Radasbona hiri germaniarra Erromaren mendeko Castra Regina bihurtu zen, Marko Aurelioren kuartel nagusi.[2] Geroago, Bavariako dukearen mende egon zen. 1207an hiri-gutuna jaso zuen, eta 1245. urtean Inperioko hiri askea izan zen. Hiri oparoa izan zen ibaian zehar egiten zen merkataritzari esker. Erreforma garaian dieta bat izenpetu zen bertan (1541). 1542an, Erreformaren alde jarri zen hiria. Maximiliano II.aren eta printze protestanteen arteko negoziazioak gauzatu ziren 1575ean Rodolfo erromatarra errege izendatzeko eta 1555. urteko Augsburgeko bakearen baldintzak bere horretan uzteko. Saxonia-Weimar-eko Bernardok hartu zuen hiria, eta Inperio santuaren egoitza bihurtu zen 1663. urtetik aurrera. 1684an, Ratisbonako su-etenaren ondorioz, Luis XIV.aren esku geratu zen Estrasburgo. 1809an frantsesek hartu zuten Ratisbona eta Bavariako estatura anexionatu zuten hurrengo urtean.
Ratisbonako dieta
1541. urtean Karlos V.a enperadoreak katolikoen eta protestanteen arteko batasuna bultzatzeko deitu zuen bilera. Johann Eck, Johann Gropper eta Julius von Pflug teologo katolikoak, eta Philipp Melanchton eta Martin Bucer protestanteak bildu ziren. Hasieran akordioa lortzetik gertu ibili arren, hautsi egin zen bilera. Bost urte geroago saiatu zen enperadorea berriro eta, huts egin ondoren, protestanteen aurkako gerrari ekin zion.
Errepideen eta burdinbideen bidegurutze garrantzitsua da. Industria (industria kimikoa, janari-industria, larrugintza, tresneria elektrikoa, automobilgintza, zurgintza) da ekonomia-jarduera nagusia. Turismoak ere garrantzia du.
Monumentuak
Oso hiri zaharra da, eta garai bateko monumentu ugari gorde ditu. Aipagarriak dira XIII-XVI. mendeetako San Pedro katedrala, San Emerando monasterio erromanikoa (XVIII. mendean berritua), XIV. mendeko udaletxe gotikoa, Danubio ibaia zeharkatzen duen 1135. urteko harrizko zubia, domingotarren komentua (XIII-XIV. m.) eta beste etxe eta jauregi historikoak.