Bahamak[1], izen ofiziala Bahametako Commonwealth (ingelesez: Commonwealth of The Bahamas), Karibeko uhartedi-estatu burujabea da, Commonwealtheko kidea, Antilla Handien iparraldean dagoena. 700 uharte inguruk osatzen dute, baina gehienetan ez dago biztanlerik. 13.878 kilometro koadroko eremua du, eta 2016an 391.232 biztanle zituen.[2] Hiriburua eta hiri handiena Nassau da.
Europarrak iritsi aurretik, lukaio herria bizi zen Bahametan. Karibeko beste etnia batzuk bezala, tainoak adibidez, arawak hizkuntza taldekoak ziren Hego Amerikako kontinentetik uhartez uharte hedatuak Bahametaraino (arawaken zabalkundearen puntu iparraldekoena).
Kalkuluen arabera, lukaioak Bahametan bizi izan ziren IV. eta XVIII. mendeen artean. Espainiarrak uharteetara iritsi zirenean (eta aipatzekoa da Kristobal Kolon bertan lehorreratu zela lehenbizi, 1492an, Guanahani uharte bahamarrean), 40.000 biztanle inguru zeuden; XVI. mendearen hasierarako, komunitate independente gisa funtzionatzeari utzi zioten, eta XVIII. mendearen amaieran, britainiar koroaren pean, kultura horretako inor ez zegoen[3].
1973az geroztik estatu burujabe eta Commonwealtheko kide dira Bahamak. 1977tik aurrera, Lynden O. Pilding liberalak izan zuen aginpidea uhartedian 1980ko hamarkada bitartean, baina harrezkero, langabezia handia eta gobernuaren ustelkeriaren kontrako salaketak zirela-eta oposizioa indartu egin zen. Azkenik, 1992ko legebiltzarrerako hauteskundeetan Nazio Askapenerako Mugimenduak lortu zuen garaipena, eta Hubert Ingraham izendatu zuten lehen ministro. 1990eko hamarkadan, atzeraldi ekonomikoak arazoak sortu zituen egoera politikoan ere, turismoan kalteak izan baitziren. Estatu Batuetako senatuak, bestalde, narkotrafikoaren kontrako borrokan laguntzarik ematen ez zuelako eta dirua zuritzeko aukera ematen zuelako salatu zuen Bahametako gobernua.
Gobernua eta administrazioa
Politika
Bahametako Commonwealtha monarkia burujabea da. Britainia Handiko monarka da estatuburua, eta Bahametako gobernadore nagusia da haren ordezkaria. Botere betearazlea lehen ministroaren eta gobernuaren esku dago, eta botere legegilearen ardura duen bi ganberako legebiltzarraren (Senatua eta Nazio Biltzarra) konfiantza behar du.
Cay Sal Bank, Kubako kostaldearen aurrean, ez da mapan ageri
Demografia
Biztanleria
2016an 391.232 biztanle zituen[2]. Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %22,5 dira, 15-24 urte bitartekoak %16,4, 25-54 urte bitartekoak %44,1, 55-64 urte bitartekoak %9,2 eta 65 urtetik gorakoak %7,7. Bizi itxaropena 72,6 urtekoa da, 70,2 urtekoa gizonezkoena eta 75,1 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[4] Oso biztanle dentsitate txikia du, eta biztanleen erdiak Nassaun bizi dira.
Banaketa etnikoa
%90,6 beltzak dira, %4,7 zuriak, eta %2,1 mulatoak (2010eko datuak).[4]
Bahametako ekonomiaren oinarria turismoa da. Estatuko diru sarreren %60 hartzen du turismoak, eta langileen erdiak. 2012an 5,8 milioi bisitari hartu zituen, Estatu Batuetakoak gehienak. Dena dela, azpimarratzekoa da finantzagune gisa Bahamek hartu duten garrantzia. Izan ere, bertako bankuek banku sekretua eta zerga abantaila handiak eskaintzen dizkiete bezeroei. Nekazaritza bigarren mailako jarduera da. Gehien lantzen diren gaiak azukre kanabera, anana, bananak eta sisala dira. Arrantzak garrantzi handia du, batez ere oskoldunenak; hori da gehien esportatzen den gaia. Industriari dagokionez, nekazaritzako gaien eraldaketa, kontserba lantegiak, azukre findegiak eta ron destilategiak dira aipagarriak. Kanpo merkataritzan galera handiak dituzte Bahamek, kanpotik (Estatu Batuetatik bereziki) ekarri behar dutelako elikagai eta eskulan asko, eta oso gai gutxi esportatzen delako.