Duisburgekoa munduko ibai porturik handiena da: 50 km-ko kaiak, 1.000 ha portu eraikuntzetan, eta 54.200.000 tonako sartu-irtena (1985). Hidrokarburoak esportatzen eta mineralak (nikela, kromoa, kobaltoa, wolframa, burdina) inportatzen dira bertatik. 500 km-ko burdinbideek lotzen dute hiria Ruhr arroarekin, eta Rhin-Herne ubideak Herne herriarekin lotzen du. Duisburg kimika eta metalurgia hiri garrantzitsua da.
Etimologia
XVI mendeko historiagilea zen Johannes Aventinusek jasotako kondaira baten arabera germaniarren asaba zen Tuistok sortu omen zuen hiria K.a. 2395 urte inguruan. Duisburg beraz "Tuistoren herria" litzateke. Egia esan ez dago inolako froga historikorik gertaera hau baieztatzen duenik.
Historia
Sorrera
ErromatarrekCastrum Deutonis gotorlekua sortu zuten Rhin ibaiaren ibi edo pasabidea kontrolatzeko. Pixkanaka merkatal zentru garrantzitsua bihurtu zen Rhineko garraioaz gain orduko Hellweg merkatalbide garrantzitsua pasatzen baitziren bertatik. 420 urtean frankoek konkistatu zuten. 883an Normandiarrak bertan izan ziren eta hauek idatzi zuten lehenengo aldiz Diuspargum hiria.
Erdi Aroa
Bere kokapen estrategikoagatik berehala lortu zuen hiri aske izan eta Hansa Ligan sartzea. Hala ere 1000 urtearen inguruan Rhin ibaiaren ibilbidea mendebalderantz desbideratu zen eta hiriaren garrantzia jeitsiz joan zen nekazal herri bihurtzeraino.
Aro modernoa
1655ean Unibertsitatea sortzeak Duisburgi intelektual fama eman zion, Duisburgum Doctum ezizena jaso zuelarik. 1666an Brandenburgo-Prusiaren esku gelditu zen hiria.
XIX mendean industrializazioa iritsi zen Duisburgera. Hasieran tabako eta ehungintza izan ziren jarduera ekonomiko handienak baina laster iritsi ziren burdin eta altzairu konpainiak (Thyssen eta Krupp). Lantegien inguruan auzo erraldoiak sortu ziren langileak hartzeko eta hiriaren biztanleria nabarmen igo zen.
Bigarren Mundu Gerran gogoz bonbakatua izan zen, hainbesteraino ezen historiagile batzuek benetan gogorki bonbakaturiko hiri alemaniar bakarra izan zela esaten duten bonbek berdin kaltetu baitzituzten lantegiak eta etxebizitzak. 299 bonbaketa jasan zituen Duisburgek eta hiriaren %80a erabat suntsituta gelditu zen. 1945ean estatubatuarrek ia trabarik gabe eskuratu zuten hiria. Gerra ostean berreraikuntzari ekin behar izan zitzaion.
XXI mendea
2010an Loveparade jaialdiko sarraskia gertatu zen. Jendeolde baten ondorioz 21 pertsona hil ziren eta 500 pertsonatik gora zauritu.
Bonbaketen ondorioz ia ez da eraikin historikorik gelditzen. Hala ere aipagarria da XIII. mendeko eliza gotikoa.
Demografia
Duisburgok ia milioi erdi biztanle ditu eta honek Ipar Renania-Westfaliako hiri handienetakoa bihurtzen du. Inmigrazio tasa handienetakoa duena ere bada izan ere 83.232 turkiar bizi dira bertan, zeinak populazio guztiaren %17a egiten duen. Hauetaz gain Europako beste herrialdeetako 41.617 biztanle ere badaude, batez ere Jugoslavia ohikoak.
Turkiarren presentzia nabaria da beraz eta aipatzekoa da Duisburgeko Merkez mezkita herrialde ez-musulman batean dagoen munduko mezkitarik handiena dela.
Hiri senidetuak
Duisburg ondorengo hiriekin senidetuta dago:[3][4]