Bi idaztarau ditu: bokmål («liburu hizkuntza») eta nynorsk («norvegiera berria»). Norvegiarrek bi idaztarauak ikasten dituzte, baina praktikan % 85-90 inguruk lehenengoa erabiltzen du, batez ere hiriko inguruetan: 2000an testuen % 92 bokmålez argitaratu ziren.
Dialektoak
Bost multzo nagusi daude: iparraldeko norvegiera (nordnorsk), Trøndelagekoa (trøndersk), erdialdekoa (innlandsmål), mendebalekoa (vestnorsk) eta ekialdekoa (østnorsk).
Historia
Antzinako eskandinavieratik datoz egun Iparraldeko herrialde haietan egiten dituzten hizkuntzak. Bikingoek Europan zehar zabaldu zuten antzinako hizkuntza hura, baita Errusiaraino ere.
Danimarka eta Norvegiako Erresumako (1536-1814) garaian, daniera ofiziala zen. Hiri inguruetan eta klase altuetako jendearen artean, ohikoa zen danieraz hitz egitea, norvegierazko doinuaz eta bertako aldaerak erabiliz, bien arteko nahasketa eginik, alegia. Bi herrialdeak banatu zirenean, daniera-norvegiera eredu hori mintzaira ofizial moduan geratu zen eta apurka-apurka bilakatuz joan zen, bertako osagaiak hartuz. Hizkuntza eredu hartaz baliatuz, Henrik Ibsenek, norvegiar idazlerik emankorrenak eta ospetsuenak, XIX. mendeko bigarren erdialdean bere lanik ezagunenak argitaratu zituen.
XX. mendearen hasieran, idatzizko eredu propioa egiteko lan handia izan zen. Hastapenetan, daniera-norvegieraren ondorengoa riksmål izan zen, baina 1929tik aurrera eredu estandar ofiziala bokmål da. Garai hartan bertan, norvegierazko hiru idazlek Nobel Saria eskuratu zuten: Bjørnstjerne Bjørnsonek (1903), Knut Hamsunek (1920) eta Sigrid Undsetek (1928). 1933an, "Norsk rikskringkasting" (NRK) sortu zuten, irrati eta telebista konpainia publikoa.
1951an, Thor Heyerdahlen "Kon-Tiki"k hizkuntza horretan egindako film batek lehen aldiz irabazi zuen Oscar saria, dokumental onenaren kategorian.
Azkenik, Norvegieraren Kontseilua (Norsk språkråd) lanean jardun zen 1974tik2005era. Urte hartan, Norvegiako Hizkuntzaren Kontseiluak ordezkatu zuen (Språkrådet).