2011koEskoziako erroldaren datuak hartu ezkero gaeleraz mintzatzeko gai diren biztanleen arabera koloreztatutako mapa, orlegi ilunez gaelera gehien mintzatzen diren lurraldeak adierazita daude.
Lurralde gaelikodunak Gaidhealtachd izen orokorra du. Ia 60.000 hiztun aktibo daude egun, Eskoziako % 1 besterik ez.
Hizkuntzaren esparrua gizartean
Azken erroldaren arabera (2011), hiztun kopuruari dagokionez, Eskoziako gaelikoa (gàidhlig) oso txikia da. Hiztunen multzoak Highland aldeko eremu periferiko eta urrunetan dira (12.000 inguru, kontuan hartuz hitz egiteko gai diren guztiak), hala nola Hebridak artxipelagoko zenbait zonaldetan (14.000). Glasgow hirian ere hiztun kopuru esanguratsua dago (5.000), eta neurri txikiagoan Edinburgon (2.000), baina hiri horietako biztanleria osoarekin alderatuta, oso kopuru txikia da.
Gaelikoaren presentzia kalean ikusezina da, hizkuntza-paisaia ingelesez dago, eta gaelikoz idatzitako ezer topatzea salbuespena da[3].
Hizkuntzaren transmisioa
Eremu gaelikoetan familiaren papera behera doa; gaelikoaren ohiko lurraldeetan elebidunen ehunekoek behera egin dute zentsu batetik bestera azken hamarkadetan[3].
Hezkuntza sistema ere ahula da haren transmisiorako. Eremu elebidunetan, gaelikoa erabiltzen duten zentroak daude, betiere ingelesa ere erabiltzen duten ikasgelak partekatzen dituzten ikastetxe berean; hau da, ikastetxe ia guztietan gaeliko-ingelesa diglosia nagusi da. Gainera, normalean, gaelikoa lehen hezkuntzan soilik erabiltzen da. Hala ere, salbuespen bakarra Glasgown dago, bertan Sgoil Ghaidhlig Ghlaschu baitago, hots, lehen hezkuntzatik unibertsitate-aurreko mailetaraino gaelikoa soilik darabilen ikastetxea[3].
Egun, gaelikoaren sustapenerako tresna nagusiak hedabideak dira. Berez, BBC Alba gaelikozko telebista kateak gaeliko-hiztunen kopuru osoa baino audientzia handiagoa du, programak ingelesez azpititulatuta eskaintzen baititu. Horrek laguntzen du hizkuntza ezagutzen ez dakitenen artean ere gaelikoaren aldeko jarrera zabal dadin[3].
Gaelikoa sustatzeko erakundeak
Bord na Gaidhlig gaelikoa sustatzeko erakundea da. Berez, entitate autonomoa da (Administraziotik kanpokoa), baina Eskoziako Gobernuak hizkuntza politikarako zeregin nagusiak esleitu dizkio. Hainbat programa bideratzen eta koordinatzen ditu: irakaskuntzan gaelikoa ezartzen joateko plangintza, ikasmateriala sortzeko lana, gaelikoz idatzitako liburuen argitalpena sustatu, hedabideentzako subentzioak bideratu, eta abar[3].