Togo[1], ofizialki Togoko Errepublika (frantsesez: République togolaise), Afrikako mendebaldean dagoen herrialdea da. Lome da hiriburu eta hiri nagusia.
Togoko lurraldeak 100 km zabal eta 600 km luze den lauki zuzen baten eitea du. Sei alderdi nagusi bereizten dira lurraldean. Kostaldea estua da, eta hondartza hareatsuz eta aintziraz osatua da. Kostaldearen iparraldean, Ouatxiko goi-ordokiak 60-90 metro bitarteko garaiera du. Ipar-ekialdean beste goi-ordoki bat da, aurrekoa baino garaiagoa, Mono ibaiak eta honen adarrek ureztatua. Goi-ordokiaren iparraldean, Togoko mendikateak (Baumann mendia, 986 metro) hego-mendebaletik ipar-ekialdera zeharkatzen du lurraldea. Mendien ondoren, Oti ibaiaren hareharrizko goi-ordokia nabarmentzen da, eta ipar-mendebalean lurralde garaiago bat, granito eta gneis harriez osatua.
Klima eta landaredia
Togok klima tropikala du. Urteko batez besteko hozberoak gorabehera handiagoak ditu iparraldean (18-38 °C) hegoaldean (23-32 °C) baino. Euria, hegoaldean, apiriletik ekainera eta irailetik urrira izaten da; iparraldeak, berriz, euri sasoi bakar bat du, ekainetik irailera. Euri gehiena Palime eskualdean izaten da (1.800 mm) eta gutxiena kostaldean (610-914 mm). Sabanako landarediak hartzen du Togoko lurralde gehiena, baina hegoaldean baso tropikalak, kostaldean ur gazitako landaredia eta kostaldeko aintziretan ihiak hazten dira.
Banaketa administratiboa
Togo bost eskualdetan (région, pluralez, régions) banatuta dago:
Era berean, eskualdeak 30 prefeturatan eta udalerri batean zatiturik daude.
Historia
Togoko historia Ghana, Burkina, Benin eta Nigeriako auzo herriekin lotua dago, XIV. mendetik aurrera herrialde horietatik joandako herriak (eweak, yorubak…) iritsi baitziren Togora. XVI. eta XIX. mendea artean, daniarrak eta portugaldarrak, eta baita frantziarrak eta britainiarrak ere, esklaboen salerosketan aritu ziren; jarduera horrek gatazkak eta herriak bizitokiz aldatzea ekarri zituen. XIX. mendearen erdialdean, palmondo-olioaren salerosketa hasi zen esklaboenaren ordez, eta europarrek lantokiak zabaldu zituzten kostaldean. Geroxeago, Berlingo hitzarmenean (1884-1885), Afrikako lurraldeak alemaniarren, frantsesen eta britainiarren artean banatu ziren. 1847an, alemaniar misiolariak iritsi ziren gaur egungo Togora, eta 1884an, Nachtigal alemaniar esploratzaileak lurraldeko buruzagi batzuek alemaniarren babesa onar zezaten lortu zuen. Alemaniarrek «Togo» izena eman zioten lurraldeari. Azpiegiturako lanak egin zituzten, togotarrak lan gogorretara behartuz. Lehen Mundu Gerraren ondoren, alemaniarrak galtzaile izan baitziren, Nazio Batuen Elkarteak Britainia Handiaren administraziopean utzi zuen lurraldearen mendebala, eta Frantziarenean lurraldearen gainerakoa, kostaldea barne. 1946an, Frantziak eta Britainia Handiak Nazio Batuen zainpean utzi zituzten lurraldeak. Hamar urteren buruan, britainiarren zatia Urrezko Kostari (geroago, Ghana) lotu zitzaion, eta frantsesena Togoko Errepublika Autonomo bilakatu zen.
