Belardi eta basoak Veľký Meder-en, herrialdearen hego-mendebaldean
Prešov eskualdeko landak
Žilina eskualdeko ikuspegia; atzean Tatra Behereak
Hidrografia
Váh (403 kilometro), Hron (298 kilometro), Nitra (197 kilometro), Hornád (193 kilometro) eta Ipeľ (232 kilometro, Eslovakia-Hungaria muga eratzen duena) ibai nagusiak dira, denak Danubioren arrokoak. Ibai horrek osatzen du, hegoaldeko 172 kilometroko tartean, Eslovakiaren eta Hungariaren arteko muga. Mendebaldean, Moravak egiten ditu Eslovakia-Txekia eta Eslovakia-Austria mugak.
K.a. 400 aldean, zeltak iritsi ziren egungo Eslovakiaren lurraldera: herrialdeko hego.mendebaldean, hiri gotortuak (oppida) sortu zituzten. Kristo aurreko azken mendeetan, erromatarrek gotorleku sistema bat ezarri zuten Danubioren bazterrean (Limes Romanus). Danubioren iparraldean, berriz, germaniar tribuak kokatu ziren. K.a. II. mendean, erromatarrek hainbat gotorleku eraiki zuten Danubioren iparraldeko bazterrean (Devín, Bratislava, IžaKomárnotik hurbil). Marko Aurelioren agintaldian (161-180), erromatarren eta germaniarren arteko bakezko elkarbizitza hautsi zen, eta erromatar eragina iparralderantz hedatu[3].
IX. mende amaieratik aurrera, magyarrrak nagusitu ziren Panoniako ordokian. Nitrako Printzerriak autonomia atxiki zuen Hungariako Printzerriaren barnean, eta eslovakiarrek beren hizkuntza eta kulturari eutsi zieten[3]. Eztebe I.ak, Hungariako lehen erregeak, zortzi konderri sortu zituen egungo Eslovakiaren lurraldean: Abov, Boršod, Esztergom, Hont, Komárno, Nitra, Tekov eta Zemplín. 1108an, Kolomanek Nitrako Printzerria ezeztatu zuen[3]. 1241ean, mongolek Hungariako Erresuma inbaditu eta suntsitu zuten; hala ere, egungo Eslovakiako iparralde menditsuak eutsi zion inbasioari, eta baita ongi gotortutako hiriek ere (Trenčín, Bratislava, Nitra, Komárno eta Fiľakovok). Bela IV.aren agintaldian, alemaniar kolonoak kokatu ziren jendegabeko basabazterretan[3].
1526an otomandarrek hungariar armada azpiratu zuten Mohácseko guduan. 1536an, habsburgotarrekBratislavan kokatu zuten Hungariako Erresumaren hiriburua. 150 urtez, Eslovakiako hegoaldea izen zen Otomandar Inperioaren muga, alegia, zibilizazio kristauaren eta musulmanaren artekoa[3]. Edonola ere, otomandarren eta habsburgotarren aurkako borroketan lurraldea, batik bat landa eremua, suntsitua izan zen[4]. XVIII. mendean, otomandarrek Hungariatik alde egindakoan, Eslovakiaren garrantzia gutxitu zen, nahiz eta Bratislavak 1848 arte segitu zuen hiriburua izaten.
1848ko iraultzan, eslovakiarrak Frantzisko JosefAustriako enperadorearen alde jarri ziren, hungariar eremutik banatzeko laguntza emango zielakoan, baina deus gutxi lortu zuten (magiarizazioaren debekua, eslovakieraren erabilera ofizial mugatua). 1850eko hamarkadatik aurrera, eslovakiar mugimendu sezesionista zapaldua izan zen. Austria-Hungariako Inperioaren garaian (1867-1918), Hungariaren erdian egonik, hungariarrek bultzatutako magiarizazio prozesua jasan behar izan zuten eslovakiarrek[3].
