Sao Tome eta Principe Ozeano Atlantikoko uhartedia da, Gineako golkoan, Gabongo itsasertzetik 300 kilometrora. Bi uharte nagusi dira, Sao Tome (836 km2) eta Príncipe (128 km2); gainerakoak oso txikiak dira. Uharteak jatorri bolkanikokoak dira. Sao Tome menditsuena da eta bertan dago Pico de São Tomé (2024 m), herrialdeko mendirik garaiena. Pico de Príncipe (948 m) Príncipe uharteko mendirik aipagarriena da.
Klima tropikala da, beroa eta hezea. Urtaro euritsuak urritik maiatzera arte irauten du.[3] Urtean 5.000 milimetro inguruko prezipitazioa jasotzen da hego-mendebaldeko mendi-mazeletan, eta 1.000 milimetro besterik ez iparraldeko lur behereetan.
1470ean, portugaldar itsasgizonak irisi ziren Sao Tome eta Principe uharteetara. XV. mendearen bukaeran Portugalgo juduak eta presoak eraman zituzten. Geroxeago azukre kanabera lantzen hasi ziren Afrikatik eramandako esklaboekin. Handik gutxira, esklaboen salerosketako gune nagusietako bat bilakatu ziren. XVII. mendean, herbeheretarrek hartu zituzten uharteak baina, handik gutxira, portugaldarren eskuetan geratu ziren berriro. Urte batzuetan gainbehera egin ondoren, XIX. mendean, kakao ekoizpenak handitu zuen uhartediaren garrantzia. 1876anesklabotasuna debekatu zen, baina 1909anIngalaterrako eta Alemaniako txokolategileek Sao Tomeko kakaoa erosteari utzi zioten, jakin zutenean lursail handietako langileak esklabo gisa lan egiten zutela.
1953an, agintariek gogor zapaldu zituzten lursail handietako langileen matxinadak. 1960an, uharteak Portugalen itsasoz haraindiko probintzia bilakatu ziren. 1975eko uztailaren 12an, Portugalgo sistema politikoa aldatu zuen iraultzaren ondoren, uharteek burujabetasuna erdietsi zuten. Manuel Pinto da Costa ekonomialaria eta MLNSTP alderdi komunistaren idazkari nagusia izendatu zuten lehendakari. 1985etik aurrera, Pinto da Costa komunismotik urruntzen hasi zen, eta uharteetan bizi ziren angolar, kubatar eta sobietar soldadu eta teknikariek alde egin zuten.
Sao Tome eta Principeko presidente-jauregia.
1990eko irailean, konstituzio berria onartu zen, alderdi-aniztasunaren aldekoa. 1991ko urtarrileko ondorengo hauteskundeetan, Sao Tome eta Principeko Askapenerako Higikundea (MLSTP), ordura arte alderdi bakarra izandakoa, galtzaile izan zen, Konbergentzia Demokratikoa alderdiak (PCD) lortu baitzuen gehiengoa. Bi hilabete geroago, Miguel Trovoada aukeratu zuten Errepublikako presidente. 1994an, ordea, MLSTP alderdiak berreskuratu zuen agintea. Hurrengo urtean, abuztuaren 15ean, estatu kolpe militar bat izan zen, eta batasuneko gobernua osatu zen. 1996ko uztailean, Trovoada berriz presidente hautatu zutelarik, beste krisi bat sortu zen, MLSTParen kontra jokatzen baitzuen beti hark. MLSTP alderdiak lortu zuen berriz ere gehiengoa 1998ko azaroan, osoa gainera. Nazioartean, uhartedia Frankofoniako kide egin zen 1995ean; aldi berean, parte hartzen du Portuges Hizkuntzako Herrialdeen Elkarteko saioetan (CPLP), elkarte horren kide sortzaile baita 1996ko uztailaz geroztik.
2001eko hauteskundeetan, Fradique de Menezes aukeratu zuten lehendakari. 2002ko legebiltzarrerako hauteskundeetan, koalizio gobernu bat eratu zen, alderdi bakar batek ez zuelako gehiengoa lortu. 2003an, militar batzuek estatu kolpea jo zuten, baina nazioarteko herrialde askoren bitartekaritzak eragotzi zuen.
Gobernua eta administrazioa
Politika
Sao Tome eta Principe errepublika erdi presidentzialista da. Estatuburua presidentea da, boto zuzenaren bidez hautatzen dena bost urteko agintaldirako. Nazio Biltzarra legebiltzarra da eta, besteak beste, lehen ministroa aukeratzeko eskumena du.[3]
Banaketa administratiboa
Sao Tome eta Principeko barrutiak
Herrialdea bi probintziatan banaturik dago, Sao Tome, batetik, eta Principe, bestetik, eta horiek zazpi barrutitan. Sei barruti Sao Tomen daude, eta zazpigarrena, Pagué, Principen.
2016an 199.910 biztanle zituen.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 41,9 dira, 15-24 urte bitartekoak % 20,7, 25-54 urte bitartekoak % 30,8, 55-64 urte bitartekoak % 3,8 eta 65 urtetik gorakoak % 2,8. Bizi itxaropena 65,3 urtekoa da; 63,9 urtekoa gizonezkoena eta 66,7 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak). Biztanleen % 72,8 hirietan bizi da. Ugalkortasun-tasa osoa handia da: 2017ko estimazioen arabera, emakumeko 4,25 haur.[3]
Banaketa etnikoa
Dirudienez, uharteak hutsik zeuden portugesak XV. mendean iritsi zirenean; ordutik aurrera, kolono portugesak eta esklabo beltzak, gehienak Angolatik helduak, bizi izan dira bertan. Horren ondorioz, gizartea eta kultura mestizoak dira.
Hizkuntzak
Hizkuntza ofiziala portugesa da baina, harekin batera, forro edo crioulo deritzana ere (portugesa eta fangeraren nahasketa da) mintzatzen da.
Erlijioa
Sao Tomeko katedrala.Tchiloli
Biztanle gehienak (% 55,7) katolikoak dira, baina gutxiengo protestanteak ere daude. Erlijiorik gabekoak % 21,2 dira.[3]
Hiri nagusiak
Sao Tome hiriburua eta hiri nagusia da; 67.000 biztanle zituen 2012an. Trindade (16.140 biztanle), Santana (10.290), Neves (10.068) eta Guadalupe (7.604) ere aipagarriak dira.[4]
Ekonomia
Historikoki, sail handietan oinarritu da Sao Tome eta Principeko ekonomia (lantzeko lur guztien % 85). Sail handi horiek nazionalizatu egin ziren 1975ean, uhartediak independentzia eskuratu zuenean, baina 1990eko hamarkadaren hasieratik aurrera berriz pribatizatu ziren. Kakaoa izan da beti nekazaritza gai nagusia (esportazio guztien % 68 2010ean).[3] Herrialdearen zorra handia da, nazioarteko laguntzaren mende dago eta kakoaren merkatuaren gorabeheren araberakoa da; laborantza modernizatzen ahalegintzen ari da gobernua, eta gero eta leku gehiago ematen zaio ekimen pribatuari. Principe uhartean eremu franko bat sortzeko plangintza osatu da. Itxaropen handiak daude Gineako golkoan ustez dagoen petrolio hobi batean jarriak; alabaina, Ekuatore Ginea eta Gabonekin uren jabetzaren arazoa argitu beharra dago aurrena.