Kornubiera[1] (kornubieraz Kernowek edo Kernewek) Kornubia (edo Kornualles) konderriko berezko hizkuntza da. Mintzaira indoeuroparra da: multzo zeltikoko talde britonikoaren barruan dago, bretainierarekin eta galesarekin batera. Usadiozko azken hiztuna XIX. mendearen bukaeran hil zen arren, XX. mendean berpiztu zuten. Gaur egun, zailtasunik gabe hitz egin dezaketenak 3.000 inguru dira.
XIX. mendean galdu zen, ingelesak ordezkatua. Uste da Dolly Pentreath (1777an zendua) izan zela kornubiera ama hizkuntza zuen azkena. Kondairak dio haren azken hitzak Me ne vidn cewsel sawznek! («Ez naiz ingelesez mintzatuko!») izan zirela, eta badirudi bazekiela zerbait ingelesez. Azken hiztun elebakarra, berriz, Chesten Marchant (1676an zendua) izan zela jotzen da. Zenbaitek kornubiera XVIII. mendean galdu zela dioten arren, nolabaiteko erabilera mugatua izan zuen geroago ere: 1875ean oraindik baziren gutxienez sei hiztun, guztiak hirurogei urtez gorakoak; eta uste da usadiozko azken hiztuna John Davey (1891n hila) izan zela.
XX. mendean, hainbat taldek hizkuntzaren aldeko hautua egin zuten, eta ikasi eta erabiltzeari ekin: horretan dihardu, adibidez, Kesva an Taves Kernewek elkarteak. Era berean, eskoletan aukerako irakasgaia da.
Iraganeko zatiketek hizkuntzaren aldeko mugimenduaren garapena trabatu dute, eta haren sinesgarritasun publikoari kalte egin diote. Orain, forma idatzi estandarra onartuta, elkarrekin aurrera egin dezakegu.
»
Laurence Rule, Kowethas an Yeth Kernewek (Kornubieraren Lagundia) elkartearen ordezkaria[2]
XX. mendean kornubiera berpizteko saioei ekin zietenean, hainbat kornubierazale multzo sortu ziren; multzo haietako bakoitzak garai bateko kornubieraren iturri jakin batzuk eredutzat hartu zituen, bere kornubiera eredua eratzeko. XXI. mendearen hasieran, kornubieraz idazteko lau eredu nagusi zituzten oraindik, bai eta bigarren mailako beste hainbat ere. Eredu nagusien arteko aldeak txikiak ziren, baina eredu bakoitzaren alde lerratutako kornubierazale multzoetatik inork ez zuen amore ematen. 2008an, azkenik, kornubiera batua (kornubieraz, Furv Skrifys Savonek, «forma idatzi estandarra») eratzeko adostasuna lortu zuten. Bi urte baino gehiagoko negoziazio sutsuen ondoren, Trond Trosterud norvegiarra buru zuen hizkuntzalari taldeak eredu idatzi estandarra zehaztu zuen, Kornubiar Hizkuntzaren Elkartearen babesean.[2][3]
Hezkuntzan, inprimakietan, argibide orrietan eta bide seinaleetan erabil dadin hitzartu den eredua da. Hartara, kornubieraren irakaskuntza eta erabilera hedatu ahal izango dute, eta Europar Batasuneko diru laguntzak eskuratu. Kornubierarentzat onarpen ofiziala lortze aldera aurrerapauso garrantzitsua izan da.[2][3]
Esklabo erremintaria Sartaldeko oihanetan gatibaturik
Erromara ekarri hinduten,
esklaboa,
errementari ofizioa jaso
eta kateak egiten dituk.
Arragoko burdin goria
nahieran molda hezake,
atxurrak eta ezpatak
egin ditzakek
hire herritarrek kateak
hauts ditzaten.
Baina hik, esklabo horrek,
kateak egiten dituk,
katea gehiago.
An Gov Keth A wasonieth koesow a'n howlsedhes,
Degys bys yn Rom avél
kethwas,
Gorrys yn soedh gov
Kargharow a wredh.
Rudh-splann a'n forn horn hebleg
Dhe vos formys dell vynni.
Kledhedhyow a ylli aga gwruthyl
Rag dha gentrevogyon
aga hargharow dhe dhralya.
Mes ty, an kethwas-na,
Kargharow a wre'ta,
kargharow hwath.