|
Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Hizkuntza hil esaten zaio inork ama-hizkuntza legez ez daukanari. Une horretatik aurrera, hizkuntza horrek ez du jarraitzen hizkuntza biziek izaten duten garapen eta aldaketa prozesua.
Arrazoiak
Arrazoi asko izan litezke hizkuntza bat desagertzekoak, bata bestearekin loturik ager daitezkeenak. Esaterako, Gaztela eta Aragoiko koroek Amerika konkistatzean, gaixotasunek, morrontzak eta tratu txarrek karibe jendearen kopurua biziki urritu arren, haien hizkuntzak 1920 arte iraun zuen.
Bortizkeria. Gerrek, inbasioek eta kolonizazioek hizkuntza bateko hiztunak desagerraraz ditzakete, hizkuntza eurekin batera desagertuz: Tasmaniako edo Amerikako amerindiar hizkuntza batzuen kasua.
Gertakari naturalak eta gaixotasunak. Honelako gertaerek herri oso bat desagerraraz dezakete, eta honekin batera hizkuntza. Beste kasu batzuetan hiztunek beste kultura baten barnean bilatu behar dute babesa, azken honen hizkuntza eta ohiturak hartuz. Gaixotasunen kasuan, gaurko ikertzaileek kontu handia izan behar dute, edozein gaixotasunen kutsadura hilkorra izan baitaiteke.
Garapen linguistikoa. Denbora epe luze batean gertatutako aldaketa txikiek hizkuntza bat goitik behera eralda dezakete. Honela sortu ziren hizkuntza erromantzeak latinetik, hau desagertuz.
Ekonomiaren eragina. Kasu honetan gurasoek seme-alabek beste hizkuntza bat ikasiz etorkizun hobea izango dutela pentsatzean gertatzen da. Belaunaldi bitan jatorrizko hizkuntza desagertzeko zorian egon daiteke. Ingelesak beste hizkuntza askoren aurka egiten duen presioaren kasua da hau, daniera edo norvegiera bezalako hizkuntza garrantzitsuak barne, nahiz eta hauek oraindik arriskuan ez izan.
Ekonomiaz gain, arrazoi politikoek ere eragina dute hizkuntzen heriotzan, izan ere, plangintza politikoak gauzatzen dira hizkuntzen heriotza eragiteko.
Kultura prestigioa. Hau askotan aurrekoarekin lotuta dago, askotan kultura prestigioa aberastasun materialetik dator-eta. Hizkuntza txikien desagerpenerako mekanismo garrantzitsuenetako bat da. Atzerriko hizkuntza betek prestigioa hartzean eta elite kultural edo ekonomikoa erabiltzen hasi bezain laster, denbora gutxi iragango da ikasketa hau periferia geografiko zein kulturalera zabaldu arte, eta umeek jatorrizko hizkuntza ikastetik atzerrikoa ikasten hasi arte.
Nahita burututako aldaketa. Ez da batere ohikoa, baina badaude kasu dokumentatuak non herri batek nahita eta batzar bidez hizkuntzaz aldatzea erabaki duen (yaaku herria, esaterako).
Hizkuntza hil klasikoak
Latina eta greko klasikoa hizkuntza hiltzat jotzen dira. Hala ere, bada kontrakoa esaten duenik, zientzia askotan euren lexikoaren atal handi bat erabiltzen delako eta pertsona batzuk bigarren hizkuntza bezala hitz egin ditzaketelako.
Esaterako, latina Eliza Katolikoaren hizkuntza ofiziala da. Pierre Georgesek Le Monden argitaratutako artikulu batean latina azken mendeotan 60.000 hitz eta esapide berriz hornitu da. Era berean, latina hil eta gero mende askotan erabili zen lan zientifiko eta filosofikoetan, XIX mendera arte mantendu zen ohitura.
