrezko aro" bete betean. Horren adibide dira: J. van Campen errege jauregia, Westerkerk eta Zuiderkerk (XVII. m.).
Hiriko jauregi garrantzitsuena Dam plazan dagoen Amsterdamgo errege-erreginen jauregia da. 1648 eta 1665 artean eraiki zen udaletxea izateko eta frantziar kulturaren estilo nabarmena du[57].
1815etik aurrera arkitektoen barrokoa utzi eta estilo berriak garatu zituzten[58], neogotikoa, Jungendstil eta Art Nouveau. Museumpleineko eraikinak dira Jungendstil erara diseinaturikoak.
Bi unibertsitate aurkitzen dira hirian: Amsterdamgo Unibertsitatea (Universiteit van Amsterdam, UvA), eta Vrije Universiteit Amsterdam (VU). Giza Historiaren Nazioarteko Institutua giza zientzietan munduko ikerketa zentro handienetakoa da, bereziki langile historiari dsagokionean, eta Hortus Botanicus[65], XVII. mendekoa, munduko lorategi botaniko zaharrenetakoa da. Bertan aurkitzen den kafe-landarea Ameriketako kafe kulturaren jatorrizko landarea da[66].
Turismoa
Hiriaren lelo turistikoa I amsterdam da eta letra handietan idatzita agertzen da hiriko hainbat tokitan, ezagunena Rijksmuseumen aurrean. Amsterdamek ondasun nabarmen ugari ditu mundu mailan ezagunak direnak.
Museoak
Museo ezagunenak Museumplein eremuan daude kokaturik:
Rijksmuseum: 1800 urtean ireki zen Hagan eta 1808an Amsterdamera aldatu zen. Gaur egungo erauikina 1885. urtekoa da. XV. eta XVII. mendeen arteko margolari herbeheretarren lanak ditu ikusgai.
Stedelijk Museoa: 1895ean ireki zen eta arte modernoaren museoa da.
Van Gogh Museoa: 1973an ireki zen eta izena ematen dion Van Gogh margolariaren lanak ditu ikusgai.
Auzo gorria: Hiriko auzo turistikoena da eta alde zaharrean kokaturik dago. Prostituzioa legezkoa da eta kalean erakuslehioetan izaten dira emakumeak. Warmostraat kalea tabernaz josita dago.
Jordaan: Hiriko auzo karismatikoena da. Erdigunetik mendebaldera kokaturik dago[67].
De Pijp: Langile klasea, artistak eta inmigrantean batzen diren auzoa da. Hiriaren hegoaldean kokaturik dago[67].
Coffee-shop tabernak oso ezagunak dira. Cannabisa erre daitekeen tabernak dira. Hirian 173 coffee-shop daude, herrialde osoko %30a. 1995ean 350 cofee-shop zeuden Amsterdamen[67]. Cannabis College bulegoan hauen inguruko informazio zabala eskeintzen da[68].
Gay giroa: Amsterdamen aspalditik dago homosexualitatearen inguruko tolerantzia handia, 1960an munduko hippie erdigunetako bat bihurtu zenetik, Londres eta San Franciscorekin batera. Club iT Europako handienetakoa da eta 1989an ireki zen[69].
Bloemenmarkt: Amsterdamgo lore merkatu berezia da, Singel kanalaren gainean flotatzen kokaturik baitago. Loreak baino, loreen haziak erosteko aukera dago, bai eta Herbeheretan hain ezagunak diren tulipen erraboilak ere. 1883an ireki zituen ateak[70].
↑ abBairoch, Paul. (1991). Cities and Economic Development: From the Dawn of History to the Present. University of Chicago Press, 140 or. ISBN9780226034669..
↑Liedtke, Walter A.; Vermeer, Johannes; Plomp, Michiel; Rüger, Axe. (2001). Vermeer and the Delft School. Metropolitan Museum of Art., 197 or. ISBN9780870999734..
↑Hood, Clifton. (2016). In Pursuit of Privilege: A History of New York City's Upper Class and the Making of a Metropolis. Columbia University Press, 14 or. ISBN9780231542951..
↑Frijhoff, Willem; Prak, Maarten. (2005). Geschiedenis van Amsterdam. Zelfbewuste stadsstaat 1650–1813. Amsterdam: SUN ISBN978-9058751386..