1957ko martxoaren 6an, herrialde independente bihurtu zen, Urre Kosta britainiar koloniatik. Independentzia eskuratu zuen Afrikako lehen kolonia izan zen, eta bide bera egin zuten besteen eredu gertatu zen.
Kanbriarraurreko arrokak dira nagusi ia herrialde osoan, eta oso higaturik daude. Hori dela-eta, erliebea laua da. Bost eskualde bereizten dira:[3]
Itsasertzeko ordokia hegoaldean, kostaldeko sabana, Akango lur behereak, Akkrako lautada eta Voltaren delta hartzen dituena.
Ashantiko lur garaiak eta Kwahuko goi-ordokia mendebaldean, Boli Kostako mugatik Voltaren arroraino. Goi-ordokiaren batez besteko garaiera 450 metrokoa, eta 762 metrora iristen da punturik gorenean.
Akwapim-Togo mendilerroak ekialdean, Akkraren ekialdetik Togoraino. Volta ibaiak zeharkatzen du mendilerroen hego-ekialdea, arroila sakon eta estu bat eratuz. Togoko mugatik hurbil dago herrialdeko mendirik garaiena: Afadjato (885 metro).
Voltaren arroa erdialdean. Herrialdearen % 45 hartzen du.
Iparraldeko eta ipar-ekialdeko goi-ordokia. 150 eta 300 metro arteko garaiera dauka.
Hidrografia
Kwahuko goi-ordokiak banatzen ditu herrialdeko arro hidrografiko nagusiak. Iparraldean eta ekialdean Volta ibaiaren arroa dago, 388.000 kilometro koadroko azalera duena (158.000 kilometro koadro Ghanan). Afram eta Oti dira haren adar nagusiak. 1961 eta 1965 bitartean eraikitako Akosomboko presak Volta aintzira eratu zuen, munduko urtegirik handienetako bat. Goi-ordokiaren hegoaldean, berriz, Atlantikora zuzen isurtzen diren ibai batzuk daude; Pra, Tano, Ankobra, Birim eta Densu dira garrantzitsuenak.[3]
Herri liberiar-bereber batek sortu zuen Ghanako ErresumaIV. mendean. Lehenbiziko europarrak, portugaldarrak, 1471n heldu ziren, eta urrearen salerosketaz jabetzen saiatu ziren; garai hartakoa du lurraldeak Urrezko Kosta izena. Portugaldarrak beren nagusitasuna galduz joan ziren frantsesen, ingelesen eta herbeheretarren faboretan. XVII. mendeanesklaboen salerosketa hasi zen eta, Europarekiko merkataritza haren eraginez, bertako herritarrek erresuma berriak sortu zituzten kostaldean eta basoan, iparraldearen kaltetan; Ashanti Inperioa izan zen horietako bat.
XIX. mendearen hasieran esklaboen salerosketa debekatu zenean, lurraldeak ordura arte izan zuen interesa galdu zuen europarrentzat, eta ingelesei utzi zitzaizkien bertan eraikitako gotorlekuak. Ingelesek kolonia bat antolatu zuten kostaldean, ashanti etnia mendean hartuta. 1951. urtean, Ingalaterrak konstituzioa eratu zuen eta bertakoez osaturiko gobernua antolatu zen, barne arazoetarako ahalmen osoa zuena. 1957. urtean, Urrearenko Kostak independentzia eskuratu zuen, eta Ghana bilakatu zen.
1960an errepublika bihurtu zenetik, Kwame Nkrumah izan zen lehendakaria. 1966an, kolpe militar batek Nkrumah aginpidetik eraitsi eta Ankrah jenerala ezarri zuen haren ordez; harrezkero, behin baino gehiagotan hartu dute militarrek aginpidea indarrez. 1978. urtean, William Fred Akuffo jenerala buru zuen matxinada batek agintean zegoen Ignatius Kutu Acheampong jenerala kargutik kendu zuen, eta batzar konstituziogile bat osatu zen. Batzarrak konstituzio berri bat idatzi zuen, presidentziala, eta hauteskundeak iragarri zituen 1979ko ekainaren 8rako. Baina 1979ko ekainaren 4an beste estatu kolpe izan zen, ofizialek eta soldaduek eragina, Jerry Rawlings abiazioko kapitainak gidatua. Zenbait jeneral, haien artean Akwasi Afrifa, Akuffo eta Acheampong, hil zituzten, baina, hala ere, esandako egunean egin ziren hauteskundeak; Herriaren Nazio Alderdia irten zen garaile, Hilla Limann buruzagi zuena.
Limann alferrik ahalegindu zen inflazioaren kontra borrokatzen eta egoera sozio-ekonomikoa zuzentzen. Kudeaketa ekonomiko txarra eta gobernu zibilaren ustelkeria kritikatuz, Rawlings kapitainak beste estatu kolpe bat eman zuen, eta berriz hartu zuen aginpidea, 1981eko abenduaren 31n, eta kargutik egotzi zuen Limann presidentea. Rawlingsek konstituzioa baliogabetu zuen, alderdi politikoak debekatu, eta Nazioaren Defentsarako Behin-behineko Batzorde bat osatu zuen (PNDC), bera buru zuena, eta ustelkeriaren eta kontrabandoaren kontrako borrokari ekin zion. PNDC-k, 1983 eta 1985ean, ekonomia berritzeko bi plangintza jarri zituen abian, eta ondoren, 1987an, egokitze estrukturaleko plangintza bat. Era horretan, ekonomiaren egoerak hobera egin zuen, gastu publikoak errotik murriztuz.