XX. mendea
1918an, Eslovakiak, Bohemiak eta MoraviakTxekoslovakia osatu zuten; urtebete geroago Rutenia Transkarpatikoa batu zitzaien. Estatu berriak 140.394 kilometro koadroko eremua eta 13.007.831 biztanle zituen. Haietatik, 48.936 km2 eta 1.910.000 biztanle Eslovakiari zegozkion[3]. 1919 eta 1920an, Saint-Germaingo eta Trianongo itunek Txekoslovakiako mugak berretsi zituzten. Gerra arteko garaian, Txekoslovakiako estatu demokratiko eta oparoak Alemaniaren eta Hungariaren tirria errebisionistei aurre behar izan zien.
Alemania Naziak estuturik, 1939ko martxoaren 14an Eslovakiako Parlamentuak independentzia adierazpena egin zuen; biharamunean, Adolf HitlerrekTxekia okupatu zuen[3]. Eslovakiar ErrepublikaHirugarren Reicharen mendeko txotxongilo estatua izan zen. Bigarren Mundu Gerraren garaian, herrialdeko judu gehienak (75.000-105.000 artean), sarraskitze esparruetan sartu eta hilarazi zituzten[3]. 1944ko abuztuan, Eslovakiako Altxamendu Nazionala gertatu zen, alemaniar okupazioaren aurkako matxinada handia; bi hilabetez, 60.000 soldadu eta 18.000 gerrillari armada naziaren aurka borrokatu ziren[5]. 1945eko apirilean, sobietar eta errumaniar indarrek Eslovakiako lurraldea askatu zuten.
Gerraren ostean, Txekoslovakia berriz eratu zen, eta 1947an Eslovakiako Errepublikako presidente Jozef Tiso hilarazi zuten, naziekin kolaboratzeagatik. Ondoko urteetan, 80.000 hungariar[6] eta 32.000 alemaniar[7] egotzi zituzten. Kanporatze horrek gorabeherak sortzen ditu, gaur egun ere, Hungariako estatuarekin.
1948ko otsailean, Pragako kolpea gertatu zen: Edvard Beneš presidenteak komunisten esku utzi zuen agintea; handik aurrera, erresuma Sobietar Batasunaren itzalpean geratu zen. 1968an, Varsoviako Itunaren indarrek herrialdea okupatu zuten, Alexander Dubčekek hasitako liberalizazio-prozesua bortizki amaitzeko[3]. Hurrengo urtean, Txekoslovakia Txekiar Errepublika Sozialistaren eta Eslovakiar Errepublika Sozialistaren federazioa bihurtu zen.
Komunismoa1989an bukatu zen Txekoslovakian. Luze gabe, herrialdea bi estatutan banatu zen: 1992ko uztailean, Eslovakiak independentzia adierazpena egin zuen. Udazken hartan, Vladimir Meciar eslovakiarrak eta Václav Klaus txekiarrak federazioa amaitzeko xehetasunak adostu zituzten. 1993kourtarrilaren 1etik bi estatu dira[8]. Biak, beste herrialde batzuekin batera, Europar Batasunean sartu ziren 2004ko maiatzean.
Gobernua eta administrazioa
Politika
Lehendakariak legebiltzarreko botoen hiru bosten bere alde izan behar ditu lehen bozketan hautatua izan ahal izateko. Parlamentua Kontseilu Nazional (eslovakieraz: Národná rada Slovenskej republiky) deritzon ganbera bakarreko erakundea da, lau urtetik behin aukeratua, eta 18 urtetik gorako guztien sufragio unibertsalaz hautaturiko 150 diputatuz osatua. Lehendakariak izendatzen du gobernuburu izango den lehen ministroa, eta bien artean gobernuko ministroak hautatzen dituzte.
