Euskarak azkeneko hamarkadetan aldaketa handiak jasan ditu, artikulu honetan XX. eta XXI. mendeen artean euskarak gizartean, erakunde publikoetan eta bestelako arloetan izan dituen aldaketak aipatuko dira. Gure hizkuntzak mende hauetan izan duen bilakaera bi zatitan banatu dezakegu, zatiketa gauzatzeko, urte jakin bat hartu behar dugu kontutan, urte hori 1979 edo 1980a da, urte horretan bihurtu baitzen euskara, euskaldunak diren hainbat lurraldeetan, ofizial. Urte horren aurretik, aipatutako hizkuntzak milaka eraso eta debeku pairatu behar izan zituen, alde batetik, gobernu frantsesaren politika nazionalistek zuten boterearengatik eta bestetik, Espainiar estatuannazionalismo espainiarrak hartu zuen indarrarengatik.
Euskara hegoaldean
Euskara, historikoki, Euskal Herrian mintzatu izan eta mintzatzen da. Euskal Herriko zazpi probintziak administrazio desberdinen mende daude, horietatik hiru (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) Frantziako Errepublikaren esanetan eta beste lau (Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa Garaia) Espainiar Erresumaren agintzapean. Beraz, gure herriaren historia bi zatitan banatu izan da 1512. urteaz geroztik, Nafarroako Erresuma erori zenean erabaki baitzen lehen aipatu dugun banaketa administratiboa. Hego Euskal Herrian 1979. urtea hartu dezakegu mugarri gisa, izan ere, urte horretan bihurtu zen ofizial.
1900-1931
XX. mendearen hasieran, Euskal Herrian hiri berriak sortzen eta handitzen hasi ziren, hala nola, Bilbo, Portugalete, Donostia, Irun, etab. Hirien sorrerak industrializazioa ekarri zuen XIX. mendearen amaiera aldera. Industriaren garapenak eta lanpostu berrien sorrerak etorkin ugari erakarri zituen gure lurraldeko hiri nagusienetara, bestetik, nekazal-munduan bizi zen jendea ere lan berrien bila hasi zen hirietan.[3] Aipatutako gertakari guztiek ez zioten onik egin euskarari, baztertua izateaz gain, erabilera murrizten hasi zelako jende multzo handiak batzen zituzten guneetan.
Horretaz gain, hainbat intelektual euskararen kontrako ideiak zabaltzen hasi ziren, horren adibide dugu Miguel Unamunofilosofo bilbotarra, haren esanetan, euskaraz ez zuen "gaitasun" nahikorik ingurune edo aro berrira egokitzeko eta beraz, traba bat zen gizartearen garapenarentzat.[4] Azpimarratu beharra dago, mende honen hasierako urteetan eusko abertzaletasunaren ideia zabaltzen hasi zela, Sabin AranakEAJ sortu ondoren. Hau da, bi ideia erabat kontrajarri borrokan zebiltzan.
Hizkuntzaren erabilerari dagokionez, mende honen hasieran euskarak Arabako hegoaldea galdua zuen eta Nafarroako hiztun kopurua murrizten joan zitzaion, Gipuzkoan eta Bizkaian oraindik ere nagusi mantentzen jarraitzen zuen ordea.[5]
1931-1939
1931ekoapirilaren 14ean Espainiar estatuan errotik aldatu ziren gauzak, ustekabean, langileen eta errepublikazaleen mugimenduei esker, Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zen, Madrilen. Aldaketa politiko sakon honek itxaropena ekarri zuen euskal lurraldeetara, alde batetik, egoera ekonomiko eta politikoan hobekuntzak lortuko zituztela uste zutelako eta bestetik, hizkuntzaren eta abertzaletasunaren arloetan aurrerapenak eskuratuko zirela pentsatu zutelako.
Euskararen aldeko lehen erakunde eta ikastolak sortu eta garatu ziren, horien adibide ditugu, Iruñean sortu zen Euskeraren Adiskideak elkartea (1925ean eratua) eta Eusko Ikaskuntza (1918an eratua),[6] gainera, hainbat ikastola sortu ziren Hego Euskal Herri osoan zehar.
