Nagusiki Polonian hitz egiten da, bertan administrazio hizkuntza ofiziala baita, baina emigrazioa dela-eta, Polonia izenez izendatzen denak, hau da atzerrian bizi diren poloniarren taldeak, hiztun kopuru esanguratsua osatzen du. Kalkuluen arabera, 44 milioi pertsona ingururen lehen hizkuntza da mundu osoan[2] (literatura zientifikoaren arabera hiztun kopurua 39 eta 48 milioi artekoa da[3][4]).
Arautzea Rada Języka Polskiego (Poloniar Hizkuntzaren Kontseilua) erakundearen ardura da, polonieraren erabilerari buruzko kontsulta eta iritzi organo gorena baita (euskararako, Euskaltzaindia pareko erakundea da). Poloniako Zientzien Akademiako Lehendakaritzak eratu zuen 1996ko irailaren 9an eta prestigio sozial zein ibilbide akademiko oparoa duen Poloniako Zientzia Akademia (Polska Akademia Nauk edo PAN polonieraz) erakunde publikoaren baitako aholku batzorde bat da formalki. RJP edo Poloniar Hizkuntzaren Kontseiluak Varsovian du egoitza, Staszic-en jauregian.
Ą eta Ę sudurkariak dira, hurrenez hurren, frantsesezko bon eta bain hitzetakoak.
Ó u bokala bezalakoa da.
Y i-aren antzekoa da, baina mihia atzean kokatuta.
Kontsonanteak
Polonieraren kontsonante sistemak konplexutasun handiagoa du. Ezaugarri bereizgarriea kontsonante afrikari eta sabaikarien seriea da. Kontsonanteen multzo osoa, Nazioarteko Alfabeto Fonetikoaren arabera (nahiz eta beste analisi fonologiko batzuk dauden), honela aurkez daiteke:
Dialektologiari erreparatuz gero, egun dialekto-bereizketa ez da oso nabaria: areago, galtzeko bidean dago eta hizkuntza estandarra gailentzen da komunikazio-jardunean[16]. Fenomeno horren kausa nagusiak honakoak dira:
1772, 1793 eta 1795. urteetako Poloniako Partizio edo Banaketak (eta, horren ondorioz, Polonia estatu burujabe gisa 1918ra arte mapatik desagertu izana),
Hori guztia dela eta, gero eta uniformeagoa da eta dialektoen ezaugarri bereizgarriak askoz ere gutxiago agertzen dira hiztun gazteenen artean. Dena den, aldaera batzuek bizirik diraute, adibidez, Górale mendietakoa eta Silesiakoa. Hala eta guztiz ere, hiztun gehienek poloniera estandarraren antzeko hizkuntza erabiltzen dute. Hortaz, hizkuntza homogeneoa dela esaten da.
Aditzak, aspektuari dagokionez, burutuak edo ez burutuak izan daitezke eta askotan bi aldaerak ditu aditz-erro berdinak. Aditz denbora edo aldiari erreparatuz gero, aditz ez burutuek orainaldia, lehenaldia, etorkizun konposatua, subjuntiboa/baldintza, agintera, infinitiboa, orainaldiko partizipioa, orainaldiko gerundioa eta lehenaldiko partizipioa dituzte. Aditz burutuek, berriz, etorkizun sinplea, lehenaldia, subjuntiboa/baldintza, agintera, infinitiboa, orainaldiko gerundioa eta lehenaldiko partizipioa. Aditz jokatuetan komunztadura gertatzen da subjektuarekin bai pertsona, zenbaki eta, iraganeko zein subjuntibo/baldintzazko formen kasuan, baita generoari dagokionez ere (azken ezaugarri hau ez da batere ohikoa).
Maileguak
Polonierak, mendez mende, beste hizkuntza batzuetako zenbait hitz mailegatu ditu. Hitzok maileguan hartzerakoan aldatu egiten dira, batetik, ahoskera polonieraren fonemetara egokitzeko eta, bestetik, ortografiak ere polonieraren arauekin bat egin dezan. Hori dela eta, esate baterako, William Shakespeare idazlearen izena polonieraz Szekspir idazten da.
Polonierak ere izan du eraginik beste hizkuntzetan, bereziki gainerako eslaviar hizkuntzetan eta alemanean, hurbil daudelako eta muga partekatzen dutelako.
Historia
Polonieraz idatzitako esaldi zaharrenak honako bi hauek dira:
Day, ut ia pobrusa, a ti poziwai: 1270ean idatzia Henrykowen Liburua[19] izenekoan (Księga henrykowska da izenburua polonieraz eta Liber fundationis claustri sanctae Mariae Virginis in Heinrichow jatorrizko izenburua latinez), 24. orrialdean.
Byegaycze, byegaycze! (...) Gorze szą nam stalo!1455-1480 urteen artean Jan Długoszek idatziak, "Poloniako Erresuma Handiaren kroniken urte-liburuetan"[20] (Roczniki czyli kroniki słynnego Królestwa Polskiego da izenburua polonieraz eta Annales seu cronicae incliti Regni Poloniae jatorrizko izenburua latinez).
Polonierazko idatzi zahar asko epaiak dira, liburu judizialetan eskuz idatzita gorde direnak eta epaiketa, testigantza zein akta judizialak erregistratzeko idatzitakoak. XIV. eta XV. mendeetan erregistratu ziren, lehenengoak zehazki 1386az gerotztik Wielkopolskaren gorteko liburuetan agertutakoak dira.