Paul Valéryren arabera greko klasikoa Frantziako pertsona ikasketadun gehienek zekiten Lehen Mundu Gerrako garaietara arte. "Bizi" modu hau litekeena da kultura prestigiodun bati lotutako hizkuntzentzat, hizkuntza hori erabilpen zientifiko, legal edo eklesiastikorako mantenduz. Honela mantendu dira eslaboniera (edo eslabonikoa), abestiera (edo abestikoa), koptoa, sanskritoa, ge´ez-a, etab.
Erakunde batzuek hizkuntza hilak erabiltzen dituzte dena delako giro bat edo prestigioa emateko erabiltzen dituzte. Erabilpen honen adibidea Wikipedia bera da: badaude bertsioak sanskritoz, latinez eta anglosaxoieraz.
Hizkuntza hilak edo hiltzear zeudenak komunikazioak zifratzeko erabili izan dira.
Gaurko krisia
Uste da bi astetan behin hizkuntza bat hiltzen dela bere azken hiztunarekin batera. Munduan 6.000 hizkuntza bizi daudela onartzen da. Honen %50 desagertuko da. Soilik Ipar Amerikan azken urteotan 51 hizkuntza desagertu dira.
Hizkuntza beten biziraupena mehatxatutzat jotzen da umeek ama-hizkuntza bezala ez daukatenean.
Gaurko mugimendu batzuk ondare honen biziraupena bermatzen saiatzen dira, berreskuratzearen bidez (hurrengo puntua) zein hizkuntza finkatuz. Hiztun bizirik ez dagoenean, lekukotasun eta testu zaharren azterketa da hizkuntzalariek berreraiketarako daukaten euskarri bakarra. Desagertzear dauden hizkuntzetan edo idatzizko lekukotasun asko daudenean, ahalegina ahalik eta hiztegi, gramatika eta hots-dokumentazio gehien sortzean datza. Arazorik handienak diru eskasia eta prestatutako jende gutxi egotea dira, lana orain arte saiatu den ezer baino handiagoa da.
Berreskuratzea eta hizkuntzen biziraupena
Bada behintzat kasu bat, hebreera, hizkuntza hil baten eguneroko erabilpenerako berreskuratzearena. Arameoak antzinatean hartu zuen hebreeraren lekua, nahiz eta azken hau elizkizunetan erabili, eta mugimendu sionistak XIX erabiltzen zuten. Israelgo Estatuari hizkuntza ofizial "neutral" bat eman beharrak eragin zuen hizkuntza berpizteko bultzada. Lojikoki, hizkuntza aldatu behar izan zen eta neologismo asko sortu ziren gaurko bizitzara moldazteko.
Beste kasu batzuk, korniera bezala, ez daude argi, erakunde politikoek ez baitiote hizkuntza ofiziala izatea onartzen eta hiztun-kopurua txikia da.
Desagertzear zeuden hizkuntzen artean, txikiak zein handiak biziraunarazteko saiakerak izan dira, arrakasta gutxi ala gehiagorekin.
Arrakasten artean Finlandiako gobernuak finera berpizteko egin zuen ahalegina dago, suedieraren prestigioaren aurrean arriskuan baitzegoen. Euskara eta bretainiera indartzeko egin diren ahaleginak ere aipatzekoak dira.
Ez dirudi hainbesteko arrakastarik izan denik gaeliko eta okzitanierarekin. Gaelikoa hizkuntza ofiziala da, Europar Batasunean ere bai, baina ingelesaren alboan gainbehera doa. Okzitanieraz badaude emisioak telebistan eta ikastetxe elebakarrak daude, Calandretak, baina hiztun gehienak edadekoak dira, eta gazteriak frantsesaren alde egiten du. Uste da belaunaldi batean desagertzea litekeena dela.
Honelako kasuak dauzkagu Europan, baina herrialde pobreagoetan egoera askoz zailagoa da: ez dago diru nahikorik hizkuntza prestigiodunetako hiztunek dauzkaten aukerak eskaintzeko: eskolatzea, telebista, irratia...
Hizkuntza hilak
Zerrenda ez-osatu bat:
Ikus, gainera
Kanpo estekak