Euskarak 1936an ofizialtasuna lortu zuen, Lehenbiziko Eusko Jaurlaritza eratu bezain laster, 1936ko estatutua baliatuz.[7] Ofizialtasun honek urte batzuk baino ez zituen iraun, praktikan, frankistek Bizkaia menderatu zuten arte egon zen abian, baina teorikoki, Espainiar Bigarren Errepublika errenditu zen arte estatutua legezkoa izan zen.
1939-1975
1939an Espainiar Errepublikak gerra galdu bezain laster (1937ko udatik Francoren mende zeuden hegoaldeko euskal lurrak), euskara debekatua eta zapaldua izan zen. Eskola guztiak Elizaren mende geratu ziren, hau da, gaztelera hutsean ematen zitzaizkien eskolak ikasle euskaldunei. Sarritan, kalean euskaraz hitz egitea isun batekin zigortua izaten zen,[8][9] logikoki, ezinezkoa zen edozein erakunde publikoetan euskarazko hitzik agertzea, funtsean, euskara bizitza sozialetik desagertu zen hiri eta herri handi gehienetan.
Gainera, eskoletan modu oso bortitzetan zigortzen zen euskara erabiltzea, ikasleek txiki-txikitatik gazteleraz hitz egin behar zuten bai irakaslearen aurrean eta baita ere beraien ikaskideen aurrean.[10]
Zalantzarik gabe, urte oso gogorrak izan ziren euskararentzat eta euskaldunentzat, hala eta guztiz ere, gure hizkuntzak nekazal-lurretan babesa aurkitu zuen eta hauei esker, bizirautea lortu. Euskararen egoera asko okertu zen urte hauetan zehar, hiri nagusietan, hau da, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean euskararen zantzuak oso txikiak ziren eta jendearen bizitzan erabatean sartu zen gaztelania. Lehen esan dugun bezala, Bizkaiko ekialdean, Gipuzkoako barnealdean eta Nafarroaren iparraldean jarraitu zuen euskarak indartsu.[11]
1975-gaur egun
Francoren diktadura 1975ean amaitu zen eta Gernikako Estatutua 1979an onartua izan zen. Estatutu honek itxaropena ekarri zion euskarari, besteak beste, hizkuntza ofizial bihurtzen zuelako Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban. 1982ko Euskararen Normalizazio Legeari esker, euskararen bilakaerak eta hiztun kantitatearen joerak gorantzko bidea hartu zuen. Jarraian, probintzia bakoitzean euskarak azken urteotan izan duen bilakaera soziolinguistikoa aztertuko dugu.
Araba
Araba euskararen berreskurapenaren eredu gisa hartu dezakegu, duela 40 urte, Aramaio edo iparraldeko hainbat herri salbu, euskara ez zen ia erabiltzen eta jendeak ez zuen aipatutako hizkuntzaren inolako ezagutzarik. Gainera, Araba izan da azkeneko 15 urteetan etorkin gehien jaso dituen euskal probintzia, beraz, euskara berriz ere txertatzea ez da dirudien bezain erraza izan.[12]
Has gaitezen euskaldunen kopuruaren bilakaerarekin, Araban, 1981ean biztanleriaren %4a baino ez zen euskalduna, 30 urte beranduago, 2011ean, biztanleriaren %22,9a zen euskalduna, hau da, biztanleria euskalduna bost aldiz baino gehiago handitu zen aipatutako urteetan zehar. Eskualdeka azterketa bat eginez gero, gaur egun euskaldunenak direnak Gorbeialdea (%37,5 euskaldunak) eta Aiaraldea (%21,9) direla jabetuko gara, erdaldunenak ordea, Añana (%16,2) eta Mendialdea (%20). Eskualde garrantzitsuena Arabako Lautada dugu, bertan kokatzen baita Gasteiz, probintziako hiririk handiena. Bertan, euskaldunak %21,9 dira eta euskaldun hartzaileak %19,6.
Belaunanldi berriei dagokienez, EAEnD ereduak indar gutxien duen probintzia Araba dugu, ikasleen %42,8ak ikasten du euskara hutsean. Eredu elebiduna (euskara eta gaztelania) %32ak hautatzen du eta eredu erdalduna %25,2ak. Hala ere, gero eta gazte gehiagok hautatzen dute eredu euskalduna, izan ere, duela 40 urte, 1982an, biztanleriaren %4ak baino ez zuen hautatzen D eredua.[12]
Bizkaia
Bizkaian euskarak aurrerapauso galanta eman du, batezere, Bilbo eta hiri horretatik mendebaldera dauden eskualdeak gure hizkuntzak poliki-poliki berreskuratu ditu, aipatzekoa da, oraindik ere lan handia dagoela egiteko lurralde horietan, baina egoera hobetuz doa. Bizkaiaren ekialdeak euskarari sendo eutsi zion eta gaur egun ere, Bizkaiko euskaldun gehienak bertan bizi dira.
