Alemana nagusiki Alemania (herrialde horretako biztanleriaren % 95ek baino gehiagok ama hizkuntza du), Austria (% 89) eta Suitzako (% 65) hizkuntza da. Luxenburgo eta Liechtenstein herrialdeetako hizkuntza ofiziala ere bada.
Alemanaren dialektoen arteko ezberdintasunak bistakoak dira. Hala, bada, dialekto mugakideen artean baizik ezin dute elkar ulertu hiztunek, maiz. Dialekto batzuk ulertezinak zaizkie aleman estandarraz baizik mintzatzen ez diren hiztunei. Dena dela, alemanaren dialekto guztiek continuum bat eratzen dute.
Aleman moderno estandarra mendebaldeko germaniar hizkuntza da, batez ere Erdi Aroan Alemaniako erdialdean eta hegoaldean hitz egindako barietate guztien ondorengoa. Konbentzionalki, alemanez idatzitako testuak hiru alditan banatzen dira:
Antzinako goi alemana VIII. mendetik 1050. urte arte.
Goi aleman ertaina 1050. eta 1350. urteen artean.
Goi aleman modernoa 1350etik aurrera, batzuetan goi aleman moderno goiztiarra (1350-1650) eta goi aleman modernoa (berezkoa) bereizten direlarik. Kontuan izan behar da goi aleman moderno hori erdiko goi alemanaren eta goiko goi alemanaren artean banatzen dela.
Aleman estandar modernoa, nagusiki, goi aleman goiztiarrean oinarritutako forma da, nahiz eta ahoskeran eragina izan Alemania iparraldeko hiztunek (gehienak behe-alemanez hitz egiten zutenak) idatzizko estandarra ahoskatzeko hartu zuten modua.
Hizkuntzaren estandarizazioa
Historikoki, hizkuntza bat estandarizatzen hasten den unea funtsezkoa da hizkuntza ofizial gisa erabiltzeko. XV. mendea baino lehen, eskualde bakoitzean, gehienbat, tokian tokiko barietatea erabiltzen zen. Egungo Alemaniako iparraldean, XVI. mendea arte, ospe handiko hizkuntza behe-alemana izan zen (antzeko barietateez osatutako talde bat eta hizkuntza estandarraren oinarrian dagoen goi alemana sorrarazi zuena). XV. eta XVI. mendeetatik aurrera, dokumentazio ofiziala, nagusiki, latinez idazteari utzi zitzaion eta, ekialde-erdialdeko alemana mintzatzen zen eskualdean, eskualdeetako barietateen arteko konpromisoa irudikatzen zuen alemana erabiltzeko saiakera sortzen hasi zen. Artean hasi zen agintarien eta hiztunen arteko adostasuna eratzen, idatzia eta mintzatua nolakoak izango ziren zehazteko, nahiz eta horrek ez eragotzi eskualdeetan bestelakoa izatea. Adostasun hartatik abiatuta, hizkuntza estandarra prestigio-barietate gisa ikusten hasi zen, eta irakaskuntzako komunikazio-hizkuntza nagusi gisa irakasteko modua arautzeko neurriak hartu ziren, baita bigarren hizkuntza edo atzerriko hizkuntza gisa irakastekoa ere. Ekialde-erdialdeko alemanezko legezko testuak eta Luteroren Biblia (1522-1534) aleman hizkuntza estandar modernoa eratzeko abiapuntu izan ziren[3]. Gai horri buruz esan ohi da:
«
Bibliatik alemanera egindako itzulpenarekin, eta lehenengoa izan ez arren, Luterok, gaur egun alemanaren aberastasun eta normalizazioari dagokionez (gaur egun goi aleman berria bezala ezagutzen dena, zehatzago esateko), merezi zuen indarrean dirauen aitorpena. Eta hori nabarmen gelditzen da Luterok, bere itzulpenean, ez zuelako bere dialektoko hiztegia (erdialde-ekialdeko alemana) aukeratu kontuan hartuta, baizik eta garai hartan alemaniar lurraldeetan hedatuen zegoena. Horrekin, Luterok nazio-arazo bihurtu zuen hizkuntza. Alemana ez zen dagoeneko hizkuntza bat gehiago, hizkuntza nazionala baizik[4].
»
Hizkuntzaren estandarizazio hori eskualde-modu alternatiboen arteko arauak hautatzean datza. Haren kasuan, XVIII. mendearen erdialdea arte ez zen ezarri gutxi gorabehera behin betiko estandar idatzi bat eta, XIX. mendean zehar, ahoskera estandarra ere finkatu zen. Prusiaren bateratzea eta Aduana Batasuna (Zollverein) hizkuntza estandarrerako bultzada bat izan bazen ere, jatorriz, Prusiako hizkuntza nagusia behe-alemana zen, nahiz eta hezkuntzan goi alemana oinarri zuen estandar hasiberria sustatu. Aleman estandar hori ez zen hizkuntza ofizial gisa onartu 1902 arte, Bigarren Konferentzia Ortografikoak aleman estandarrerako lehen arauak ezarri zituenean. Aldi berean, eskualdeetako hizkuntzak gaur arte oraindik ere erabiltzen dira, batez ere gai informaletan eta beti eskualde berekoen artean.
Ortografia Rat für deutsche Rechtschreibung erakundeak ("Alemaniar Ortografi Kontseiluak" arautzen du[5].
Hiru genero daude: maskulinoa, femeninoa eta neutroa. Ez dago hitzak sailkatzeko arau zehatzik. Adibidez, der Sohn ("semea", maskulinoa), die Frau ("emakumea", femeninoa) eta das Mädchen ("neskatoa", neutroa).
Izenen hasierako letrak beti letra larriz idazten dira, aurreko puntuko adibideetan bezala.
Hizkuntza nahiko flexiboa da, bai artikuluek, bai adjektiboek eta bai izenek zenbakian, kasuan eta generoan komunztadura egiten dute.
Preposizioek ondoren datorren hitzarekin kasu gramatikalean komunztadura egiten dute:
Ich gehe zu dem Arzt / Ich gehe zum Arzt: Medikuarengana noa.
Ich mag ins Kino gehen: Zinemara joatea gustatzen zait.
Artikuluak
Artikuluak
Zehaztuak (bestimmter Artikel)
Singularra (euskarazko -a artikulua)
Plurala (euskarazko -ak edo -ek artikuluak)
Zehaztugabeak (unbestimmter Artikel)
Singularra (euskarazko bat artikulua)
der (maskulinoa)
die (maskulinoa, femeninoa eta neutroa)
ein (maskulinoa)
die (femeninoa)
eine (femeninoa)
das (neutroa)
ein (neutroa)
Hitzen pluralak
Ez dago arau finkorik hitzen plurala osatzeko: hortaz, hizkuntza ikastean, hitz bakoitzaren plurala ikasi beste irtenbiderik ez dago. Adibidez:
Der Sohn / Die Söhne ("semea" / "semeak"), Die Schwester / Die Schwestern ("alaba" / "alabak") edo Das Haus / Die Häuser ("etxea" / "etxeak").