XVI. mendean, Erreformari esker, poloniera literaturaren alorrera zabaldu zen luze eta zabal. Erabaki horrek lotura estua zuen ahalik eta jende gehienarengana iristeko nahiarekin, eta hortik erraz uler daiteke ordukoak izatea bai Bibliaren lehen itzulpenakprotestanteen aldetik, baita erlijio-literaturari lotutako argitalpen ugari ere, beste erlijioen aurkako argitalpen polemikoak barne[21]. 1661eko urtarrilaren 3anMerkuriusz Polski Ordynaryjnyastekaria argitaratu zen, gaur egunerarte iritsi den poloniera hutsezko lehen aldizkaria. Argitaratzeari utzi ziotenean, 1661eko uztailaren 22an, ez zen aldizkaririk argitaratu polonieraz zenbait hamarkadatan. Poloniako aldizkarien etengabeko garapenaren hasiera XVIII. mendearen bigarren laurdenean hasi zen.
1696an, Lituaniako Dukerri Handikohizkuntza ofizial bihurtu zen eta orduan hasi zen nagusitzen Lituaniako bizitza sozial, kultural eta politikoan. Poloniako Erresumako Koroaren (1385-1795) probintzietan aldiz, latinak hizkuntza ofizial izaten segitu zuen, Saxoien garaia amaitu arte (1763)[22]. Halaber, Poloniako Livoniakovoivoderriko (1621-1772) familia noble alemaniarren hizkuntza ere bihurtu zen, inbasioaren ondotik poloniera berehala bereganatu baitzuten.
1901az geroztik, Poradnik Językowy ("Hizkuntza-gida") hilabetekaria argitaratzen da, hizkuntzari dagozkion gaiak jorratzen dituen argitalpen arauemailea. 1913 urteaz geroztik, gainera, Język Polski (poloniar hizkuntza) aldizkari zientifikoa ere argitaratzen da polonierari eta, oro har, hizkuntzalaritzari buruzko ezagutza sustatzen duena.
Poloniera hiztun asko beste herrialde batzuetan bizi dira, asko eta asko dira beste herrialde bateko behin-betiko herritartasuna dutenak. Talde hau osatzen dutenen artean nagusi dira Poloniako gutxiengo nazionaleko kideak, Poloniako migranteak edo haien ondorengoak. Poloniarren diaspora horri polonieraz Polonia izena ematen zaio.
Oso zaila da polonieraz hitz egiten duen eta Poloniatik kanpo behin-betirako (behin-behineko lekualdatzeak kanpo utzita) bizi den pertsona kopurua zehaztea, munduan polonieraz hitz egiten duen biztanleria oso sakabanatuta dagoelako eta poloniarrek atzerrian ere polonierari eusteko duten mailari buruzko gaur egungo ikerketarik ez dagoelako. Liburu fidagarrietan emandako estimazioen arabera, 3,5 eta 10 milioi hiztun artean izan litezke[23]. Datu faltak eragindako desadostasun horren ondorioz, jatorrizko hiztunen kopuru orokorrari buruzko datuen artean alde nabaria dago, iturriaren arabera.
2004az geroztik, aukera dago polonieraren ezagutza atzerriko hizkuntza gisa agiri ofizial bidez ziurtatzeko eta azterketak hiru mailatan egiten dira, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera: oinarrizkoa (B1 maila), ertaina (B2 maila) eta aurreratua (C2 maila). Azterketa horiek egitearen ardura Państwowa Komisja Poświadczania Znajomości Języka Polskiego jako Obcego[24] erakundeak du.
Hiztegi laburra
Informazio gehiagorako kontsultatu euskara-poloniera hiztegia[25].
Laburduren esanahiak:
m: maskulinoa
f: femeninoa
n: neutroa
Izenak
dzień (m): egun
książka (f): liburu
łóżko (n): ohe
imię (n): izen
godzina (f): ordu
mysz (f): sagu
ulica (f): kale
mleko (n): esne
pociąg (m): tren
dom (m): etxe
przyjaciel (m): lagun
numer (m): zenbaki
krzesło (n): aulki
Zenbakiak
zero: zero
jeden: bat
dwa: bi
trzy: hiru
cztery: lau
pięć: bost
sześć: sei
siedem: zazpi
osiem: zortzi
dziewięć: bederatzi
dziesięć: hamar
jedenaście: hamaika
dwanaście: hamabi
trzynaście: hamairu
czternaście: hamalau
piętnaście: hamabost
szesnaście: hamasei
siedemnaście: hamazazpi
osiemnaście: hemezortzi
dziewiętnaście: hemeretzi
dwadzieścia: hogei
trzydzieści: hogeita hamar
czterdzieści: berrogei
pięćdziesiąt: berrogeita hamar
sześćdziesiąt: hirurogei
siedemdziesiąt: hirurogeita hamar
osiemdziesiąt: laurogei
dziewięćdziesiąt: laurogeita hamar
sto: ehun
dwieście: berrehun
trzysta: hirurehun
czterysta: laurehun
pięćset: bostehun
sześćset: seiehun
siedemset: bederatziehun
osiemset: zortziehun
dziewięćset: bederatziehun
Pertsona-izenordainak
ja: ni
ty: hi/zu
on: hura (m)
ona: hura (f)
ono: hura (n)
my: gu
wy: zuek
oni: haiek (m)
one: haiek (izen femeninoak, neutroak eta maskulino inpertsonalak)