2011ko datuei erreparatzen badiegu, urte horretan Bizkaian guztira 331.087 euskaldun bizi ziren eta beste 227.103 pertsona euskaldun hartzaileak ziren. Gutxi gorabehera, biztanleriaren %30,3ak euskaraz mintzatzen zekiela esan dezakegu. Datu pozgarriak dira, 1981eko zenbakiekin alderatzen baditugu, garai horietan, biztanleriaren %15,2ak baino ez zekien euskaraz hitz egiten.[12]
Eskualdeka azterketa txiki bat eginez gero, gune euskaldunenak Lea-Artibai (%81,2) eta Busturialdea (%72) direla ikus dezakegu, nahiz eta, bi eskualdeetan ere jatsiera txiki bat egon den azkeneko hamar urteetan. Erdaldunenak ordea, Enkarterri (%21,5) eta Bilbo Handia (%23,1) dira, azken hau, probintziako eskualderik garrantzitsuena da, izan ere, bertan kokatzen da Euskal Herri osoko hiririk handiena: Bilbo. Azkeneko bi eskualdeetan ere goranzko joera eduki du euskarak, probintzia osoan hizkuntza honek izan duen joera jarraituz.
Bizkaiko hezkuntza-sisteman ere euskararen goranzko joeraren hainbat lekuko ikus ditzakegu. Euskal Herriaren mendebaldean dagoen probintzia honetako ikasleen %56,1k euskara hutsean ikastea erabaki zuen 2011ean, %22,4a eredu elebidunean matrikulatu zen eta %21,6a eredu erdaldunean.[12]
Gipuzkoa
Azken mende hauetan, Gipuzkoan bizi izan da euskaldun kopuru handiena, diktaduraren garai gogorretan euskara ondoen mantendu zen probintzia dugu, batez ere, hegoaldeko zein erdialdeko herrietan hitz egiten da gehien euskara, baina hiri handienetan ere, hala nola, Donostia, Irun eta Eibar, euskarak azken urteetan indarra hartu du.
2011ko datuei begira, Gipuzkoan guztira 348.899 euskaldun bizi ziren eta 110.987 pertsonak euskara ulertzeko gaitasuna zuten edo hizkuntza hau ikasteko ahaleginetan zebiltzan. Beste modu batean esanda, biztanleriaren erdia baino gehiagok zekiten euskaraz hitz egiten (%52,6), elebidun hartzaileek biztanleriaren %16,7 ordezkatzen zuten eta erdaldun elebakarrek %30,6a. Gipuzkoa da proportzionalki aldaketa txikiena jasan duen lurraldea, 1981ean biztanleriaren %40 ingurua zen euskalduna eta 2011ean, lehen esan dugun bezala, %52,6a.
Eskualdeka, hiztun-ehuneko handiena duena Urola-Kosta dugu (%76) eta ondoren, Tolosaldea (%70,6). Lurralde erdaldunenak ordea, Bidasoa Beherea (%40,3) eta Donostialdea (%43,4) dira, azken hau dugularik probintziako hiriburua barneratzen duena.
Aurreko datuetan bezala, Gipuzkoa dugu nagusi euskaraz ikasten duten ikasleetan ere. Probintzia honetan ikasketak egiten dituzten pertsonen %75,8ak euskara hutsezko eredua hautatzen du (D eredua), %14,6ak eredu elebiduna edo B eredua eta %9,6ak eredu erdalduna edo A eredua.[12]
Nafarroan gauzak ez dira aurretik aipatu ditugun hiru probintzietan bezalakoak. Nafarroan euskara ez da ofiziala hainbat lurraldeetan eta Euskararen Foru Legeak ezartzen du zein herrietan jaso daitezkeen zerbitzu publikoak euskaldunon hizkuntzan. Hiru zonalde daude, alde batetik, euskalduna (probintziaren iparraldean zabaltzen dena), bestetik, mistoa (Nafarroaren erdialdean zabaltzen da, Iruñea hartuz) eta azkenik, erdalduna (Nafarroaren hegoaldea). Zonalde bakoitzean euskarak garapen edo bilakaera ezberdina jasan du, jarraian aipatuko dugun bezala.
