Klase ertaineko nekazari-familia batean hazi zen. Lehen eta bigarren mailako ikasketak amaituta, japoniar konpainia batean hasi zen lanean, bulegari gisa. 1945ean bertan behera utzi zuen lanbide hori, eta negozioen munduan murgildu zen.
Koreako Gerran (1948-1953), korear komunisten jazarpena pairatu zuen, eta erregimenaren etsai izateaz akusatu zuten. Atxilo hartu zuten, eta herio-zigorra ezarri zioten, baina espetxetik ihes egitea lortu zuen. Gerra amaitu bezain laster politikan hasi zen, Syngman Rheek ezarritako erregimen autokratikoari gogor egiteko. Diktaduraren azpian bost aldiz aurkeztu zuen bere burua hauteskundeetan, baina ez zuen Legebiltzarrean aulkirik lortu. 1961ean bai; diktadorea eroririk, legebiltzarkide hautatu zuten, eta lanean hasi zen erregimen demokratikoaren alde, eragozpen handiak izan bazituen ere. Park Chung-heeren agintaldian ere, oposizioan egon zen, gobernuak matxinada politikoak zapaltzeko erabili zituen neurrien aurka zegoelako.
1971ko lehendakaritzarako hauteskundeetan, Kimek, Koreako Alderdi Demokratikoaren izenean, botoen %40 eskuratu zituen, baina Park Chung-heek baino gutxiago, hala ere. 1973an, Tokion zegoela, Koreako Zerbitzu Sekretuak bahitu eta herrialdera itzularazi zuen. 1976an berriro atxilotu zuten, herritarrak erregimenaren aurka matxinatzeko sustatzeagatik. 1979an askatu zuten. Urte horretan bertan, urrian, Park Chung-hee hil egin zuten. 1980ko maiatzean, Gwangjuko Demokraziaren Aldeko Mugimenduaren ondoren, sedizio- eta konspirazio-akusaziopean atxilotu zuten Kim, eta hiltzera kondenatu. Hala ere, nazioarteko presioari esker, 20 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, heriotzarenaren ordez.
1982ko abenduan aske utzi zuten, eta Estatu Batuetara erbesteratu zen. Hiru urte geroago itzuli zen, beraren kontrako giroa baretu zenean. Berriro ere politikan lan egiten hasi zen. 1987an, hauteskunde orokorretara aurkeztu zuen bere burua, gobernuaren aurka zeuden gainerako indar politikoekin elkartuta, baina koalizioa hautsi egin zen, Kim Young-sam hautagai aurkariaren mesedetan. Hala, Kim Dae-jungek gobernuaren politikaren aurkako oposizioaren gidaritza hartu behar izan zuen berriro. 1992an eta 1995an berriz aukeztu zuen bere burua hauteskundeetara, baina ez zuen irabazi.
Azkenean, 1997an, Kim Jong-pilen alderdiarekin koalizioa osatu eta Lee Hoi-chang garaitzea lortu zuen. 1998 eta 2003 urteen artean izan zen Hego Koreako presidente. Urte horietan, Ipar Korearekin adiskidetzeko politika bultzatu zuen. 2000. urtean Bakearen Nobel saria jaso zuen, Kim Jong-il Ipar Koreako presidentearekin elkartu eta baketzeko asmoak aurkeztu zizkion urte berean hain justu. Demokraziaren alde lan egin zuen agintaria izan zen eta oposizio aurrerakoietik presidente izatea lortu zuen lehenengoa. Sunshine Policy izeneko akordioaren bultzatzaile nagusia izan zen. 2000. urtean sinatu zuten hitzarmen hori eta, besteak beste, tentsio militarrak murrizteko, lankidetza ekonomikoaren alde egiteko eta Ipar eta Hego Korea baketzeko abiapuntua izan zen. Koreako Gerran banatuak izan ziren familiak ere berriz biltzeko lan egin zuen.[1]
2003an politika aktiboa alde batera uztea erabaki zuen. 2009ko abuztuaren 18an hil zen, Seulen, pneumonia batek eragindako bihotzekoak jota.[1]