1986ko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketakgertakari honen 4. Edizioa izan zen. Abenduaren 1etik 21era arte ospatu zen Zelaitxo aretoan. Hala ere, Izarraitz Pilotalekuan eta Loiolako Gogartetxean ere ekintza eta antzezlan batzuk ere egin ziren. Hain zuzen, ordura arte topaketak Soreasu aretoan ospatu baziren ere, antzerki taldeek segurtasunagatik eszenatoki hobeak behar zituztela argudiatu eta urte honetan Zelaitxo aretoak hartzen ditu topaketak. Agertoki hau izango da topaketen gune nagusia 2001era arte.
Azpimarratzekoa da edizio hau dela lehendabizikoa eskola antzerkiak antolatzen. Ordura arteko 3 edizioetan hutsune hori identifikatu eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean eskola antzerki emanaldiak antolatzen dira.
Gainera, antzerkia gai bezala harturik kongresu bat antolatu zen Loiolako Gogartetxean, honako hitzaldiekin:
Mahai inguruak: "Euskal antzerki egileak eta itzultzaileak", "Euskal antzerkia komunikabideetan", "Euskal antzerkia hezkuntza barruan", "Antzokiak, diru-laguntzak, egitarauak...", "Euskal antzerkia, elebidunen aurrean" eta "Antzerkilarien heziketa".
Debatea: "Antzerki amateurra eta profesionala".
Jardunaldi hauek pisu berezia izan zuten euskal antzerkigintzan eta liburu batean bilduta daude bertan erabakitakoak. Adibidez, euskal antzerki taldeek hilean gutxienez bi aldiz antzeztu ahal izateko antzoki eta aretoak horretarako prestatuta izatea eta horiek hileroko emanaldiak antolatzea, sarrera ordainketa eta cache-aren inguruko erabakiak, dokumentazio eta taller autogestionatua eratzea, antzerkiaren liburu zuria burutzea, etab.
Kartelaren egilea Beatriz Pozo izan zen, lehiaketa bidez.