Nafarroan, 2016an, 550.000 lagun inguru bizi ziren, hauetatik %76,7 erdaldun elebakarrak ziren, %12,9 euskaldunak eta %10,3 elebidun hartzaileak. Zenbaki absolutuetan esaten badugu, 69.000 lagun inguru baino ez ziren euskaldunak, 55.000 inguru elebidun hartzaileak eta 410.000 erdaldun elebakarrak.[13] Eremuka behatzen badugu lurraldea, eremu euskaldunean biztanleriaren %61,1a da euskalduna eta %13,4a elebidun hartzailea. Eremu mistoan, %11,3a dugu euskaldun eta beste %12 elebidun hartzaile, azkenik, eremu erdaldunean, %2,7a baino ez da euskalduna eta %6,8a elebidun hartzailea. Hiriburua dugu herrialde honetako hiririk garrantzitsuena eta biztanle gehien dituena, Iruñean, biztanleriaren %10,5a euskalduna da eta %11,4a elebidun hartzailea. Betiere, 2016ko datuak ardatz gisa hartuta.
Joerari dagokionean, azken urteetan ikastolek izan duten sustapenarekin eta eremu mistoaren handitzearekin, euskarak biztanle gehiago menderatzea lortu du, hala, azkeneko hogeita bost urteetan elebidunak %3 inguru hazi dira eta elebidun hartzaileak %6, gutxi gorabehera.[13]
Euskararentzat berri pozgarri bat dugu adin taldeka erreparatzen badugu Nafarroako egoera soziolinguistikoa, izan ere, 1991ean 16-24 urte bitarteko gazteen %10ak baino ez zekien gure hizkuntzan, gaur egun (2016), %25,8ak daki. Aztertzen dugun adin-taldea zenbat eta helduagoa izan, orduan eta euskaldun kopuru gutxiago edukiko du. Hala ere, datu hauek ez dira hain itxurosoak euskaraz hitz egiteko erraztasuna behatzen badugu, adin-taldeka, gazteenek gazteleraz erraztasun handiagoa dute hitz egiteko euskaraz baino (%62,6ak hori aitortzen du), zaharrenak ordea (65 urtetik gorakoak), euskaraz hobeto moldatzen dira gaztelaniaz baino (%35,9ak esaten du gaztelaniaz hobeto moldatzen dela).[13] Biztanleriak euskararekin duen erraztasuna azkeneko urteetan okerrera joan da, izan ere, 1991ean euskal-hiztunen %40,6 hobeto moldatzen zen aipatutako hizkuntzan hitz egiten gazteleraz baino, 2016ko datuak begiratzen baditugu ordea, kopuru hori %23,2ra jatsi da.[13]
Joan gaitezen lehen hizkuntzari edo ama-hizkuntzari buruzko datuen bila, 2016an egin zen Nafarroako ikerketa soziolinguistikoaren arabera, biztanleriaren %90,8ak lehen hizkuntza gaztelania zuen eta %6,2ak euskara. Ama-hizkuntzari buruz ari garenean, hiru urtetik beherako haurrek gurasoengandik jaso duten hizkuntza zein izan den esan nahi dugu.[13]
Euskara iparraldean
Euskararen egoera iparraldean betidanik desberdina izan da, zenbait garaietan, bertako egoera hegoaldekoa baino egokiagoa zen arren, ez da inoiz batere samurra izan euskararen biziraupenerako. Ipar Euskal Herrian gure hizkuntza ez da inoiz ofiziala izan, hiru probintzietan agintzen duen estatuaren konstituzioaren arabera, Frantziako hizkuntza bakarra frantsesa delako. Hala ere, hegoaldean Francok edo bestelako diktadoreek euskarari egin zioten jazarpena ezin da Frantziar estatuak hizkuntza honi jartzen dizkion oztopoekin alderatu, kontuan hartu behar dugu, herrialde hau frantses nazionalismoaren mende dagoen arren, estatu demokratiko bat dela.