Togo burujabea
1960an, Togok burujabetasun osoa erdietsi zuen, baina aurrerantzean ere harreman estuak izan zituen Frantziarekin. Handik aurrera, hilketak eta estatu kolpeak izan ziren, aginpidea eskuratzeko. Togoko lehen lehendakaria, Sylvanus Olympio, atentatu batean hil zuten 1963. urtean. 1967an, Étienne Gnassingbe Eyadéma jeneralak hartu zuen aginpidea; hark ezarritako diktadura Afrikan izan den gogorrenetako bat da. 1979an, erreferendum bidez, konstituzio bat onartu zen, aginpide oso-osoa lehendakariaren eskuetan uzten zuena, eta Togoko Herri Biltzarra legezko alderdi politiko bakartzat hartzen zuena. 1986ko hauteskundeetan Eyadema presidentea beste zazpi urterako hautatu zuten, botoen % 99,9rekin. Merkataritza balantza defizitazioa zen eta kanpo zorra 1270 milioi dolarrera iritsi zen 1990ean. Hala, gobernuak hainbat neurri ekonomiko hartu zituen egoera hobetzeko, besteak beste pribatizazioak. 1991n, 80 km2-ko ehiza parke bat eraikitzeko asmoz, Togoko iparraldeko 10.000 nekazari baino gehiago lurrik gabe gelditu ziren. Hainbat manifestazio izan ziren herrialdeko hiri nagusietan. Baina zapalkuntza izugarria izan zen eta hilak izan ziren. Handik gutxira Eyademak oposizioko alderdiak legeztatu zituen, eta preso politikoei amnistia emango ziela adierazi zuen. Biltzar Nazional batek behin behineko Lehen ministro Kokou Koffigoh izendatu zuen (giza eskubideen aldeko politikaria) eta biltzar legegile bat osatu zuen. Biltzar horrek gudarostearen buruzagi kargutik kendu zuen Eyadema eta 1992ko hauteskundeetara aurkeztea debekatu zion. Eyademaren alderdia ere (Togoko Herriaren Bilkura, RPT) desegin zen. Horrek guztiak militarren estatu kolpe bat ekarri zuen. Oposizioko alderdi politikoek eta erakundeek diktaduraren kontra egiteko eskatu zuten. 1993an Eyademak onartu zuen berriz hauteskundeak egitea. Gerra zibila nagusi zela, Eyademak botoen % 96,5 lortu zuen; hauteskunde haiek iruzurra izan zirela adierazi zuen oposizioak. Kaleetan borrokak ugari ziren. 1994ko legebiltzarrerako hauteskundeetan oposizioak irabazi zuen, baina Eyademak ez zuen onartu gobernuan alderdi ofizialeko kiderik ez egotea. Urte horretan bertan, izugarrizko euriteak izan ziren, eta 150.000 lagun etxebizitzarik gabe gelditu ziren hiriburuan, eta herrialdearen iparraldean eta erdialdean 21.000 lagun kale gorrian gelditu ziren. 1997an oposizioko alderdiak Eyadema kargutik kentzeko bateratzen saiatu ziren. Presidenteak, 1967. urteaz geroztik aginpidean, militarren presioari aurre egin behar zion. 1998an hauteskundeak izan ziren, eta Eyademak botoen % 52 lortu zuen. Baina hauteskunde haiek ere ez ziren garbiak izan, eta Europar Batasunak ez zituen ontzat hartu. 2005ean, Eyadema bihotzekoak jota hil zen, baina hil aurretik aldatua zuen konstituzioa agintaritza bere semeak har zezan. Nazioarteko erakundeen eta oposizioaren presioz, Eyademaren semeak hauteskundeak deitu behar izan zituen, eta irabazi egin zituen, nahiz oposizioak eta nazioarteko begiraleek iruzurra salatu. Oposizioko buru Emmanuel Bob-Akitanik lehendakaritzat izendatu zuen bere burua, baina Faure Gnassingbé Eyademaren semeak jarraitzen du gaur egun agintean.
