Uhaitzandi ibaia udalerritik igarotzen da, herrigunea honen eskuinaldean geratzen delarik (zati batzuetan udalerriaren mendebaldeko muga da ibaia). Era berean, Auzet erreka ere igarotzen da udalerritik. Uhaitzandiren ibaiadarrak diren Ibarra (bertara isurtzen diren Ihixart eta Kokostegi errekastoekin batera) eta Ibargonea errekak ere daude udalerrian.
Udalerriak dituen 8,81 km²-etatik 1,08 km² basoz osaturik dago.
Udalerria, Zuberoako bizkonderriaren menekoa zen baroierria izan zen.[2] Abadia laiko hau dokumentuetan 1327an agertu zen lehen aldiz. Jaurerri hau jabez askotan aldatu zen, Lukutze, Armendaritz, Ahetze eta Aintziondoko jaunak izan ziren jabeak, besteak beste. Gazteluak Aphalie zuen izena eta hortik uste da Abadie terminoa jaio zela. 1710ean Zalgizeko Margaritak Uharteko jaunarekin, Gabriel, ezkondu zen, era honetan bere jabetzak familia horrenetara lotuz.[3]
Zuberera da udalerriko berezko euskalkia. Luis Luziano BonapartekAtharratzeko azpieuskalkian kokatu zuelarik herriko hizkera. 1968an, 205 euskaldun bizi ziren udalerrian, herriguneko biztanleen %80 eta sakabanatuen %90.[8]
2010ean egindako inkesta baten arabera herritarren erdia baino gehiago euskaldunak ziren, zehazki %56,35a, hala era euskararen erabilera %23,97an mantendu zen.
Literatura
Arnaud Oihenarten olerkietan atzeman daiteke olerkari famatu zalgiztar bati erreferentzia[9], Zalgizeko Bertrand, nahiz eta bere jatorriko testurik ez den gordetzen gaur egun. Bertrand, higanota bera, kontseilari izan zen 1597an Nafarroako Kantzelaritzan eta 1608 eta 1627 artean, orduan Pauen zegoen Nafarroako Erresumako parlamentuko kide.[10]
Zalgizeko gazteek 2004an[11] eta 2014an[12] antolatu zituzten maskaradak, Iruriko gazteekin batera. Horrez gain, zalgiztarrek 1921ean eman zituzten maskaradak[13].