Higanot bihurtu aurretik, segur aski apaiz katolikoa izan zen. 1567ko apirilaren 15ean egin zen artzain, Pauen (Okzitania), eta Nafarroa Behereko Bastida herrira igorririk, hil arte bizi izan zen bertan. Joana III.a AlbretekoaNafarroako erreginak, kalbinismora bihurtu zelarik, bere gortean Elizaren erreformaren aldeko pentsalariei babesa eman zien eta protestantismoa erresumako lurraldeetan barna hedatu nahi izan zuen. Ideia erreformazaleen arabera, testu sakratuak herri xehearen hizkuntzan jarri behar ziren.
Hala bada, erreginak euskarazko eta gaskoizko itzulpenak egiteko bitartekoak eta diru-laguntzak eman zituen. 1563komartxoaren 14an egin zen Bearnoko protestanteen sinodo edo batzarrean, Leizarraga izendatu zuten, euskarazko itzulpena egin zezan. Eredu moduan, Leizarragak Vulgata eta frantsesezko itzulpenak erabili zituen. Lau laguntzaile izan zituela dirudi, bera taldearen zuzendari izanik: Sanz Tartas (batzuen ustez, agian Joan Tartas idazlearen osaba-aitona zena), Piarres Landetxeberri eta Tardetz zuberotarrak eta Joanes Etxeberri lohizundarra, Petit Basque goitizenaz ezagun zena. Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria 1571ko irailean inprimatu zen, Arroxelan. Testamentu Berriaren itzulpenarekin batera, kristauak hezteko testu didaktikoak inprimatu ziren, orduko argitaratze protestanteetan ohikoa zenez.
Idazlanak
Beskoitzeko idazlearen bost liburu hauek daude jasota, guztiak itzulpenak:
Deigarria da, Aita Gurea itzuli zuelarik, Jainkoari hika zuzendu zitzaiola. Haren aurreko euskaldunek halaxe egin zuten, izan ere.
Leizarraga
Gaurko grafian
Gaurko Aita Gurea
Gure Aita ceruëtan aicena, Sanctifica bedi hire Icena. Ethor bedi hire Resumá. Eguin bedi hire vorondatea, ceruän beçala lurrean-ere. Gure eguneco oguia iguc egun. Eta barka ietzaguc gure bekatuac, nola guc-ere offensatu gaituztenér barkatzen baitrauëgu. Eta ezgaitzala sar eraci tentationetan, baina deliura gaitzac gaitzetic. Amen.
Gure Aita zeruetan haizena, Sanktifika bedi hire Izena. Etor bedi hire Resuma. Egin bedi hire borondatea, zeruan bezala lurrean ere. Gure eguneko ogia iguk egun. Eta barka ietzaguk gure bekatuak, nola guk ere ofensatu gaituztener barkatzen baitrauegu. Eta ez gaitzala sar erazi tentazionetan, baina delibra gaitzak gaitzetik. Amen.
Gure Aita zeruetan zaudena, santu izan bedi zure izena. Etor bedi zure erreinua. Egin bedi zure nahia, zeruan bezala lurrean ere. Emaguzu gaur egun honetako ogia. Barkatu gure zorrak geuk ere gure zordunei barkatzen diegun bezala. Eta ez utzi gu tentaldian erortzen, baina atera gaitzazu gaitzetik. Amen.
Kritika
Itzultzailearen meritua da, gehienbat, kritikoek Leizarragaren lanean azpimarratzen dutena. Ezagutzen ditugun haren garaiko idazle bakarrak Bernart Etxepare eta Joan Perez Lazarraga dira. Beraz, ia eredurik gabe jardun beharrak egiten du handi haren itzulpen-lan erraldoia. Erabili zuen eredua berak asmatu zuen. Desberdintasun batzuk aurkitu izan dira itzulpenaren eta testu originalen artean.
Menpeko proposizioak erabili beharrak, hizkuntza erromanikoen erako prosara eraman zuen. Latinaren eragina duten egitura sintaktikoak dira horren lekuko. Dena den, esaldietan, perpaus luze eta laburren arteko jokoan eta orekan maisutasuna erakusten du.
Iparraldeko euskaldunentzat idatzi zuela igartzen zaio. Nafarroa Behereko eta Lapurdiko euskaren ezaugarriak darabiltza, erreformak jomuga zituen euskaldunak horiek baitziren. Testamentu Berriaren amaieran, zuberotarren lagungarri izateko hiztegi labur bat jartzeak, argiago uzten du zein eremutan jokatu nahi zuten, bai erreginak eta bai Leizarragak berak. Bere laguntzaileekin elkarlanean, Ipar Euskal Herriko euskaldunei zuzendutako koiné edo euskara batu bat osatu zuela dirudi, Lapurdiko kostaldeko euskara oinarri harturik. Lapurdiko herrialdea, Nafarroako Erresumaren zati ez bazen ere, ekonomia eta biztanleria aldetik Nafarroa Beherea baino garrantzi handiagokoa zen garai hartako Euskal Herrian. Hortaz, kulturaren alorrean ere erreferentziazko gunea zen. Normala da beraz, Leizarragak bere hizkuntza ereduaren oinarri Lapurdiko euskara hartzea. Federiko Krutwig euskaltzainaren iritziz, euskararen batasuna XVI. mendeaz geroztik lortua zen, eta batasun hori Leizarragak egin zuen.
Hizkuntza jasoaren alde eta itzulpen ahalik eta zorrotzena egin nahian, latinetik hartutako hitz asko darabiltza, euskarazko ordainak baztertuz. Bide kultista aukeratu zuen, beraz. Esate-baterako, giza peskadore idazten du, giza arrantzale idatzi beharrean, eta zena, afari izenaren ordez.
Zahar-kutsua dario Leizarragaren euskarari. Hitzetan berritzaile, baina soinuetan eta morfologian arkaiko; antzinako euskararen arrastoak ohiko dira XVI. mendeko eta aurreko idazleetan, Leizarragaren testuan ere ikusi dugunez. *ezan eta *edin errodun perfektibo zaharreko formak darabiltza, Joan Perez Lazarragak bezala: ilki zedin eta erran ziezon, jeiki zen eta erran zion esanahiarekin, adibidez. Gainera, euskal literaturan oso gutxitan agertzen diren NOR-NORI-NORK motako adizkiak ageri dira, objektu zuzena hirugarren pertsona ez dutenak: gomendatzen zerauzkiotet (nik zu haiei, egungo euskaran behintzat ezinezkoa dena). Adizki horien kasuan, zalantza dago ea Leizarragaren asmakuntza diren, ala benetan herriak erabiltzen zituen.
(Alemanez)Azurmendi, J.: "Die Bedeutung der Sprache in Renaissance und Reformation und die Entstehung der baskischen Literatur im religiösen und politischen Konfliktgebiet zwischen Spanien und Frankreich" In: Wolfgang W. Moelleken (Herausgeber), Peter J. Weber (Herausgeber): Neue Forschungsarbeiten zur Kontaktlinguistik, Bonn: Dümmler, 1997. ISBN 978-3537864192
Intxausti, J. 1995: Leizarraga eta leizarragatarrak (1563-1571) Erreforma-Kontrarreformetako ilun-argitan, RIEV 40/1: 119-160.
Salaberri Muñoa, Patxi: Iturri urdinen bila (Leizarragaren Testamentu Berria eta hari erantsitakoak. - Egan, 2010-1/2, 109-149.
Urbistondo, Ana Mari: Joanes Leizarraga Nafarroan eta Lapurdin XVI. mendean. - Egan, 2009-3/4, 161-170.