XX. mendean zehar, euskarak beheranzko joera hartu du Lapurdi, Nafarroan Beherea eta Zuberoan, besteak beste, mundu-gerren ondorioz frantses nazionalismoa indartu egin zelako, insdustrializazioa bertara iritsi eta herritarrak hirietara gerturatu zirelako lan bila (frantsesa ikasiz) eta eskolak betidanik frantses hutsean eman direlako. Azkeneko hamarkadetan, hainbat ikastola, adibidez, Seaska, bertako belaunaldi berriek euskara ikasi dezaten lanean aritu dira.
Lapurdi
Lapurdi izan da azkeneko mendeetan herritar gehien bildu dituen probintzia iparraldean, beraz, burgesia eta langilegoa ere bertan oso indartsu egon izan da. Ipar Euskal Herriko probintziarik aberatsena izan da (gaur egun erebai), bertan egon baitira lanerako aukera gehien sortu izan dituzten fabrika, zerbitzu edo bestelako bideak. Euskal Herrian beti gertatu izan den bezala, Lapurdin ere hiriak sortzeak euskararen galera eragin zuen, gaur egun ere asko nabaritzen dena.
Lapurdi bi zatitan banatzen da soziolinguistika-azterketak egiterakoan, alde batetik, BAM eskualdea (Baiona-Angelu-Biarritz edo Miarritze) eta bestetik, Lapurdiren gainerako eskualdeak. AIpatu dugun lehen eskualdean bizi dira lapurtar gehienak, bertan, biztanleriaren %8,4a baino ez da euskalduna eta %5,7 elebidun hartzailea. Lapurdiren gainerako eskualdeetan ordea, biztanleriaren %23a euskal-hiztuna da eta beste %11,3 elebidun hartzailea.[14]
Nafarroa Beherea eta Zuberoa
Lapurdin industrializazioa indartsu sartu zen baina Euskal Herriaren ekialdean dauden bi probintzia hauetan ez zen berdina gertatu. Landa-gunez josita dauden lurraldeak ditugu Nafarroa Beherea eta Zuberoa, bertan, euskarak indartsu eutsi du bere lekua eta gaur egun ere, duela mende batzuk baino askoz ere ahulago dagoen arren, nagusi izaten jarraitzen du. 2016ko inkesta soziolinguistikoaren arabera, bertako biztanleriaren %49,5ak euskaraz daki eta %13,7a elebidun hartzailea da.[14]
Ikuspegi orokorra
2016an eginiko inkesta soziolinguistikoaren arabera, Iparraldeko biztanleriaren %22,5a elebiduna da eta %8,5a elebidun hartzailea. Azkeneko urteetan egon den euskararen galera moteltzen eta egonkortzen ari dela dirudi, 1996an 56.100 euskaldun zeuden hiru probintzietan (%26,4), 2011ean ordea, 51.100era jatsi zen kopurua (%21,4). 2016an, 51.200 ziren euskaraz mintzatzen zekitenak (%20,5), hau da, lehen aldiz, belaunaldi berrietako gazteek euskaldunen zahartzeagatik sortutako galerak konpentsatu zituzten. 16-24 urte arteko gazte euskaldunen kopuruak goranzko joera du, 1996an %10a ordezkatzen zuten, orain, %18 ingurura igo da kopuru hori.
Erabileran ordea ez dabil hain joera onarekin gure hizkuntza, %1,9ak baino ez du euskaraz gehiago hitz egiten frantsesez baino. Euskaraz oso gutxi egiten dutenen kopurua altua da (%77,2), eta euskararen erabilpenaren joerak ez du azkeneko urteetan gora egiten.
Azkenik, hizkuntzaren sustapenaren jarrerak aztertzen baditugu, euskararen sustapenaren aldekoak kontrakoak baino gehiago dira, %35,3 %17,1aren aurka. Gaia axola ez zaienen kopurua da altuena: %47,5.[14]
Euskararen kale erabilera 2011n
Euskararen kale erabilera jakiteko neurketa bat egin zen 2011n, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan herriz herri eztabaidak entzunez. Emaitzak jarraian ageri diren mapetakoak izan dira. Legenda gisa, esango dugu berde argi koloreak euskararen erabileraren %5a edo baxuagoa adierazi nahi duela, berde ilunak %5-%10 bitartekoa, urdin argiak %10-%20koa, urdin ilunak %20-%30koa, laranjak %30-%50n bitartekoa eta gorriak %50tik gorakoa.[15]