Demografia
Togoko biztanleriaren hazkundea % 3 ingurukoa da. Togoarren % 46 15 urtetik beherakoa da. Herrialde osoko dentsitatea 76 bizt/km2-koa da batez beste, baina hegoaldean 200 biztanle bizi dira km2-ko. Nekazari herrialdea da oro har, baina hiriburuaren inguruan gero eta jende gehiago pilatzen ari da hala ere (500.000 biztanletik gora). Osasun egoera eta zerbitzuak txarrak dira. Arazo nagusiak elikadura urritasunak eragindako eritasunak, paludismoa, disenteria, meningitisa, sukar horia eta tuberkulosia dira. Haurren heriotza kopurua oso handia da (% 9), nahiz eta inguruko herrialdeetakoa baino apalagoa izan, eta biztanleen batez besteko bizi itxaropena 55 urte ingurukoa da.
2006an Togok 5.548.702 biztanle zituen. Horietatik % 99 beltzak ziren, eta gainerakoak Europako jatorrikoa edo europarren ondorengoak. Frantsesa hizkuntza ofiziala da. Bizi itxaropena 57 urtekoa da. Alfabetizazioari dagokionez, % 60 alfabetatuta dago. Emakumeko haur kopurua 4,96koa da, eta kalkuluen arabera, populazio osoaren % 4 HIESaz kutsatuta dago.
40 talde etniko daude Togon: garrantzitsuenak eweak dira (% 46), iparraldean eta kabreak (% 22), hegoaldean. Haien artean gatazka gogorrak izan dituzte.
Nazio Batuen Erakundeak kaleratutako Giza Garapenaren Adierazlean, Togo nahiko atzean ageri da, 139. postuan, 173tik. Indize horrek bizi itxaropena, barne produktu gordina eta eskolaratze tasa neurtzen ditu.
Togo errepublika bat da. 1991 arte Togoko Herriaren Biltzarra legeztatutako alderdi politiko bakarraren mendean egon zen. 1979. urteko konstituzioaren arabera, errepublikako lehendakaria gobernu burua ere bada, berak du aginpide eragilea, eta baita Legebiltzarra desegitekoa ere; halaber, berak hautatzen ditu ministro batzordeko kideak. Zazpi urtez behin hautatzen da, zuzeneko bozketa bidez. Nazio Biltzarra osatzen duten 77 kideak bost urtez behin hautatzen dira. Administrazioarentzat Togo bost eskualdetan banatua dago.
Irakaskuntza dohain da. Hala ere, haurren % 70k baino ez ditu lehen mailako ikasketak egiten, eta % 20k baizik ez bigarren mailakoak. XX. mendearen bukaeran, 15 urte baino gehiago dituzten gizonezkoen % 51 eta emakumezkoen % 28 baizik ez daude alfabetatuak. Lomen Beningo Unibertsitatea dago, baina ikasle askok erbestean egiten dituzte goi mailako ikasketak, Frantzian, batez ere.
Ekonomia
Togo herrialde behartsua da. Ekonomia nekazaritzan oinarritzen da, nahiz eta lurraldearen laurden bat baino ez den lantzen, nekazaritzak langileen % 70 eta NPGren % 25 hartzen baititu. Mantenurako lantzen diren gai nagusiak mandioka, ñamea, artatxikia, basartoa, artoa, tomatea, zainak eta erraboilak dira. Kafea, kakahuetea eta kakaoa esportatzeko lantzen dira, baina ekoizpenari eusteko dauden zailtasunak direla-eta, Europar Batasunaren eta Munduko Bankuaren laguntza jasotzen du Togok. Fosfatoen ustiaketa garrantzi handikoa da Togoko ekonomiarentzat, are gehiago kontuan hartzen bada nekazaritza krisian dagoela eta gainerako industria herrialdeko bertako beharretara bideratua (porlana, garagardoa, kotoizko jantziak, oinetakoak eta lanabesak). 1990-1993 urteen bitarteko krisi politikoaren eraginez, Togoko ekonomia krisi egoera larrian sartu zen: fosfatoen ekoizpena erdira jaitsi zen, hegoaldeko biztanleek ihes egin baitzuten errepresioaren eraginez. Krisialdi horren ondoren nolabaiteko hobekuntza nabari da, baina autoritarismoan oinarritutako estatu aparatua mantentzeak ez dio mesederik egiten ekonomiaren bilakaerari.