Hiru dira uharte nagusiak: Antigua (280 kilomtetro koadro), Barbuda (161 kilometro koadro) eta Redonda (1,5 kilometro koadro). Antigua altuera txikikoa da, Obama da mendirik garaiena (405 metro). Wadadli izen indigena zuen uharte honek, eta Kristobal Kolonek berak 1493an bisitatu zuelarik, Santa María la Antigua izena jarri zion, hortik izena.
Barbuda, berriz, uharriz osatutako uharte laua da; harea fineko hondartza ugari ditu. Klima tropikala du estatuak; sasoi lehorra izaten da. Izena datorkio espainoletik, bertako palmondoetanlikenek osatzen dituzten bizar moduko luzapenengatik (bizarra, barba espainolez).
Historia
Antigua eta Barbudako lehenengo biztanleak amerindiarrak izan ziren. K.a. 2400 urteko okupazioaren aztarnak daude, zeramikarik ez zuten herrienak; geroago arawak eta karibe herriak ezarri ziren bertan.
Kolono espainar eta frantsesen ondoren, ingelesak iritsi ziren uhartera; Irlandatik eramandako katolikoekin osatu zuten kolonia. 1960an, konstituzioa onartu eta autogobernua ezarri zen, baina Londresek botere handia izaten jarraitu zuen. 1967an, britainiar koroari atxikitako estatu bihurtu zen. 1981ean lortu zuten Antigua eta Barbudak erabateko independentzia. Indenpendentziarako prozesua ALP (Antigua Labour Party) alderdi laboristak bideratu zuen, Vere Bird buru zela. Alderdi hori izan zen nagusia, harik eta 1991n ustelkeria salaketa batez baliaturik oposizioko alderdi guztiak UPP (United Progressive Party) alderdian bildu ziren arte. 2004an, alderdi horretako hautagai Baldwin Spencer bilakatu zen lehen ministro.
Gobernua eta administrazioa
Politika
1981eko konstituzioaren arabera[3], Antigua eta Barbuda monarkia demokratikoa eta parlamentarioa da. Elisabet II.a da egungo erregina, eta gobernadore nagusia da haren ordezkaria. Lehen ministroa da gobernuburua, eta honen aholkua harturik izendatzen du gobernua gobernadore nagusiak. Legebiltzarra ganbera bikoa da; Senatuak 17 kide ditu, gobernadore nagusiak izendatzen dituenak, eta Ordezkarien Ganberak beste 17 kide, ororen bozkatzez aukeratzen direnak bost urtetik behin.[4]
Banaketa administratiboa
Herrialdea sei parrokia eta bi dependentziatan banaturik dago:
2016an 100.963 biztanle zituen.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %23,1 dira, 15-24 urte bitartekoak %16,8, 25-54 urte bitartekoak %42,1, 55-64 urte bitartekoak %9,8 eta 65 urtetik gorakoak %8,1. Bizi itxaropena 76,7 urtekoa da, 74,6 urtekoa gizonezkoena eta 79 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[4]
Banaketa etnikoa
Herrialdeko biztanle gehienak, %87,3 2011n, Afrikako esklabo beltzen ondorengoak dira. Mulatoak %4,7 dira, eta hispanikoak %2,7.[4]
Hizkuntzak
Ingelesa da hizkuntza ofiziala. Ingeles kreolera ere mintzatzen da.
Antigua eta Barbudako ekonomia, britainiarren kolonia zenean, esklabismoak sustengatutako plantazioek osatzen zuten. Esklabuak askatzearekin, jabeen landetan berdintsu lan egin zuten askatutako beltz askok halabeharrez, baina pixkanaka jabetza propioarekin edo partzela txikietan, nekazaritza propioa ere garatu zuten,
1950eko hamarkada arte uharteetako uzta nagusiak kotoia, azukrea, zerealak, bertako fruituak eta barazkiak izan ziren. Haragia ere ateratzen zen abeltzaintzatik.
20. mendearen azken urteetatik, jarduera nagusia turismoa da, eta neurri handi abtean luxuzko turismoa. Garrantzi handia dute, halaber, finantza eta inbertsioen arloak. Nekazaritza barne premiak asetzeko egiten da oraindik, batez ere; kotoia, fruituak eta azukre kanabera lantzen dira. Barbudan arrantza garrantzi handiko jarduera ere bada. Industriari dagokionez, aipatzekoak dira petrolioa, rona, ehunak, altzariak eta tresna elektrikoak. 2016an barne produktu gordina 2.288 milioi dolarrekoa izan zen, eta per capita errenta 25.400 dolarrekoa.[4]