Alemanezko essen ("jan") hitzetik datorrela dirudien arren, hiriaren izenik zaharrena Astnide da, "lizarra" esan nahi du.
Historia
Antzinatik populaturiko eremua izan da, izan ere K.a. 280.000 urteko aztarnak ere aurkitu dira Vogelheimer Klinge ibarrean. Ondoren zeltak eta antzinako germaniarrak ere izan ziren bertan. K.o. lehenengo urteetakoa da Alteburg gaztelua eta VII. mendekoa Herrenburg gaztelua.
Essen bera 845. urtean sortu zen emakumeentzat monasterioa eraikitzean. Monasterio hau X. mendeko garrantzitsuenetakoa izan zen. Monasterioaren inguruan sorturiko hiriak protestantismoa hartu zuen 1563an. 1624an, Hogeita Hamar Urteko Gerra aprobetxatuz, monasterioko burua zen Maria abade-printzesak hiria birkatolizatu nahi izan zuen, baina hiriko tropek 1628an monasteriokoak gainditu eta Mariak ihes egin behar izan zuen Koloniara.
Otondarren dinastiaren gainbeherak, ordea, Essenen garrantzia gutxitu egin zuen eta landa eremua bihurtu zen, harik eta XIX mendean ikatz meategiek herriaren eta Ruhr osoaren garapen ekonomiko itzela ekarri zuten arte. 1811n abiatu zen Krupp familiaren armagintza industriak Europako meategi hiri handiena bihurtu zuen Essen.
Bigarren Mundu Gerran oso kaltetu zen, hiriaren hiru laurdenak suntsitu baitziren, batez ere 1943ko aliatuen bonbaketetan. 1945ean britainiarrek eta estatubatuarrek okupatu zuten hiria. Britainiarren Okupazio eremuan gelditu zen Essen, Mendebaldeko Alemania eratu zen arte. Apezpikutegi katolikoa da 1958. urteaz geroztik.
Essengo katedrala (Essen Minster): Garai bateko Essengo monasterioko eliza da XI. eta XII. mendeetan estilo gotikoan eraberritua. Ondare oparoa dauka (X-XI. mendeetako urre eta zilarrezko gauzakiak).
Villa Hügel: Alfred Krupp aberatsak beretzat 1873an eraikitako egoitza.259 gela ditu eta 8.100 m²-ko azalera.28hektareatako parkeak inguratzen du.
Kettwig eta Werden auzoak.
Ekonomia
Industria- eta administraziogune garrantzitsua da: metalurgia astuna (Krupp industriaen sorterri eta egoitza hiri nagusia), kimika industria eta beiragintza dira bertako ekonomia jarduera tradizionalak. 1960ko hamarkadatik aurrera, ordea, beste industria molde bat hazi zen Essenen, industria elektrikoa eta elektronikoa.
80ko hamarkadan eskubaloia nagusitu zitzaion futbolari, izan ere TUSEM Essen taldea Alemaniako garrantzitsuenetakoa bihurtu baitzen, 3 liga, 3 kopa eta Europako Errekopa bat ere irabazi baitzuen. 2005ean EHF Kopan ere txapelduna izan zen.