2015ean, Eslovakiak 5.426.252 biztanle zituen[2], 111 biztanle kilometro karratuko dentsitatearekin: gehienak hirietan bizi dira (% 53,6 2015ean)[10]. Adinez adin, biztanleria honela banatuta dago: 0-14 urte bitartekoak, % 15,14 dira; 15-64 urte bitartekoak, % 69,98; eta 65 urtetik gorakoak, %14,88[10]. Bizi itxaropena 77,1 urtekoa da, 73,5 urtekoa gizonezkoena eta 80,9 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespena)[10].
Hizkuntza ofiziala eslovakiera da (sartaldeko eslavieraren adar bat, txekieraren antz handikoa), biztanleriaren % 78,6k hiz egiten duena; % 9,4 hungarieraz mintzatzen da (2011ko zenbatespena)[10].
Erlijioa
Eslovakiako konstituzioak gurtza askatasuna bermatzen du. 2011n biztanleriaren % 62 katolikoa zen; % 13,4, ateoa; % 8,9, protestantea; % 3,8, greko katolikoa; eta, % 0,9, ortodoxoa[11].
Lehengo Txekoslovakiatik bi estatu berrietarako trantsizioa erraztearren, Eslovakiako eta Txekiako gobernuek diru bakarra izatea, aduana-batasuna eta bien arteko muga irekirik edukitzea erabaki zuten. Azken bi puntuak errespetatu baziren ere, 1993ko otsailaren 8rako (urte horretako urtarrilaren lehenean banatu ziren ofizialki bi estatuak) nor bere dirua erabiltzen hasi ziren, bi estatuen arteko etengabeko ezinegonen erakusgarri. Hasieran, bi diruek balio bera zuten, baina Eslovakiako koroak balioaren % 10 galdu zuen 1993ko uztailean. Aldi berean, heren bat jaitsi zen bi herrialdeen arteko merkataritza. Poloniarekin eta Hungariarekin merkataritza libreko eremu bat osatzea adostu zuten arren, 1993ko lehen sei hilabeteetan ez ziren konpondu bi estatuen arteko merkataritza-arazoak.
Nazio burujabe bilakaturik, Eslovakiak lortu zuen nazioartean ezagutu eta errespeta zezaten, baina, horrekin batera, Txekiak baino askoz ekonomia ahulagoa zuen. Txekoslovakiako kide zela, Eslovakiak aurrekontu federalaren % 10 eta BPGaren % 25 baizik ez zuen jartzen. Atzerapen horren arrazoiak ulertzeko, kontuan izan behar da, lehenik, Eslovakia oso berandu industrializatu zela (1948tik aurrera hasi ziren lehen industriak) eta, bigarrenik, mendekotasun handia zuela bai Sobietar Batasunarekiko, bai Europako ekialdeko beste herrialde batzuekiko. Hori zela-eta, 1990 inguruan, inguru horretako erregimen komunistek porrot egin zutenean, ukaldi gogorra jasan zuen Eslovakiako ekonomiak.
1991-1992an Eslovakiako industria-ekoizpena ia erdira jaitsi zen. 1994aren erdialdera langabezia-tasa % 15 ingurukoa zen, eta inflazioa % 14koa. Hala ere, 1991 ingurutik hasita, nazioarteko enpresekiko harremanak areagotu egin ziren. Hala, Volkswagenek inbertsio handiak egin zituen automobilaren industrian, Bratislavan; ondoren, PSA Peugeot Citroen eta Kia Motors enpresek ere ezarri zituzten automobil fabrikak[12]. Steel enpresa estatubatuarrak, berriz, Košicekoaltzairugintzako enpresa erraldoian finkatu zuen bere interesa. Haietaz gainera, kimikaren sektorea, ehungintza, eraikuntza eta beiragintza industria-sektore garrantzizkoenak dira. Merkatu-ekonomiara igarotzeko egin behar izan ziren pribatizazio-prozesuek, dena den, arazoak izan zituzten, askotan, enpresa handien berregituraketa korapilatsuekin. 1995etik aurrera, Eslovakiak emaitza onak izan zituen makroekonomiaren ikuspuntutik.