Konstituzio berri bat onartu zen erreferendum bidez 1992ko apirilean eta, era horretan, alderdi aniztasuna ezarri zen ostera ere urte bereko maiatzean. Abuztuan, Jerry Rawlings irten zen garaile presidentetzarako hauteskundeetako lehenbiziko itzulian, botoen % 58rekin, baina oposizioko alderdiek boikota egin zuten abenduko legebiltzarrerako hauteskundeetan. 1993ko urtarrilean hasitako laugarren errepublikarekin, erregimen militarreko hamar urteak bukatu ziren.
1996ko presidentetzarako hauteskundeetan, oposizioko zenbait alderdi elkartu ziren hautagai bakar bat aurkezteko, John Kufuor. Hautagai hori, ordea, erraz gainditu zuen Jerry Rawlingsek, eta haren alderdia, Nazio Kongresu Demokratikoa (NDC), izan zen orobat garaile legebiltzarrerako hauteskundeetan. Atzerriko politikagintzari dagokionez, Togoren eta Ghanaren arteko gatazkei egin behar izan zien aurre; behin baino gehiagotan leporatu zizkioten elkarri bi herrialde horiek erasoak eta hilketak bultzatu izana, bereziki 1986. eta 1994. urteetan.
2000. urtean Rawlingsek bere kargua utzi zuen, eta John Kufuorrek irabazi zituen hauteskundeak; lehenbiziko aldia zen boterea bide demokratikoren bitartez aldatzen zela. 2001. eta 2002. urteetan borroka larriak izan ziren mamprusi eta kusasi taldeen artean; Yakubu II.a hil zuten eta gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen. 2004an, Jerry Rawlings lehendakari ohiak ikerketa batzorde baten aurrean erantzun behar izan zuen, bere agintaldian giza eskubideak bortxatu zituen salaketapean. Urte horretan bertan, Kufuor berriro nagusitu zen hauteskundeetan. 2005ean, Togoko milaka herritarrek Ghanara egin zuten ihes, babes bila. 2008ko hauteskundeetan John Atta-Mills hautatu zuten presidente. 2012koakJohn Mahamak irabazi zituen, eta 2016an eta 2020anNana Akufo-Addo nagusitu zen.[5]
Gobernua eta administrazioa
Politika
1992ko konstituzioaren arabera, Ghana errepublika presidentzialista da. Presidentea estatuburua eta gobernuburua da. Parlamentuak ganbera bakarra du, 275 kidez osatua.[6]
Banaketa administratiboa
Ghana 16 eskualdetan eta 275 barrutitan banaturik dago.[7]
2020an 30,9 milioi biztanle inguru zituen.[2] Biztanleria oso gaztea da: 0-14 urte bitartekoak, % 37,4 dira; 15-24 urte bitartekoak, % 18,6; 25-54 urte bitartekoak, % 34,3; 55-64 urte bitartekoak, % 5,2; eta 65 urtetik gorakoak, % 4,4.[6] Bizi itxaropena apala da, 68,2 urtekoa: 65,6 urtekoa gizonezkoena eta 70,8 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak). Biztanleen alfabetatze mailari dagokionez, 2015ean % 76,6 ziren alfabetatuak; alde handia zegoen, ordea, gizonezkoen (% 82 alfabetatuak) eta emakumezkoen artean (% 71,4).[6]
Banaketa etnikoa
Talde etniko asko dago. Gizatalde nagusia akan da (biztanleriaren % 44). Moshi-dagonba (% 16), ewe (% 13), ga (% 8), gurma (% 3) eta joruba (% 1) beste etnia garrantzitsu batzuk dira.[8]
Hizkuntzak
Ingelesa da Ghanako hizkuntza ofiziala, eta beste hamaika hizkuntzak estatus ofiziala dute, zeinek bere eskualdean.
Baliabide naturaletan aski aberatsa izanik, Ghanaren per capita errenta mendebaldeko Afrikako herrialde pobreenen halako bi da. Hala ere, nazioarteko laguntzaren mendeko da, finantzei eta teknikari dagokienez bereziki. Atzerriarekiko truke gai nagusiak urrea, petrolioa eta kakaoa dira. Barne ekonomia oraindik ere nekazaritzan oinarritzen da; barne produktu gordinaren % 20 hartzen du, eta biztanle aktiboen erdiak enplegatzen, lurjabe txikiak bereziki.[6]
Ekonomiaren hazkunderako eragozpen dira zerga politika laxoa, aurrekontu-defizita, zediaren baliogabetzea, eta gobernuaren neurri zorrotzek jendeari eragindako larritasuna. Industria sektorea, barne produktu gordinaren % 24 2017an, meatzaritzan oinarritzen da oraindik ere. 2017an, India (% 23,8), Arabiar Emirerri Batuak (% 13,4), Txina (% 10,8) eta Suitza (% 10,1) izan ziren esportazioen jomuga nagusiak. Inportatu, berriz, Txina (% 16,8), AEB (% 8), EB (% 6,2) eta Belgikatik (% 5,9) egin zuen.[6]
Diru-sarreren beste iturri oso garrantzitsu bat birziklapena izan da, hala nola gailu elektroniko eta etxetresna elektrikoena eta bigarren eskuko arroparena. Aldiz, nekez egiten da behar bezala eta gehienetan ingurumen-, osasun- eta gizarte-arazo larrien sorburu bilakatu da. Hondakinen zati handi bat Agbobloshieko zabortegian amaitzen zuen, 2022-2023an itxi egin zen arte, inguruko 80.000 pertsonei eragiten zizkien kalte handiengatik. Kutsadura asko ke tximinia handitan eta itsasoan amaitzen duten ur-laster zikinetan isurtzen da, arrainak kutsatuz.[9]
Azpiegiturak
Garraioa
Aireportuak
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.