Herrialdea 29 atoloiz eta 5 uharte bakartuz osatua dago. Atoloi eta uharte nagusiek bi talde osatzen dituzte: Ratak Katea ("Egunsenti Katea") eta Ralik Katea ("Ilunsenti Katea")
Marshall Uharteek Wake Uhartearen gaineko kontrola eskatzen dute, egun Estatu Batuen kontrolpean dagoen arren. Gobernuak Enen-kio erabiltzen du uhartea izendatzeko.
Klima
Klima beroa eta hezea da, euri garaia maiatzetikazarora. Uharteek tifoiak jasaten dituzten noizbehinka. Pazifikoko tifoi asko Marshall Uharteetan sortzen dira eta haziz doaz mendebalderantz doazen heinean, Mariana Uharte eta Filipinetarantz.
2007ko martxoaren 21ean, Marshall Uharteetako gobernuak larrialdi egoera adierazi zuen, lehorte handia zela-eta. 2008ko abenduan, olatu bortitzek, itsasaldi handiekin elkartuak, Majuro hiriburuan uholdeak eragin zituzten.
Historia
Ezer gutxi ezagutzen da uhartediaren historia goiztiarraz. Mikronesia osoan zehar bezala Hego-ekialdeko Asiatik abiatutako migrazio-olde batzuek ekarri zuten biztanleria uhartedira orain dela 3.000 urte gutxi gorabehera.
Lehen europarrak; Salazar euskalduna
Marshalletara heldu zen lehen europarra Alonso Salazar ustez euskalduna (datu zehatzagorik ezean Enkarterrikoa zela uste da) izan zen, 1529an.
Hurrengo aldi luze batean ez dugu informazio askorik eta egun daramaten izena 1799an uharteak bisitatu zituen John Marshall esploreatzaile ingelesagatik daramate. Denbora horretan Espainiak berarentzat eskatu zituen eta 1874an eskaera hori berriztatu zuen.
Ozeaniako eskualde honetan presentzia handia zuen Alemaniak ere berarentzat nahi zituenez, azkenean 1885eanAita Santuaren bitartekaritzarekin Espainiak aldarrikatzeari utzi zion, konpentsazio ekonomiko baten truke. Hortik aurrera Alemaniak protektoratu bat ezarri zuen eta merkataritzan aritzeko gune batzuk antolatu zituen Jaluit eta Ebon uharteetan; batez ere kopra salerosten zuten. Uhartediko Iroj edo buruzagi nagusiek agintean segitu zuten, alemaniarren zeharkako administrazio kolonialarekin batera.
Etnikoki eta hizkuntzaz, etnia mikronesiar berekoak dira Marshall uharteetako jatorrizko biztanleak. Uharte bakoitzak badu bere izena, baina ez daukate uhartedirerako hitz jatorrizkorik, Ṃajeḷ esaten diotelarik herrialdeari, Marshall hitzaren ahoskera beren hizkuntzan. Era berean marshallera hizkuntzari Kajin M̧ajeļ esaten diote, baina Ebon izena ere erabiltzen da. Hizkuntza honek bialekto bi ditu: Rālik (mendebaldekoa) eta Ratak (ekialdekoa), elkarrekin ulertzeko modukoak[2].
Tradizionalki klase-banaketa zuen herria ziren. Iroji buruzagi eta lurjabeen aristokrzia bat zegoen, bakoitzak klan zenbait gobernatzen zituelarik; gero klan bakoitzeko buruzagiak alap direlakoak ziren, eta azpian, lurra lantzen zuten langileak, rijerbal klasea. Iroji direlakoek badute, kontseilu aholkulari baten bidez, esatekorik estatuko administrazio egituran[3].